domingo, 20 de febrero de 2005

METALITERATURA(*) GUREAN

Metaliteratura dugu XX. mendean erruz erabili den baliabide literarioetako bat. Jakina da postmodernitatearen etorrerarekin egitasmo positibista oro zapuzturik (edo modatik at, bederen) geratu zirena, horien barne sorkuntza artistiko eta literarioa genuinoaren ahalbidetasuna. Abangoardiak dekretatu zuen ezin zela idazle jainkotiar haiei inspirazioa noiz etorriko esperoan etengabe geratzea. Orijinaltasun klasikoa inozokeria bat zen eta sorkuntza literarioa ondare kulturalean (eta, jakina, literarioan) oinarritzea beste erremediorik ez zen geratzen. Metaliteratura sormena ulertzeko beste modu honi atxikitzen zaio eta bere ordezkari behinenak Jorge Luis Borges eta Ezra Pound/T.S Eliot bikotea ditugu, Borges narratibaren eta Pound nahiz Eliot poesiaren baitan.Gurean, halabeharrez-edo, idazle horien jarraitzaile sutsu izan ziren Pott Bandako kideak ditugu metaliteraturaren aldeko apustu garbia egin zuten lehenak (aipagarri da, halere, Gabriel Arestik lehenago ere metaliteratura egina zuela, batez ere bere aurreneko poemetan(**)). Atxagaren Etiopia metaposiaren adibide paradigmatikoa dugu, Sarrionandiaren intertestualitatea edo metaliteraturarako joera ezaguna da (adibide garbienetako bat "Enperadore Eroa" genuke) eta Jon Juaristik ere metaliteraturaren bidea hartu izan du sarritan. Adierazgarria da, bestalde, gure inguruko literaturetan metaliteraturak duen arrakasta; bereziki literatura hispanoamerikarrean (Enrique Vila-Matas, Leopoldo Mar?a Panero, Roberto Bola?o, Italo Calvino, Jos? Guti?rrez...). Honen arrazoia azaltzeko, Borgesen obraren eraginaz hitz egin dezakegu besteak beste, baina hori beste kontu bat da. Areago, mundu hispanoamerikarretik kanpo ere metaliteratura jorratzen duten aski adibide topa daitezke, azken bi literaturako Nobel Sariak esate baterako, JM Coetzee eta Elfriede Jelinek. Esan daiteke beraz, gaur egun metaliteratura landu, lantzen dela, eta interesgarriagoa dena, esperimentazio huts gisa baino sormeneko elementu lez erabiltzen dela gehiago. Atxagak esana da Borges dela metaliteraturako hamar liburu idazteko gai den autore bakarra; hortik aurrera ezin da metaliteratura, literatura ona egingo bada, tresna esperimental-mekaniko antzu bihurtu; honen aurrean, sormenaren makineria orokorraren eskura jarri beharko da. Gaur egun zentzu hau hartzen du arestiko autoreek jorratzen duten metaliteraturak. Jakina, ez da konparagarria Vila-Matas baten eta Jelinek-en obraren karga metaliterarioa, baina ezin esan genezake (ezta gutxiagorik ere) metaliteratura era obsesiboan jorratzen duelarik ere, Vila-Matas Borgesen kopia hutsa denik. Ausartuko nintzake esatera egungo idazle interesgarrienen ehuneko handi batek metaliteratura jorratzen dutela, edo jorratu izan dutela.


Esan izan da euskal literaturan esperimentaziorako joera berezia egon izan dela betidanik, nik egiazki, nire zalantzak ditut, baina metaliteraturari dagokionean bederen, honen erabilera eskasa egin dela nahiko nabaria da. Gure literatura ttipi eta estu honetan denetarako tokirik ez dagoela aitortuta ere, elementu metaliterarioen erabilera oso urria egin da azken aldian. Bestalde, egiten denean ere arrakasta handiegirik ez du izaten, ez irakurlego kopuruari dagokionean, ezta sariei dagokionean ere. Azken aldian metaliteratura gehien jorratu duten euskal idazleak Iban Zaldua eta Ur Apalategi izan daitezke eta ez bata eta ez bestea ez dira euskal literaturan idazle nagusi eta arrakastatsuen artean kokatzen. Poesian aztarnak baino aurki ez daitezke azken urteetako argitalpenetan (Harkaitz Cano Norbait dabil sute eskaileran; Kirmen Uribe Bitartean, heldu eskutik; kasualitatea-edo, azken urteetako poema libururik interesgarrienak, nire ustez), ez dago poetarik, momentuz, metaliteraturaren aldeko apustu garbirik egiten duenik. Eta, jakina, ez dago inor horretara beharturik. Baina kontua da, azken urteetan argitaratu diren liburuei erreparatuz, narratiba errealismo gris eta serio horrek itota eta poesia "ongi idazten duten" poetez josita topatzen dugula, eta honen aurrean metaliteratura emergentzia ate izan zitekeela. Euskal literaturaren azken urteetako entzefalograma planoari arestian aipaturiko autoreez gain, Paddy Rekalde, Pako Aristi eta Unai Elorriaga bezalako idazleek jarri dizkiote tontorrak, bakoitzak bere erara. Jakin badakit esperimentazioa, abangoardia eta abarrekoak (metaliteratura barne) mespretxuz begiratu ohi direla, nolabaiteko balio inflazionista dutelakoan-edo; eta egia da, denok eman ditzakegu esperimentazioaren izenean idatzitako itzelezko iruzur literarioen zerrenda luzea; baina gurean, gaur egun bederen, iruzurrak beste nonbaitetik datozelakoan nago. Metaliteraturaren urritasuna egoera honen sintoma dugu hain justu. Krisialdi edo asperdura garaietan inozokeria asko esan behar izaten dira; bada nik sakrifizio hori egingo dut gure literatura honetan "proposamen berritzaile eta rupturistak" plazaratzen dituzten eta "ahots propioa" duten idazle berrien falta sumatzen dugula esanez. Oraingo euskal idazle nagusiek bere garaian egin zuten lez. Nago diskurtso literario orokorraren aldaketa baten beharrean gaudela (noiz ez da egon halako beharrik?) eta metaliteraturak, egiazki, diskurtso berri bat proposa dezakeela.


(*)Barkatu, ezer baino lehen, hitz honek izua, zorabioak eta goragalea eragiten dion orori.

(**)Lehen poesiak, Gabriel Aresti, Susa, 1986.

No hay comentarios:

Publicar un comentario