sábado, 24 de febrero de 2007

"Iturrino handia" nobelari buruzko analisi ez-kualifikatua

Ez da ohikoena izaten liburu bat aurkeztu eta ondorengo egunean berau aztergai (edo) izatea. Izango da, seguruena, liburu batek denbora asko behar duelako iritzi landuaren eskanerretik pasatzeko. Izango da gure literatur munduan, txikia izanda ere, ez delako jende burutsu eta kualifikatua falta, eta horientzat fribolitate handia da liburu baten lehen irakurketaren ondoren kritika egiten hastea. Hemen badakigu fribolitateaz zerbait, eta egia aitortze aldera mekanografo hau ez da inolaz ere iritzi kualifikatu eta burutsuaren jabe (argibide gehiagorako irakurri nik egindako zenbait kritika). Baina (horreur!) mekanografoak irakurri, irakurtzen du. Eta atzo aurkeztu zuten Hasier Etxeberriaren Iturrino Handia nobela aztertzera (edo) ausartuko da.
Eta hasi, oinarrizkoenetik hasiko da. Tabernan lagunak egin dion itaunari emandako erantzunetik alegia. "121 orrialde, arratsalde bakarrean irakurtzeko modukoa". Eta jarraitu, sinplekeria manikeo samar batekin jarraituko du, lagunak hirugarren garagardoaren ondoren kale bazterrean pixa egin bitartean egin dion bigarren galderaren erantzunarekin, alegia. "Ondo dago".

Eta tragoekin aurrera jarraitu ahala, mingaina ere askatuz doanez, azalpen gehiagotan sartu da mekanografoa: nobelan ahots bakarra dela protagonista eta kontalari, Cosme Iturrino, Iturrino handia magoa hain zuzen ere. Bigarren protagonista bat ere badela, Hasier Etxeberriaren alter ego nobelatua den kazetaria, liburu osoan hitz egiten ez duena, eta bien arteko elkarrizketari Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako obran azaltzen zen berritsu haren tankera hartu diola. Horrek bertigo apur bat sortu diola hasieran, "ea inora ez daramaten diskisizio filosofikotan galduko ote zen liburua, gainera ia ulerkaitzak diren egitura gramatikalak baliatuz" horrelaxe esango dio lagunari, Kelerra eskuan. "Baina ke ba", jarraitu du, "tonua hasierako kolokialismotik apur bat urruntzen da (gehiegi ere ez, beharrezkoa dena) lehen pertsonako narratzaile estandarrago baten tankera hartuz, betiere azken horien antza handiegia ez izateko tentuz ibiliz". (Harrigarriak goizeko ordu txikietan izaten ditugun baliabide erretorikoak).

Lagunak gehiago jakin nahi du. Lagunak Iturrino delako horrek zer duen kontatzeko, nor den, zertara datorren mago bati buruzko liburua... laguna mozkorra dago eta galdera gehiegi egiten ditu. Baina mekanografoak, baretu guran, erantzun batzuk eman dizkio, bera ere mugimendu pendularrak egiten ari dela konturatzearekin batera. Iturrino pertsonaia zelebrea dela azaldu dio. Hitzaren bi zentzuetan zelebrea: grazioso eta bitxia batetik, eta ezaguna, "famosua" bestetik. Besteak beste, Orson Welles eta John Hustonen adiskide izandakoa dela, zirkuan lan egindakoa, Anne eta Belle, bi buruko emakumearekin maitemindu zela... Ez sinesteko moduko bizitza eduki duela. Eta horrek ere dudak sortu dizkiola azaldu du mekanografoak. Irudipena daukala, Etxeberriak beti elkarrizketatu nahi izan duen pertsonaia ez ote duen asmatu. Ideal bat. Edozein kazetarik elkarrizketatu nahiko lukeen horixe.

Baina mekanografoa liburuaren aurkezpenean izan da. Eta sinesgarritasun falta hori buruan zuela joan da hara. Eta Etxeberria sartzen ikusi du eta jendearekin hizketan. Eta lagun bati Cosme Iturrino aurkeztu dio. Eta Cosme Iturrino existitzen da. Eta han egon da. Eta magikoa da. Berarekin bi hitz eginda konturatzen da bat horretaz. Liburukoa bera baino magikoagoa agian? Hori ez daki. Eta orduan, bi gauza etorri zaizkio burura. Lehena topiko erraldoi bat da, kontuz beraz: errealitateak fikzioa gainditzen duela beti (abisatu dizuet topikoa zetorrela, niri ez eskatu orain argibiderik). Bigarrena, galdera parea: errealitatean jazotako gertaera nola-hala "irrealek" justifikatzen al dute fikziozko lan baten egiantzekotasuna hain argia ez izatea? Hau da, fikziozko lanek errealitatearen antza izateko bidea hartu dutenean eta errealitateak (paradoxikoki) fikzioaren antza izateko bidea hartu duenean, non kokatu behar du nobelak?

Mekanografoak ez du erantzunik aurkitzen. Etxeberriaren liburua berriz irakurri beharrean da Cosme Iturrino erreala ezagutu eta gero. Berriro kokatu behar du bere burua errealitate eta fikzioaren arteko muga lausoetan. Lagunarekin egiten ari den parranda honi ere geroz eta irrealagoa deritzo. Etxera doa.

Ateari bultzatzen ari dela lagunak liburuaren izenarengatik galdetu dio berriz, Herriko Tabernako barratik burua altxata, Rosario Floresen kanta bat jarri duten momentuan. "Iturrino handia" erantzun dio. "Irakurri ezazu bihar eta ea zer iruditzen zaizun!".

6 comentarios:

  1. Ez zeok argumentazio haundiegiaren beharrik Etxeberriaren nobela bat tiro bakarrakin akatzeko. Hobe likek literaturara baino sukaldaritzara dedikatuko balitz. Hortan ere txarra izangoek kabroia, ba?o gutxinez pakia emangoik telebistan hainbeste azaldu gabe!

    ResponderEliminar
  2. Ez dakit, baina liburu bat horrela tiro batez garbitzea... ez zait kontu txukuna iruditzen. Arrazoiren bat eman ezazu gutxienez...

    ResponderEliminar
  3. Ba nik irakurri diat eta putamierda bat iruditzen zaidak...

    ResponderEliminar
  4. xinpatiko gabiltza, antza. Iturri hori ez dut ireki oraindik, baina botelasterrean hurbilago ikusten dut "ondo dago" epeletik "putamierda" berotik baino. Idatzita dago eta! Ni ere ez naiz "fan", esaidazu egia bat, esaidazu gezur bat sakon horiena, baina baretu zait gorroto zakurra. Orain guay bakezalea nauzu. Ongi etorriak letren errepublikara.

    (hau debalde da, ezta?)

    ResponderEliminar
  5. Eskerrik asko G. Bereziartuari bere "kritika-kronikatuarengatik", eskertzekoa baita genero berri baten sorkuntzan saiatzea. Freskoa bada, behintzat. "Nobelak non kokatu behar du?", galdetzen du Cosem Iturrino "benetakoa" ezagutu izanak eraginda. Oharkabean edo, hain juxtu, galdetzen duena bihurtzen du erantzun. Alegia, errealitatea eta fikzioaren arteko zubiaren erdian behar duela kokatu nobelak, argi berarekin zabalduta bi aldeetarako leihoak. Ez du eleberri guztientzat balio, baina ene gusturako, artifizio huts izanik ere, gune lauso horretan du bere "habitat" naturala nobelak. Edo, behintzat, ITURRINO HANDIA idazterakoan, horretan saiatu naiz, liburua irakurri ei duen tiro bakarreko beste gipuzkoar anonimo horrentzat halakorik lortu ez badut ere.

    ResponderEliminar
  6. Eskerrik asko G. Bereziartuari bere "kritika-kronikatuarengatik", eskertzekoa baita genero berri baten sorkuntzan saiatzea. Freskoa bada, behintzat. "Nobelak non kokatu behar du?", galdetzen du Cosem Iturrino "benetakoa" ezagutu izanak eraginda. Oharkabean edo, hain juxtu, galdetzen duena bihurtzen du erantzun. Alegia, errealitatea eta fikzioaren arteko zubiaren erdian behar duela kokatu nobelak, argi berarekin zabalduta bi aldeetarako leihoak. Ez du eleberri guztientzat balio, baina ene gusturako, artifizio huts izanik ere, gune lauso horretan du bere "habitat" naturala nobelak. Edo, behintzat, ITURRINO HANDIA idazterakoan, horretan saiatu naiz, liburua irakurri ei duen tiro bakarreko beste gipuzkoar anonimo horrentzat halakorik lortu ez badut ere.

    ResponderEliminar