jueves, 2 de agosto de 2007

Iraultza akustikoa

Hamalau urte baino ez ditu behar izan Andy Mckee-k (Kansas, 1979) musika zale izatetik, bere atzetik, milioika zale izateraino. Hamairu urterekin, 1992an, hartu zuen lehenbizikoz gitarra bat esku artean; eta 2006an, YouTubeko musika bideorik ikusiena eskegi zuen: Drifting (Noraezean).

Candyrat Records diskoetxearen ideia izan zen Mckee iragartzeko YouTube erabiltzea, eta negozio ona egin zuten: bideoak 5 milioi ikustaldi izan ostean hirutan hustu baitzen diskoetxeko stocka. Aukeratutako grabazioa ez zen edozein izan. Drifting, bere abesti entzutetsuena, maisu gaztearen estilo xelebre eta ikusgarria agerien uzten duena da.


Driftingen arrakastaren ostean, beste bi kanta jarri zituen YouTube-n diskoetxe estatubatuarrak: Rylynn eta Africa. Biek ala biek lortu zuten bideo ikusienaren marka, eta aurtengo ekaina aldera, aipatu hiru kantak zeuden bideo-atariaren musika-clip ikusienen Top 3an. Rylynnek McKee-ren konposaketen alde xamurrena erakusten du, hasiera goxo eta melodia atsegin batekin. Africarekin, bestalde, bere gazte aroko garaiak berreskuratzen ditu, Toto talde estatubatuarraren kantaren bertsio ondo egokitu batekin.


Bere hitzetan, bera "interneten, kristoren arrakasta izan duen Kansasko tipo bat baino ez" da. Eta kristoren hori ez da gutxiagorako ere, YouTube-ko bideoen ondorioz, Andrew White Guitars enpresak bere irudia erabiltzen hasi baitzen ?beste musikari batzuenaren artean? gitarrak saltzeko. Hala ere, ez dira berak erabilitako A.W. gitarrak atentzio gehien ematen dutenak; Stephen Bennett-i erositako Harpa-Gitarra baizik. Into the Ocean (Ozeanoan barrena) eta The friend I never met (Inoiz ezagutu ez nuen laguna) kantetan erabiltzen du instrumentuen nahastura hau. Baina, zintzo eta umiltasun osoz, egiten duen ekarpena baino ikusgarritasun handiagoa du instrumentuak.


Hainbeste xelebrekeriaren artean, estilo klasikoaren edertasunak ere merezi du tartetxo bat. Art of Motion (Mugimenduaren artea) abesti ultra-erritmikoan, McKee-k, melodia ederrak eta erritmo oso biziak batzen ditu, bere kanta onenetariko bat osatuz.


Badira YouTube-n beste zenbait kanta entzungai, eta askoz gehiago dagoeneko kaleratu dituen hiru diskoetan: Nocturne (Nokturno), Dreamcatcher (Ametsen harraparia) eta Art of Motion. Zinez gomendagarriak. Benetako iraultza akustikoa.

4 comentarios:

  1. Candyrateko artista guztiek mereziko lukete artikulu bat eurentzako propio!

    ResponderEliminar
  2. Disketxe bereko Antoine Dufour ere oso ona da ta bideoak ere baditu eskegita You Tuben.

    ResponderEliminar
  3. zenbat ordu pasatzen dituzu egunean youtuben Egiluz?

    Fitxaje ederra egin dezu oraingoan! ez dakit hau freak bat den, asperger sindromea duen edota XXI mendeko Eric Clapton den...

    ResponderEliminar
  4. Kontua ez da You Tuben ordu asko sartzea... kontua da bilatzen jakitea, my friend (oooh...) :D Nik uste dot hau fitxaje ederra dala...

    ResponderEliminar