viernes, 2 de junio de 2006

Cory Mathews eta Topangaren urteurrena

Jada 5 urte pasa dira Cory Mathews eta Topanga ezkondu zirenetik. Ai lagunok, nola pasatzen den denbora. Mathews-tarren etxean berriz ere elkartu ginen denok egun zoragarri hura gogoratzeko.
Hantxe ginen denok, Sonn, Cory-ren laguna, bere bigarren matrimoniotik ihesi zetorren bart gauean ezagututako neska ilehori batekin, mutil honek betidanik errebelde kutsu hori izan du, oraindik ere institutu garaian janzten zuen larruzko txupa soinean zekarren. Urrunetik etorritako lagunak ere, bertan izan ziren. Zack Morris eta Kelly Kapowski, elkarrekin iritsi ziren, bi seme dituzte eta jadanik zail egiten da Zack-en ilehori tintatua antzematea, erabat burusoil baitago. Haiekin hizketan aritu nintzen urteurren jaiaren lehen une horietan, Jessie Spano, haien laguna ez omen zen etorriko, Los Angeles-eko taberna batean dantzari moduan hartu omen dute eta, horrela kontatu zidaten behintzat.

Goiz zen oraindikan eta gonbidatuak banan banan iristen ziren. Edariendako espreski montaturiko mahaira hurreratu nintzen, bigarren garagardoari heltzeko eta hantxe parez pare, nerabezaroko maitasun platonikoarekin egin nuen topo, Punky Breuster anderea! Nola pasa den denbora lagunok...Erabat emakumetu egin da, garai batean koloreetako zapatilak jantziz, Esaiezu ez! drogei ohiukatzen zuen okupa gazteak. Antza, bere auzotik irten eta ekialdeko kostaldeko unibertsitate handi batean ikasi zuen, orain Seatle-en lan egiten omen du, abokatu buffete famatu batean. Aiiii oraindik bere begietan, erabat zoratzen ninduen dizdira antzeman zitekeen...Handikan ihes egin behar nuen, eta Frasier doktorea agurtzeko aitzakiak atera ninduen bertatik. Harekin batera beste hiru garagardo edan nituen, zein gustora hitz egiten den berarekin, gai xumeetatik hasi, azkenean Eremulauak izeneko mugimendu kultural bati buruz solasean amaitu genuen. Hagitz interesgarria.

Konturatu gabe, Mathews-tarren egongela gonbidatuz beterik zegoen. Hantxe ginen denok, garai bateko lagun talde bikaina. Carlton Banks, M.A.Barrakus, Eddie Winslow, Seinfield...ez zen inor falta. Orduantxe, sukaldeko atearen parean jarritako eskenatoki txikian, eguna animatuko zuen musika taldearen kontzertua hasi zen, Springfield-etik ekarritako Sol Fa Mi Das, talde bokal handia!! Emankizun paregabea izan zen, azkenean, hantxe bildutakoen txalo artean Bebe a bordo abesti famatua jo zutelarik. Bainan gaueko musika emanaldiak ez ziren haiekin amaitu, jadanik alkohola gure gorputzen jabe zen, eta bata bestearen atzetik, eskenatoki gainera igotzen hasi zen jendea. Ashlei Banks-en ahotsak miraragarria izaten jarraitzen du, nahiz eta jadanik musika mundua utzia duen, bere aitaren pausoak jarraituz epaile izateko. Steve Urkel akordioi eta guzti igo zen eta hantxe jarri ginen danak, dantzan eta kantuak kupela kupela sagardoan hotela!.

Jaia luzatuko zen dudarik gabe, bainan gonbidatu batzuk etxera itzultzeko ordua zela erabaki zuten. Hobbie Buchannon eta bere aita izan ziren kotxerako bidea hartu zuten lehenak, Mitch jadanik ez baita garai bateko gaztea. Orain, sorosleetatik jubilatua, hondartzan gora eta behera ibiltzen da paseoan neska gazteen gorputzei begira Newmie bere betiko lagunarekin batera. Gaixoak. Larry Kubiack-ek ere goiz joan beharra zuen, orain ospitale famatu bateko larrialdi zerbitzuetan baitabil lanean eta hurrengo egunean guardia egin beharra zeukan. Lastima, hanburgesa jate lehiaketan aurkari paregabea izanen baitzen. Horrela gutxinaka gutxinaka, bata bestearen atzetik, denak etxera joan ziren. Betiko moduan Geoffrey zaharra eta ni geratu ginen hiriko taberna guztiak itxi arte.

Nola pasatzen den denbora lagunok...Zorionak Cory eta Topanga!

1 comentario: