viernes, 3 de agosto de 2007

Poesia -vs- maitasuna...

...edo soneto apológico batzuk bete arrazoi irakurlea autobusean doala eskuartean poesia liburuak izan ditzan (ez dago zertan irakurri) nobela, ipuina eta genitalen kaltean, negarraren ederra!
Autobusa, oh autobusa! Hori bai leku salbaia, ederra, humanoa! Han daude jakintsuetan jakintsuenak liburutegietan baino maizago. Martinez de Lezea, Agatha Cristie, Aingeru Epalza ere, tarteka, Los Pilares de La Tierra, Sherlock Holmes, Da Vinci kodea, denak batera. Oh, autobusa zuk duzu zuk kupela!
    Baina bat batean argia hedatu da 32. eserleku inguruan –oh! 32. eserleku ingurua, hori bai ingurua, zabala, epela, emankorra, minigonadun begirada panpoxez betea– poesia liburu bat ireki du bidaiariak –oh La Unioneko profetak–, eta nola Jesusi denek begiratzen zioten, adi-adi, admirazioz, begiratzen dute bera ere. Poesiak badu zeraren zera hori.

I

Narratiba irakurrita normala
Poesiarekin interesgarri,
Eder, jakintsu, hain eredugarri!
Autobuseko intelektuala.

Hor, denbora etorri eta badoala,
Tenpus fugit, eres tú!, herria harri.
Hamaika topiko, oro aberasgarri,
Erdi-jainko edota jainko totala

Begirada eskapatzen zaie larri
–ohartu haiz minigona daukala!? –
bidaiakide gazte eta zaharri.

Hitz gutxi eta zurialde zabala
Olerkiak hain dira irakurgarri.
Ulertu ez duzula ez dadila igarri!

II

Hara horko horri, zer dabil irakurtzen?
“Catorce versos dicen que es un soneto”
ez al dira izango hamabost hobeto?
Aitor dut, ez dut poesia ulertzen.

Ez al nau bada atzemango begiratzen,
“y estoy a la mitad del cuarteto”,
sortzen dute nahikoa errespeto
poema idazten dutenek asmatzen.

“Por el primer terceto voy entrando”,
Zaldia irudi, baina ez ote mando?
jauregi irudi, baina ez ote etxetxo?

Fiatzerik ez da hemen poetekin
“Contad si son catorce, y está hecho”,
hain zaila ere ez baita instrukzioekin!


III

Ez zaio bada izoztu irrifarra?
Bidai luzeak, edo nik neronik
–Neskekin ez da igarriko duenik–,
itzali dugu neskatsaren garra?

Niganantza  begira dut izarra
Liburu xixtrinari ziurrenik,
Horregatik, ez du argirik jadanik,
Hain da iluna Lope Vegatarra!

Hau da hau poeton patu zantarra!
Arrotz zait honez gero lehen zena
Minigonadun Venus hain hurbila

Hau da mina, hau atsekabea , hau pena;
Zein handia ezintasuna, zein handi...
Zein txiki poesiaren indarra!


IV

Esana didate, beti negarrez,
Hala dabiltza munduan poetak,
Bailiran desertuetan profetak
Beti gaixo inspirazio sukarrez.

Albokoa ere, nahiko letra baldarrez,
Bailiran medikuen errezetak,
Kaiera atera du, utzi irakurketak,
izkiriatu beharraren beharrez.

“poesiarekin interesgarri”,
Hasia du bere kreazioa,
Poema bat da, Ez narrazioa!

Hau da dardara, hau da emozioa!
“Poesiarekin interesgarri”
Negartia? Ez bada, bai maitagarri!

V

Erraz da hastea, baina nola segi?
“Tenpus fugit, eres tú!, herria harri.
Hamaika topiko, oro aberasgarri”.
Nesketan, baina, hastea ere zailegi!

Poeta, argi dago, ez da abilegi,
“begirada eskapatzen zaie larri,
bidaiakide gazte eta zaharri”
bihurtu behar du gezurra egi.

 “–ohartu haiz minigona daukala!? –”
bistaz ez, ausardiz da makala!
Ikusi bai, baina hitzak ezin erditu

Mutu, ezinez, eskuak izerditu,
autobus hura hartu ez balu hobeto!
Beraz, hona bost malko, bost soneto.

5 comentarios:

  1. Horrela ez du balio!Gorka traidorea, eta gainera koldarra da. ea denek errepikatu, Gorka trai-do-re-a eta kol-da-rra da. horra gaurko ikasgaia.
    Zergatik? bada testuaren erdia soilik utzi duelako hemen, biluzik, dardarka, hezurretan ia. Gorka herriak ez du barkatuko. muxu bat

    ResponderEliminar
  2. nire aste honetako iraina: Kostunbrista!
    (benetan uste duzu honekin famatu egingo garela?)

    ResponderEliminar
  3. Iñigo, ez koldarkeriarik, ez traiziorik. Zure testuarentzat idatzi nituen oin oharrak irakurri ostean (Oin oharrak: saiakera bat Iñigo Astizen soneto postmoderno eta new age-en inguruan, edo XXI. mendeko euskal (barkatu) idazle gazteen (barkatu berriz) iturri, farola eta estoldak) iruditu zitzaidan denon osasunerako hobea zela sonetoak horrela argitaratu eta korrika abiatzea.

    Lerro hauek irakurtzen dituzunerako Renora hurbiltzen ariko naiz, Forest Gump-en tankera hartuta.

    Dena dela, eta aitzakia hau baliatuz, gerra mediatiko bat hasi dezakegu elkarri irainka, eta urteak pasa elkarri hitz egin gabe, Oteiza eta Txillidak bezala. Nik bufanda gorria jantzita daukat dagoeneko.

    Dena dela, neurri batean arrazoi arrazioa baduzu: herriak ez du bazkalduko. Izan ere, oporrak bukatzen ari dira eta herri bazkarien fenomenoa eguneko menuarengatik aldatuko dugu gehienok. Interferentzia eta solipsismoa!

    ResponderEliminar
  4. Ni ere irainka hasiko naiz ba: Noventaiochista karpetobetonikoa!

    (Ez dakit famatu egingo garen ala ez, baina zerbait egin beharra dago, bestela oraindik karrera ikasten ari diren gazte bixarguriek lekua kenduko digute)

    ResponderEliminar
  5. aste honetan ez dago irainik (ooooohhhhh! publikoak), baina horren ordez poemaren hasiean behar lukeen Vladimír Holanen zita bat dakart (buuuuuu! fuera! fuera! berriz publikoak).

    ?Only a bad poet hides a snake motif under flowery style...??
    Vladimír Holan

    (USA go away! USA go away! berriz, publikoak) eta tira, baita irain bat ere (oe oe oe oe! oe! oe! publikoak eta baita kamarek ee).
    Klasizista klasista! (toma!)

    ResponderEliminar