miércoles, 19 de septiembre de 2007

Lost in the superbookmarket

Nire maniak ditut liburuekin, mundu guztiak bezala. Grabea? Ez, ez gehiegi, baina tira. Eguraldi aldaketak eragiten dit antza, batez ere irailean, eta azken urteetan beti gauza bera gertatzen zait: edozein liburu hartu, begiratu, lardaskatu, utzi, ostera hartu eta azkenerako, zarakatua eta maiztua itzultzen dut atzera apalera. Ezin irakurri. Idazle batenak salbu: Pio Baroja. Bera da hilabete osoan lasai hartu dezakedan bakarra. Klimaren kilimak.
Zorionez, on Piok bibliografia zabala utzi zuen eta beharko ditut beste hamaika irail, eskribitu zituen guztiak irakurri nahi baditut.

Edo ez. Lehenago aurkitu egin behar.

2007. urte honetarako Barojaren zein liburu irakurriko pentsatzen aritu naiz azken asteotan. Txalaparta argitaletxeak duela hilabete batzuk berrargitaratu zuen El País Vasco irakurtzeko deliberoa hartua nuen, besteak beste Alberto Barandiaranek duela hilabete batzuk Berrian idatzitako artikulu batek animatuta (beste baterako utziko dugu interes politikoak tarteko liburuak zikiratzen dituzten argitaletxeena).

Joan naiz bada Bilintxera... barka, Elkarrera... Megadendara... Beno, Donostiako Fermin Calbetonen dagoen liburu dendara (jabetzen ote dira horrelako izen aldaketek sortzen duten psikosiaz? Horretaz ere beste batean ariko gara again, agian).

Joan naizela, joan naizenez eta bila hasi. Aldatua aurkitu dut superbookmarketa. Liburuak, lehen argitaletxeka antolatuak, orain ordenalfabetix-ean zeuden. Ez zait gaizki iruditu.

Hasieran.

Nobela, poesia, saiakera... eta literatur genero berri bat: Euskal Gaia. Hau da, gaztelaniaz kaleratutako argitaletxeen liburu guztiak generoka eta ordena alfabetikoan aurkitu ditut, eta beste atal batean, ardurazko distantzia mantenduz, euskarazko liburuak gehi Euskal Herriko argitaletxeenak.

Aizkorakada horretatik bi ezpal eta zotz batzuk:

1- Galdera: Non sailkatu Euskal Herriaz erdaraz aritu diren idazleak? Barojaren bila hasi eta beste edizioak erraz aurkitu baditut ere (Cátedra, Espasa eta abar, tartean Zalacain el aventurero, "Euskal Gaia" inondik ere) ezinezkoa izan zait Txalapartakoa aurkitzea eta atzera eta aurrera ibili behar izan dut, "Nobela" sailetik "Euskal Gaiak"-era, "Euskal Gaiak"-etik "Nobela"-ra. Horrela ixteko ordura arte, bidean hilabete honetan irakurri ezingo ditudan (gogoratu mania) bi liburu hartuz. Ondorioak:
a) Ez da praktikoa.
b) Supermerkatuetako kutxen ondoan txikleak jartzearena da hau. Bueltaka-bueltaka azkenean behar ez dena ere erosi egiten da.

2- Literatura ereduaz, kanonaz eta bestelako hitz totem eta tabuez hainbeste ari garen honetanotu zait liburu denden politikaz ere berba egitea ez legokeela gaizki. Euskal argitaletxeetako arduradunei galdetzea, adibidez, zer iruditzen zaien kaleratzen duten guztia "Euskal Gaiak" atalean bai ala bai sailkatu behar hori, izan zientzia fikziozko nobela, poesia pornografikoa ala mahai herrenaren luzapen ortopediko izateko sortutako hiztegia. Hizkuntzarengatik bakarrik edo hemen argitaratuak izateagatik bakarrik. Ze Atxagaren nobelak, espainolera itzulita, "Nobela" atalean aurkitu ditut.

Baina euskaraz bada, beti da "Euskal Gaia".

Jar gaitezen orain erosle arruntaren lekuan. Liburu bat gomendatu diote, demagun Paul Austerren azkena edo Woody Allenena. Demagun biak (New Yorkek merezi duelako, zer arraio). Joan da dendara eta hara non aurkitu dituen: Viajes por el scriptorium mendebaldean, Dans le scriptorium ekialdean; Anagrama mendebaldean, Actes Sud ekialdean; eta bigarrena: Pura anarquía, Tusquets, mendebaldean; L'erreur est humaine, Flammarion, ekialdean. Erosi eta etxera abiatu da.

Alfer alferrik aritu al dira kasu horietan Alberdania eta Meettok euskarazko itzulpenak erdaretakoekin batera kaleratzeko eginahaletan? Euskal irakurleak derrigorrez militantea izan behar al du, eta badaezpada "Euskal Gaiak" atalera joan, itzulpenik ba ote dagoen ikusteko? Ez al litzateke logikoagoa nobela atalera joan eta bi liburuak, erdarazkoa eta euskarazkoa batera aurkitzea?

Ez bakarrik argitaratu berri diren itzulpenekin. Zergatik Hernani eta Les Misérables-en ondoan ez dut Idi orgaren karranka aurkitu behar? Nola jakingo dut Graham Green-en The third man euskaraz aurki dezakedala?

Hori itzulpenen kasuan. Zer esanik ez jatorriz euskaraz idazten direnekin. Zer gaitz dute euskal idazleek bada, beste hizkuntzetakoekin ez nahasteko? Zergatik ezin dut aurkitu Updike-ren alboan Urrutikoetxea? Horrek euskarazko literaturari fabore arola egiten diolakoan nago. Ikustezin egiten du, edo behintzat desberdin.

Arraro.

Ez-normal.

Ez al zaizue iruditzen?

10 comentarios:

  1. Koño Dasanza, aspaldikoa.

    Eee... kontra, Gorka, ni kontra (badaezpada).

    ResponderEliminar
  2. erabat ados, eta batez ere, akort naiz zure testuarekin, On Bereziartua.

    Bada garaia euskal izenez zorabiatzen gaituzten kontsumitzaileok errebelatzeko. Ohar gaitezen: megadendak mikro bihurtzen gaitu. ELKARrekin pilatu nahi gaituzte, "begira, baskoak!" esateko moduan, mesede egiten digutelakoan.

    Ai... euskal liburu eroslearen malurak...

    ResponderEliminar
  3. Megadenda zaharrak ere bazituen perla batzuk. "Musika estatal" etiketa lekuko. Bertan zeuden Andres Calamaroren diskoak (Argentinako estatuari egingo zion erreferentzia) eta Habeas Corpusenak ere (jakingo balute beren musika "estatal" dela, je).

    ResponderEliminar
  4. Neu ere iritzi berekoa naiz. Holako bereizketak euskararen kalterako dira beti, zerbait kutsakor eta arriskutsua balitz legez, edo besteen pare egotea merezi ez duena. Zokoratuta. Kontu bera musikarekin (eta maiz ikustekoa da zer dagoen euskal musikaren artean!!! Reincidentes andaluziarrak ere topatuko dituzu, edota Banda Bassotti italiarrak, seguruenik euskal rock erradikalarekin antza dutelakoan edo). Gure herrian oraindik ere gehttoan bizitzera kondenatuta. Dendak solairu bat baino gehiago daukanean, jakina, "Euskal Gai" delakoak inoiz ez daude erosoenean, beti eskailerak igo edo jaitsi behar, ondo baztertu irakurle "normalengandik", mesedez! Potroetaraino! Eta ez mabil musikaz, oraingoan :-P

    ResponderEliminar
  5. Egi potoloa my friend... porkulo emoten dauana, ta zuk esan dozun bezala, ezinezkoa da bilatzera zoazena aurkitzea, ez bada, sartu eta zuzenean galdetzedra ez bazoaz... ze nazka emoten dauan guzti horrek. Eta weno, bytheway, gaztelerari espainol deitzeak azkure pixkat emoten dau, ezta?

    ResponderEliminar
  6. Espainiako hizkuntza espainola da nik dakidala. Hizkuntzaren akademia ez da "Real Academia de la lengua Castellana", "Real Academia de la Lengua Española" da.

    Azkurea diozu? Eta "gaztelera" azukrea!

    ResponderEliminar
  7. Mmm azken aldian Eremu Lauakek geldotasun tamalgarria bizitzearekin batera, asko egiten du Elkar inperio kulturalaren kontra... Itxura txarra hartzen diot honi. ;-)

    ResponderEliminar
  8. Patxi, ez al zara gogoratzen ikastolako tetsu liburuak nork editatzen zituen?

    ResponderEliminar
  9. Joño, ba ez dut gogoan, baina agian Elkar zen? ...

    ResponderEliminar
  10. Birus bat naiz, abiso.

    Igandean, buruz buruko gogoangarria!!!

    http://kevinheredia.mundua.com

    Kontuz, kutsakorra naiz.

    ResponderEliminar