viernes, 16 de junio de 2006

Kabul: "guretzako Dut argentinarrentzako Maradona bezala da, erlijio bat!"

Talde Hondarribitarrak sei kanta eta bideoklip batez osaturiko lan berria kaleratu du Psilocybina records-en babespean, euren eta haien beste lagun musikero batzuen babespean, alegia. Disko honi buruz, Psilocybe musika elkarteari buruz eta beste hainbat gauzataz solastu da Eñaut, taldeko baterijolea.
Bidasoako arrainek jaten dituzten onddoen eta eta inguru horretako taldeen soinu antzekotasunen arteko erlazioaz gehiago jakin nahi izanez gero, artikulo egokian zaude.

Zenbat denbora daramazue taldearekin, nola sortu zen?
Taldea 2001.urtean sortu zen, institutu garaian. Musikarenganako miresmen handia genuen eta talde bat sortzeko gogoa eta ilusioa oso handia zen. Irungo lokal batzuetan hasi ginen ensaiatzen, anpliak autobusean eramaten eta hilabetero irungo lokal hauen jabeei sakelak diruz betetzen.

Nola definituko zenuke zuen soinua? Nik zuen inguruko taldeen influentzia asko nabaritu ditut. Hala nola, Dut, Lif edo Kuraia…
Ba egia esan jende askok esan digu hori eta ez da lotsarazten gaituen gauza bat. Are gehiago, harro gaude horretaz. Jo dugun leku ezberdinetako jendeak Duten antza dugula esan digu, eta Dut guretzako argentinarrentzako Maradona bezala da, erlijio bat! Lif berriz, txikitatik entzun dugun musika da, 12 urte genituela herriko jaietan jotzen ikusi nituen eta ikaragarria izan zen neretzat. Amaren errieta jaso nuen etxera berandu iristeagatik. Eta Kuraiarena gauza berria da, maketa grabatu ondoren batek baino gehiagok esan digu, gitarraren punteoren batengatik edo, baino kabul-ek “uouo” gutxi egiten du.
Ba orokorrean bidasoa bailaran badago “bidasoa soiñua”, hau bidasoa ibaiko arrainek jaten dituzten perretxikuek gure liseri aparatuan bukatzen dutelako da!

Euskal Herriaz kanpoko taldeei begiratuz, ba al duzue erreferenterik? bereziki gustoko talderik?
Bai bai, badirudi onddarbikoek Gantxurizketaz haratagokoari buruz ez daukagula ideiarik, baina zorionez ez da gure kasua. Azken urte honetan taldeko hirurok entzun dugun talde ikaragarri bat Snapcase da, Estatu Batuarrak.  Eta hauetaz gain Tool, Helmet, Machine head...eta horrelako taldeak ere entzuten ditugu.

Kolaborazioei begiratuz gero, Zea mays-eko Aiora, Lif-eko Danel eta Izaerako Aritz-ek lagundu zaituztete ahots batzuekin. Nolatan sortu ziren kolaborazio horiek?
Ba egia esanda, aspalditik gabiltza abeslari baten bila. Hasiera batetan bost partaide ginen taldean eta abeslariak eta gitarristak taldea utzi zuten. Gitarkaitzek hartu zuen bere gain ahotsaren ardura eta nahiz eta asko ikasi duen, bere gustoko instrumentua gitarra da. Horrela maketa grabatu baino hilabete batzuk lehenago Daneli esan genion ea Kabuleko abeslaria izan nahi zuen eta esan zigun ez zegoela beste talde baten abesteko gogo eta denborarekin, baina maketarako abesti bat gustora asko grabatuko zuela. Aritzorena berriz momentuan bertan atera zen (Aritzo egunero egoten zen gurekin grabazioan), nik grabatu behar nuen aritzek grabatu zuen zati hori. Grabatzen hasi nintzen eta nere ahotsak egun horretan greba egitea erabaki zuen. Nere ahotsaren grebaren berri jakin genuen unean bertan iritsi zen Aritzo lokalera eta ea berak grabatu nahi zuen esan genion. Eta hara hor non geratu den izaeratarren kaiola barruko pizti zaurituaren ahotsa!
Aioraren kolaborazioa bestelakoa izan zen. Gure artean beti komentatu izan dugu Aiorak oso ahots ederra daukala, asko gustatzen zaigu. Horrela egun batean deitu egin  genion. Berak baiezkoa eman eta abestia bidali genion. Grabatzera etorri zenean ikaragarria izan zen. Abestia pare bat aldiz entzun eta bi tomatan grabatuta!!!

Zuen lehen esperientzia izan al da grabatzeari dagokionen? Gustora gelditu al zarete emaitzarekin?
Aurretikan bi abesti geneuzkan grabatuta, lehenengo grabazioa Psilocybe10 diskorako izan zen. Bertan Psilocybeko talde ezberdinek abesti bana grabatu genuen, baina grabazio hau 5 izatetik 3 izatera pasa giñen momentuan bertan izan zen eta nabari da. Bigarrena gaztemugik ateratako beste disko rekopilatorio batetarako “beldur” abestia grabatu genuen. Baina azkeneko lana izan da serioena, abesti bat baino gehiago grabatzen genuen lehenego aldia izan da. Emaitzarekin oso gustora gaude, baina hurrengo bat grabatzeko gogoa are handiagoa da orain, horrelako grabazio batetan asko ikasten baita. Aurrezten hasi beharko gara..

Nola ikusten duzu Euskal Herriko eszena musikala kontzertuei zuek bezalako talde “txiki”en kontzertuei dagokionean?
Etxeko sofan eserita mobilera noiz deituko dizuten zain hobe duzu pelikula on bat alokatzea, luzaroan egon beharko baitzara zain. Hau da, gaur egungo talde “txiki” asko kexatu egiten dira kontzerturik ez dutelako. Hasierak horrelakoak dira eta asko mugitu beharra dago, batera deitu, bestera emaila bidali... eta hamar kontzertu lotzen dituzunean hamaikagarrenean deitu egiten dizute jotzeko eta poliki-poliki gero eta gehiago deitzen dizute. Baina ipurdia mugitu beharra dago, eta ondo iruditzen zait gainera. Gero denok egiten ditugu letrak gaur egungo gazteak mugitzen ez garela esaten. Bada garaia teoriak alde batetara uzteko eta praktika aurrera eramateko!

Joseba Sarrionandiaren poema bat musikatu duzue. eta orokorrean zuen hitzak nahiko landuak daudela ematen du. Literaturarako interesa al duzue? garrantzia handia ematen al diozue gauzak esateko moduari?
Letrei beti eman izan diegu garrantzia, musikako parte baita. Baina letrak egiterako orduan ez gara zuzenak, mezua ez dugu zuzenean helarazten. Idazten dugunean argi daukagu zer idatzi nahi dugun momentu bakoitzean. Horrela unean uneko sentimendu eta bizipenak idazten ditugu, baino interpretazio bat baino gehiago izan dezakelarik idatzitakoak. Bakoitzak uler dezala ulertu nahi duena, edo entzun dezala entzun nahi duena. Horrela idaztearena ez da aurrez bilatu dugun zerbait, baizik eta barrutik atera zaigun zerbait. Bete abestia idatzi genuenean adibidez argi geneukan letra argi asko ulertu behar zela eta ez zela interpretaziorako lekurik geratu behar. Eta halaxe egin genuen.
Sarrionandiarena berriz, gitarkaitzen burutapena izan zen, abestia egiten ari ginela Sarriren nobela bat ekarri zuen eta letra horrekin identifikatuta sentitzen zenez, letra hori jartzea erabaki genuen.

Psilocybe, hondarribiko musika taldeen elkarteko partaide zarete. Kontatuko al zeniguke piska bat zertan datzan elkarte hau? Zein da funtzinamendua eta etorkizunerako dituzuen proiektuak?
Uzten badidazu galdera hau egin berri dugun letra batekin erantzungo dizut:
       
PSILOCYBE
adreiluak du zure garuna zanpatzen
zamarrak ez dizu egia ikusten uzten
bizitza aurrera doa
minbizien gañetik
atzera begira
ez dago bizitzerik
garuna doñu gabe
burua laukiturik

psilocybe ni naiz ta kitto
psilocybe enaiz geldituko
psilocybe gu garena da
psilocybe ez da aldatuko

Hala eta guztiz aurreko galderan erantzun dizudan bezala, bakoitzak bere interpretazioa egiteko bidea uzten dugu gure letretan. Baina letra honen ondoren komenigarria ikusten dut Kabuldarrek psilocybe nola ikusten dugun azaltzea eta letraren gure interpretazioa azaltzea:
Pasilocybe duela 13 urte sortu zen Onddarbiko musika taldeen elkartea da. Udalak garai batean eskola bat izan zen eraikuntza zahar bat utzi zien herriko musikerueri eta elkarlanean eta txosnatik irabazitako diruarekin hiru entsegu lokal eta bi almazen txiki eraiki zituzten. Urteak joan urteak etorri, talde ugari pasa dira bertatik eta baita mila ekintza burutu ere; Herri bazkariak, milaka kontzertu, kontzertuetara joateko autobusak, bertako taldeekin osatutako bi disko, etab luze bat. Gaur egun berriz, zigilu bat ere atera dugu: Psilocybina, bertako taldeak laguntzeko asmoz. Zigilu hau aurrera eramaten duena gu geu gara, psilocybeko taldeak, talde bakoitzak darama bere kudeaketa. Talde bakoitzak dauka bere taldearen erantzunkizuna.
Eta azkenik nola ez, denen ahotan dabilen proiektua. Psilocybeko kontzertu aretoa. 13 urtetan zehar  gogotik lan egin ondoren eta milaka eta milaka firma bildu ondoren lortu dugu udalak psilocyberi itxatxia dagoen lokala ematea. Datorren udazkenean hasiko dira obrak. Bertan egongo den gauzarik garrantzitsuena psilocybetar bakoitzaren ilusioa eta gauzak egiteko gogoa izango da eta  nahiz eta obrak oraindik hasi ez, hilabeteak daramatzazkigu astero astero bilerak egiten, lan taldeak sortu, nola kudeatu pentsatzen, zer musika ekipo komeni zaigun pentsatzen... Horrela kontzertu aretoaz gain, grabaziorako estudio bat, irrati bat, barra bat, komunak... egongo dira. Argi geratu dadila beti agertzen diren oztopo eta trabek indartsuago sentiarazten gaituztela, eta oztopo guztien gainetik aurrera goazela!
GORA PSILOCYBE!!!!!




2 comentarios: