domingo, 20 de febrero de 2005

KARATE + YAKUZI (AZKENA BILBO 05/02/19)

Ikusmin handia sortu zuen Karate taldearen itzulerak Euskal Herrira hiru urte eta gero. Eta ez zuen inor hotz utzi. Yakuzi talde durangarra telonero moduan eduki zuten Bilboko Azkena aretoan, gerora Europa osoan murgilduko dien bira honetan.Jende ugari bildu zen larunbatean Yakuzi eta Karate taldeen kontzertura. Lehenengoak aski ezagunak ditugu: Durangaldetik datorren talde gaztea dugu, Pause Music diskoetxe espainiarrak ekoiztutako disko berria besapean dakartelarik: Ibai Lehorretan Itota. Tristea gero hauen kasua. Euskaraz abestu (gutxi, baina euskaraz) eta bertan egindako kasu eza ikusita, kanpora begiratu behar. Disko bikaina halere, kantu borobilez eta giro inguratzailez beteta, sortutako atmosfera iradokitzaileak edonora garraiatu zaitzakeela dirudi. Eta zuzenekoa ere bikaina, hasieratik amaieraraino gozarazten dizun horietakoa. Azkena aretoan bildutako kanpotar jende ugaria harrituta gelditu zen, "euskaraz abesten dute!" entzun zitekeelarik ("eta?" galdetu nion neure buruari). Ezin kexa daitezke Karatekoak horrelako taldeak giroa berotzen edukita, larunbatean Yakuzi eta ostegunean Ainara Legardon Madrilen. Ordubete eskas iraun zuen Durangarren ikuskizun bikainak, ziztu bizian pasa zena, esan beharrik ere ez dago. Jendea asebete zuen, txalo zaparrada jasoaz.


Eta orduan, 1,90 neurtzen zuen tipo bat aurrean jarri zitzaigunean (zergatik beti aretoko pertsonarik altuena aurrean jartzen zaizu?) hasi zen Karate, gaueko izarrak, jendetza hura erakarri zuen taldea. Eta ez ziguten hutsik egin, nahiz eta egia esan behar bada, beste gauza bat espero nuen. Agian ikuskizun "emo"-agoa espero nuen, nahiz eta azkeneko bi lanen ildoa ikusita (batez ere "Pockets") jazzarekiko atxikimendu latza adierazten duten. Hasierako diskoetako kantuak albo batera utzi zituzten, batez ere kontzertuaren lehen partean, eta kontzertua aurrera zihoan heinean emozionaltasunak bere lekua eskatu zuen, garai bateko kantuak berreskuratuz, jendearen gozamenerako. Publikoa irabazita zeukaten aldez aurretik 90. hamarkadako kantu emozionalekin, ingurura begiratzea baino ez zegoen: hardcore usaina zen nagusi bertan.


Boston-eko hirukoteak kontzertu borobila eskaini zuen esan bezala. Ordu t'erdi inguru egon ziren taulagainean kontzertua amaitutzat eman zutenean, baina publikoak berriz igotzea eskatu zien. Eta hala egin ere. Inprobisazioari ekin zioten maisuki, musika munduan urte dezente daramatzan jendeak egin dezakeen bezala. Horrela amaitu zen larunbat gaueko kontzertua, Bilbon errepikatzeko zaila izango den ikuskizuna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario