miércoles, 28 de febrero de 2007

Xabi Strubell edo etengabeko aurrera begirada

Emailak gauza hauek ditu: gaztetatik mirestu eta jarraitu duzun pertsona bat kasualitatez ezagutu eta ez dakizu nola, elkarrizketa batetan murgildu zara. Zintzotasun maila itzela lortu daiteke, gezurra badirudi ere, emailez egindako elkarrizketa batetan. Eta nabaritzen da, noski nabaritzen dela emailez egin dela. Gainera, zein erosoa den. Bakoitza bere etxean, denborazko edo lekuzko mugarik gabe. Hotza eta intimoa, bapatekoa eta presarik gabekoa.Dut taldeko kitarra-jotzaile izandakoak blog bat sareratu du (http://euskalpoesiablagabloga.blogspot.com/), poesiara irekia, maila guztietara. Irekia eta partehartzailea, nahiz eta oraindik inor ez den parte hartzera animatu.

Blog bat, euskaraz eta poesiari buruzkoa... ez dirudi ezer berritzailerik

Berezia printzipioz deus ez, nire jardun poetikoaren zabaltzeko gunea da nolabait, baina nahiko nuke jendeak parte-hartzea eta eztabaida pixkat sortzea. Falta somatzen dut horren inguruan. Badira oso erreferente onak eta serioak lanean ari direnak euskal poesia zabaltzeko baina ez dute gune irekirik eztabaidarako.

Poesia laburraren alde egiten duzu, edozeinek idatzi al dezake poesia?

Nik uste baietz. Abestea bezela da, okerrago edo hobeto egin dezakezu, senideekin bazkalostean, lagunartean edo grammy bat eskuratzeko, baina beti izango duzu zer esan eta zure hizkuntza propioa aurkitzeko aukera.

Blog irekia da edo zure testuak bakarrik agertzen dira?

Oraingoz ez da inor animatu zeozer bidaltzera baina gonbita egina dago. Email bat zabaltzear nago jendearen parte-hartzea bideratzeko.

Oraingoan ere, esperimentazioa da aukeratu duzun bidea. Ohikeriekin nekatuta? hau da, bizitza ohikoegia al da?

Kontrakoa uste dut. Bizitza ez-ohikoegia da gertatzen diren gauza guztiak espresatzeko modu berriak ez bilatzeko. Esperimentaziora jotzea beharrezkoa ikusten dut. Dagoenetik abiatuta molde berriak bilatzea.

Ez dut uste testu triste edo goibelak direnik, baina gordintasunak protagonismo handia du

Bai, gordinik daude poemak. Batzuk badute denbora bat eta besteak egunean egun egiten ditut baina joera bai dela gordin azaltzeko gaiak. Hautatutako bidea da, estilo kontua agian. Norbaitek esan du alaitasuna ez dagoela modan euskal literaturan.

Zura hil egin da? aspaldi ez dugula proiektuaren inguruko ezer entzuten... zertan zabiltza lanean orain?

Ez ba. Lanean gaude disko berri bat egiten, baina uda partean utzi genion kontzertuak emateari, besteak beste Sideral dj-aren omenezko diskoan parte-hartu baitugu. Orain hasi gara berriz martxan eta gogo haundiz gaude Zura-k jarraitzen duela esateko, baina besapean disko batekin bada hobe. 

Aintzinako garaiak pisu handia dute zure istorian. Dut faltan botatzen duzu? errepidea, diskoak...

Bai eta ez. Estilo berrietara irekitzeko beharra sentitu nuen eta hortan nago. Orain sound system bat antolatzen nabil eta egongo da errepidera itzultzeko aukera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario