jueves, 22 de junio de 2006

Txuria

Telebista txuria, zuria. Gaizki itzulitako kontzeptu hau ere modan dago. Orain, telebista kateei, batez ere kate publikoei, telebista txuria egin behar dela sartu zaie buruan, mundu guztiari zuzenduta egon behar dena, gizarteko esparru gehienetara (nahiz eta talde txikia izan) heldu behar dena. Orain, familia guztiak elkarrekin ikusteko moduko saioak egin behar dira, biolentziarik gabekoak, hezitzaileak, txuriak.
Noski, askotan txuritasunaren kontzeptua nahasten dute. Mira quien Baila, Ankawa edota Mihiluze saioak txuriak dira. Baina txuriak izateagatik, ez du esan nahi saio onak direnik edo merezi dutenik. Anne Igartibururen komentario gozoak, Ankawan egiten duten haur esplotazioa edota Mihuluzeren kuadrillismoak, saioen ustezko txuritasuna belzten dute.

Programazioa txuritzeko prozesuan, haurrentzako babes bereziko ordutegiak zehaztu dira (nahiz eta ez diren betetzen), eguneko zenbait ordutan arropa gutxirekin doazen emakume nahiz gizonak ez dira agertzen...

Hala ere txuritasunaren kontzeptua ulertu duen telebistako saio bakarra Carta Blanca izan da. Duela hilabete bat jarri zuten martxan saio berri hau La 2 katean. Lehen asteazkenetan botatzen zuten, orain ostegunetan, gaueko 22,30etan. Azkenaldi honetan faltan botatzen ziren berrikuntzak eta ideia freskoak saio honetan daude ikusgai. Astero, kulturarekin erlazionaturik dauden pertsonek hartzen dute saioaren gidaritza.

Kultur gizon eta emakume hauek, bi orduko epea dute nahi duten saioa egiteko, nahi dituzten musika taldeak aurkezteko eta nahi duten gonbidatuekin hitz egiteko. Eszenatokia ere berritzailea da. Platoa inguratzen pantaila zuriak daude eta saio bakoitzean pantaila horiek kolore, irudi eta forma desberdinak hartzen dituzte, saio bakoitzak eskatzen duen giroa sortuz. Gainera, errealizazio bikaina du saioak, nabaritzen da azken detaileraino tentuz prestatzen dituztela emanaldi guztiak.

Lehen astean Elvira Lindo izan zen saioaren gidaria, ondoren Jodorovski, Alaska eta Juan Tamarizek hartu dute saioa egiteko eta aurkezteko ardura. Astero izan da interesgarria. Alaska eta bere faunaren elkarrizketak (errespetu guztiarekin), Juan Tamarizen bibolin imaginarioaren kontzertuak edota Lindoren elkarrizketa sakonak. Guztiak tonu berezia izan zuten, oso interesgarria. Eta ez da inondik inora, intelektualentzako saioa, askok adierazi duen moduan.

Ostegun gauerako proposamenik interesgarriena, dudarik gabe. Saio txuria, zuria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario