jueves, 2 de agosto de 2007

Blas, bizikleta eta bloga: itzulera baten historia

Azken urte honetan Iker Blas hernaniarraren artikuluak irakurtzeko aukera izan dute eremulauak-en atal honetara hurbildu direnek. Errumaniako paraje ederrenen berri eman du Blasek bere kroniketan, eta senez bidaiaria izaki, ez du ekialdeko beste hainbat txoko bisitatu eta haien inguruan idazteko aukera ere galdu. Orain itzultzeko ordua iritsi zaio.
Baina aireportuak... amuarraina ere lokartzen da aireportu batean. Aspergarriak dira. Horregatik, eta bere bizi-zaletasuna erakusteko, bizikletaz itzuliko da Iker Errumaniatik.

Dagoeneko abiatua da azkeneko sei hilabeteetan bizileku izan duen Cluj-Napocatik. Distantzia handia denik ezin uka, eta horrek kezka handia sortu du senide, lagun eta noski (batez ere?), eremu-lautarron artean (Iker izan da azken denboraldiko gure fitxaketa izarra, atzerriko korrespontsal eta nazioarteko gaietan aditu izateaz gain). Kezka hori baretzeko, eta bide batez bidaiaren nondik norakoak kontatzeko, eguneroko bat atondu du sarean Blasek, http://www.transylvania2007.blogspot.com/ helbidean.

Eta bidaiarekin famatzen hasia ere bada. Ez duzuela sinesten? Begira Clujeanul izeneko egunkarian berari buruz idatzi dutena: http://www.clujeanul.ro.

Bidaia ona opa diogu Ikerri. Eta zuei bloga irakurtzeko gomendatzen dizuegu, Goran Bregovic ala Emir Kusturicaren musika (biak batera ere bai, zergatik ez) pixka bat apal entzuten duzuen bitartean. Ekialdeak eskatzen du. Udarako primerako irakurketa duzue, freskoa, road-movie tankerakoa, baina ukitu zingaro batekin. Gogoratu: http://www.transylvania2007.blogspot.com/

No hay comentarios:

Publicar un comentario