sábado, 1 de julio de 2006

21. kapitulua

Stanley Kubrickek zinera moldatu zuenean egin zen ezagun A Clockwork Orange nobela, Anthony Burgessek idatzia. Liburua maisuki zinemaratu zuen Kubrickek, baina zati garrantzitsu bat kendu zion: 21. kapitulua.
Hitz gutxitan, hauxe kontatzen du A Clockwork Orange filmak (L'orange mecanique eta La Naranja Mecánica, "etxeko" erdaretan): gaur egun izan daitekeen etorkizun hurbil batean, nerabe talde bateko buru da Alex. Nadsat izeneko gazte hizkeran mintzatzen dira, ingelesaren eta errusieraren arteko nahasketa batean. Alexen zaletasunak hauexek dira: Korova tabernan "esne-plus" edatea bere droog edo lagunekin, ultrabiolentzia sesioak egitea (zaharrak eta emakumeak jipoitu eta bortxatu, bisita bereziak egin...), eta Beethoven entzutea, berak Ludwig Van deitzen duena, adiskide gisa.

Gau batez, emakume baten etxera sartzen da Alex lapurtzera, eta "istripuz" hil egiten du. Irtetean, lagunek traizionatu eta poliziaren eskuetan uzten dute. Espetxean dagoelarik, metodo esperimental baterako hautatzen dute Alex. Ludovicoren teknika aplikatuz, suero berezia injektatzen diote, eta biolentziazko irudiak erakusten dizkiote. Alexek higuin ikaragarria sentitzen du irudiok ikustean, baita bortxazko pentsamenduak izatean ere. Bi asteren buruan, kalean da.

Ez zaio izaera aldatu, baina bai jokaera, ezin baitie erantzun bere biktima izan zirenen mendekuei. Azkenean, sufrimenduari eutsi ezinik, leiho batetik botatzen du bere burua Alexek. Baina ez da hiltzen. Ospitalean bere erara itzultzen dute medikuek, eta Gobernuarekin isiltasun itun bat sinatzen du. "Osatuta nengoen" dio Alexek, eta hala amaitzen da Kubricken filma, baina Burgessen nobela ez.

Zer dio 21. kapituluak?

Anthony Burgessek A Clockwork Orange idatzi zuenean, hiru zatitan banatu zuen liburua. Zati bakoitzak zazpi kapitulu zituen, denera hogeita bat. Baina bere editoreak baldintza bakarra jarri zion nobela argitaratzeko: azken kapitulua ezabatzea. Etsi behar izan zuen Burgessek, diru premian baitzegoen.

Beraz, 1962an Ameriketako Estatu Batuetan argitaratu zen liburuak 20 kapitulu bakarrik zituen. Erresuma Batuan, berriz, osorik argitaratu zuten Burgessen testua, eta munduko itzulpen gehienek bertsio hau hartu zuten oinarri. Kubrickek gidoia egin zuenean, edizio estatubatuarra hartu zuen aintzakotzat, Ingalaterran filmatu zuen arren. Gerora adierazi zuen gidoia egitean ez zuela testu originala ezagutzen. Sinesgarria ote?

21 zenbakia giza heldutasunaren sinboloa zen Burgessentzat. Izan ere, kultura anglosaxoian, nerabeak adin horretan eskuratzen ditu helduaren eskubideak eta erantzukizunak. Liburuko 21. kapituluan Alex hazi egiten da apur bat, eta zentzurik gabeko indarkeriaz aspertu egiten da. Giza energia, suntsitzeko baino, sortzeko erabiltzea hobe dela erabakitzen du. "21. kapituluak fikzio puruaren ezaugarria ematen dio nobelari", dio Burgessek 1986ko ediziorako idatzi zuen hitzaurrean. Era honetako fikzioa ideia batean oinarritzen da: gizakiak aldatzen dira. "Laranja estatubatuarra edo Kubrickena fabula bat da; Erresuma Batukoa edo mundukoa, berriz, nobela bat". Burgessen ustez, gizakiok erabakimen askea dugu: onaren eta txarraren artean hauta dezakegu. "Soilik ongi edo soilik gaizki joka baldin badezakegu, laranja mekanikoak baino ez gara izango, hau da, kolorez eta zukuz beteriko organismo ederrak, itxuraz. Baina, azken finean, Jainkoak edo Deabruak gidatzen dituzten jostailu mekanikoak, besterik ez".



Artikulu hau lehen aldiz Xirika Euskal Herriko gazteen kazetan argitaratu zen, eta webgune honek itxuragabe kopiatu du, beti ere copyleft printzipioari jarraituz.

1 comentario: