viernes, 28 de septiembre de 2007

Zinemaldira joan nintzen eta ez naiz damutzen

Hau ez da zinema aditu baten testu bat, honek road-movie baten itxura handiagoa hartuko duelakoan nago. Asuntua da Zinemaldian egon ginela, gure lehenaldia, bataioa genuen Donostiako urteko ekitaldi sozialik garrantzitsuenean. Eta hasiberriei gertatu ohi zaien bezala, guk ere ordaindu genuen.Ostirala, Bilbo inguruko ospe handiko eskola batetik abiatzen gara, Donostiarako bidean. Sarrerak Internet delako lanabes zoragarriaren bitartez eskuratu ditugu. "Ez fisikoki", esan nion lagunari. "Nola ez fisikoki?". "Joder, ba erosi-erosi ditudala, baino sarrerak oraindik ez ditudala" "eta ezin izan dituzu hartu, fisikoki edukitzeko?" "Ba dirudienez Kutxan jaso behar dira. Bi minutu dira bakarrik!". "Espainol bi?" "Ez zegoen ia sarrerarik, zer nahi duzu?"Denboraz larri gabiltza, egia da, eta gainera A8 marabillosoak bere ilara famatu horietako batekin agurtzen gaitu, Itziarreko gasolindegiaren parean. Hori bai, Zarautzeko parean "7,10" azaltzen digu langile euskaldun itxurako batek. "Baina nola, bi ordu Bilbotik Donostiara eta gainera ordaindu behar?", hau pentsatzen dut, ez dut esan. Ez dut lotsagabea iruditu nahi.

Beno, ba heldu gara Donostiara azkenean, Pasai Antxoko etxetik pasatu gabe. Jatekoa ustelduko zaigulakoan gaude, baino zer egingo diogu... Aparkalekuagatik ere ordaindu beharko dugu, baina urtean behin da hau, ze demontre!

"La Linea Recta" deitzen zen ostiraleko filmea. Principe aretoetan. Espainola, bai, zer gertatzen da? Aurretik aipatu dut sarrera oso gutxi gelditzen zirela, film interesgarri gehienak (bai, bazeuden) agortuta zeuden. Filmak esperimentazio zantzu batzuk azaltzen zituen, komunikazioaren inguruko hausnarketa bat zela esan zigun zuzendariak. Beno, hori sekulako ilara bat egin ostean.

Filma ez zen txarra. Baina ez zen sekulakoa. Ez zegoen istoriorik. Noelia deituriko gaztea zen protagonista. Gasolindegi batetan egiten du lan gauetan. Filme osoan monosilaboak baino ez ditu esaten (bai, ez, ez dakit), suposatzen da gizartetik at sentitzen dela. Sagar bati azala kentzen badio, zuzendariarentzat ez da nahikoa planoa 5 segundutan uztea, ezta 10 segundutan ezta ere. Sagar OSOAri azala kendu ostean (eta ezer esan gabe, bi minutu inguru) jaten hasten da. Zatika-zatika, eta inolako estutasunik gabe. Isiltasun momentu gehiegi. Gainera, ez-ahozko komunikazioak ez zigun gehiegirik esaten, interpretazioa erdipurdikoa zen. Ez ginen pasearen osteko hitzaldi-kolokiora gelditu. Ia guztiak joan ginen, elkarri begira. Edo ez dugu ezer ulertu edo zuzendariak ez digu nahi zuena transmititu. Bigarrenarekin aukerari jarri genion "tick".

Hurrengo egunean beste film espainiar bat ikusi genuen. Honek bazuen istorioa, baina mila aldiz ikusi duguna. Familia baten arteko komunikazio arazoak, sexua, desleialtasuna, hiltzen diren familiartekoak eta horrek sortzen duen etsipena... Nancho Novo zen protagonistetako bat, baina bere ohiko erregistrotik urruti. Hori eskertzekoa behintzat.

Ez dakigu zer gehiago esan... azkenengo egunean, larunbatean, Richard Gere ikusi genuen. Beno, gezurra da. Urumearen beste aldetik flashak ikusi genituen, hori da guztia. Baina Zinemaldiaren hesteak ikusi genituen: Kursaal inguruan duten lokalean egon ginen, bobinak albo batetik bestera eramaten dituzten (eta muntatzen dituzten) lokalean hain zuzen ere.

Beno, hori eta euria egin zuen. Eta Donostian sekulako hotza egiten duela. Gauetan batez ere. Eta parranda eskasa dagoela, alde zaharrean tabernetara joateko flyerrak ingelesez eman zizkiguten. "2X1" unibertsala edo "Realaren partidak botatzen ditugu pantaila erraldoiean" non gelditu dira?


Oraindik uste dut badagoela zeozer ikusteko aukera. Bihar amaitzen da glamourrarekin zita.

2 comentarios:

  1. Zinemaldira etorri izandako bizipenak izateko... Horretarako hobe zenuen Bizkaia aldean geratu. Horrela sortzen ziren Amaran ilarak... kanpotarrak etorrita. Bi pelikula ikusi ta biak, hortxe hortxe... Nabari da bai kanpokoa zarela, nahiz eta Donostiarrismo apur bat barneratu. Emotasunaz gain. Horrela es mutiko. :)

    ResponderEliminar
  2. Spam, nik ez zaitut iraindu! Attu!!! ... http://www.herrikoburdina.net | http://www.herrikoburdina.net | http://www.herrikoburdina.net

    ResponderEliminar