viernes, 20 de julio de 2007

Summercasera joan ginenekoa (II)

Hurrengo egunean, nahi baino gutxiago lo eginda, modernoarenak egiten jarraitu genuen Bartzelonan, Summercase jaialdian.Arratsaldez heldu ginen, 19.30ak inguruan. Orduan The Sunday Driversen kontzertua amaitzen ari zen. Bi abesti inguru gelditu ginen, eta soinu oso polita atera zioten eszenatoki handiari. Aukeratu beharra zegoen, eta Miqui Puigekin gelditu ginen. Bai, Factor X programa nazkagarriko epaileetako bat da, baina kondaira bat da, edo hobeto, Los Sencillos kondaira bat izan ziren, eta Miqui Puig zen Los Sencillosen arima.

Baina gau hartan masak adoretzen zituen maniki bat baino ez zirudien, jendearen mirespenean itota. Ez gara kritika hutsekin hasiko: soilik esango dugu tipo honek gure errespetu guztia merezi zuela kontzertua ikusi aurretik.

Soulsaversen ordua zen, Mark Lanegan handiarekin (Screaming Trees taldekoa, beste hainbat proiektuetaz gain) diskoa grabatu eta zuzenekoetara ere ekarri zutelarik. Lehenengo abestia amaitzerakoan igo zen hau eszenatoki gainera, eta jendearen txalo, oihu eta neurtu ezinezko emozioaz jabetu gabe, esku batekin mikrofonoaren oina hartu, bestearekin mikroa bera, eta abesten hasi zen, bere kasuan ohikoa den tonu monokorde, ozen eta batere intentsitaterik gabekoa. Edo batzuen ustez, sentimendu gehiegi jartzen omen dio Laneganek, eta bere ahots urratuak barruak nahasten omen dizkio jendearik. Niri ez.

DJ Shadow ikustera joan ginen anfiteatrora. Nahiko nekatuak geunden jada, eta agian horregaitik edo agian horrelako sesioetara ohituta ez gaudela, aipatutako DJ-aren sesioa aspergarria iruditu zitzaigun. Hip-hop dosi handiak izan zituen, baina baita funk eta soula. Dibertigarria ere DJa mahai luzearen albo batetik bestera joaten ikustea. Halere, ez genion ordu erdia ere eskaini, izan ere Jarvis Cocker handiak emanaldia hasia zuen jada karpa-krematorioan. Sufrimendu gehiegi barrurarte sartzeko. Lastima beranduegi heldu ginela, eta azkenengo abestia entzuteko aukera izan genuen soilik, baina hori bai, jaialdiko momento gogoangarrienetarikoa izan zen: Eye of Tiger! Survivorren abesti mitikoa, Rocky sagako abesti ezagunena Pulp taldeko abeslariaren ahotsean! Sekulakoa…

Jada ez zeukan zentzu handirik albo batetik bestera ibiltzen egotea, oinek ez baitziguten erantzuten. Azkenak ematera The Gossip taldea ikusten gelditu ginen krematorioan, eta eskerrak. Ikusi hemen nola hasi zen kontzertua, nola amaitu zen imajinatu beharko duzu. Izugarria abeslariaren botere bokala, eta izugarria ere bere inplikazioa showarekiko. Ez zen gelditu! Eta jendeak eskertu zuen, noski. Gero OMDren kontzertua zetorren, batzuen ustez jaialdiko kontzertu interesgarrienetarikoa. Ezjakintasuna zer den: galdu egin genuen. Electralanen kontzertuan sartzen ere saiatu ginen, baina ezinezkoa izan zen, karpa txikian ezinezkoa zen jada.

Air frantsesen emanaldia ikustera joan ginen, behar baino espektatiba gehiagorekin. Daf Punk edo antzeko talde frantsesen antzeko zeozer espero genuen, dantzagarria. Baina ez zen horrelakorik egon, funky-dance doinu lasaiak, nahiko aspergarriak. Edo ez behintzat horrelako jaialdi batetarako aproposak. The Jesus and Mary Chain galdu genuen, hobeto, jakinda Scarlett Johansson handik zebilela eta eszenatokietara igotzea gustatzen zaiola jakinda.

Baina Kaiser Chiefs ezin genuen galdu, nahiz eta gorputza lo genuen jada. Last Minuteko lagunek (gure lagunak baino Javier Sardaren lagunak direla esango nuke nik) jarritako sofa handi batzuetan egon ginen lasai asko, kontzertua urrutitik entzuten, baina gustora. “Everything is Average Nowadays” eta hit guztiak azkarregi erre zituztelaren sentsazio handiarekin, baina pozik, kontzertu kitarrero bat ikusteko gogoa baikenuen.

Gaua Chemical Brothersekin amaitu zen, baina hiru abesti edo iraun genuen (justu momentu hau heldu arte). Proiekzioak? Sekulakoak. Muntaia? Espektakularra. Hit-ak? Asko. Baina hortik aparte, ezer kontatzeko.

Nekatuegiak geunden jarraitzeko, eta gaztelaniaz esaten den bezala, garaiz egindako atzeraldia garaipen bat izan daiteke. Bi ordu gelditzen zitzaizkigun, Bartzelonako beste puntan zegoen hostalerarte.

Datorren urtean ikusiko dugu: Madril edo Bartzelona? Mmmmmmm…..



Oharra: youtube-n jaialdiko kontzertu gehienen bideoak daude, kuriositatea badaukazu badakizu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario