miércoles, 12 de julio de 2006

John Reed harrapatu dut arratsalde osoan atzetik ibili ondoren

(...edo zein zaila den idazle batzuk hiri jakin batzuetan topatzea)

Komunista hauek ondo ikasitakoak dira gero! Hanka jokoan, gezurretan eta izkutaketan maisuak bilakatu dira, borroka klandestinoan hamarkadaz-hamarkada aritzearen ondorioz. Eta Reed zikin hau! Alua! Bera denetan okerrena! Zaila harrapatzen tipoa, bai horixe.
Baina hala ere, eta ez da harrokeria hutsaletan ibiltzeagatik, baina gure familia ez zen alferrik Nafarroatik etorri eta gu ez gara alferrik kaskagogorkeria latzenean hezitakoak. Eta oztopo guztien gainetik (edo azpitik, segun eta nola datozen) Reed madarikatua harrapatzea otu zait uztaileko arratsalde batez, noiz eta Bob Dylanen kontzertuaren biharamunean, non eta gorritik hain gutxi geratzen zaion Donostian.

"Alferrik ari haiz, Reed ez duk horrelako hiri-postaletan ibiltzen" esan didate galdetu dudan lehendabiziko zorri-zuloan. Momentu batez erotu ote naizen ere galdetu diot nire buruari, "Reed Donostian bilatzen hastea ere!".

Baina, ez dakit ba, batzuetan hankek pentsatzen dute eta buruak ez hainbeste. "Nahi baldin baduzu oharra pasako diot". Nire hurrengo geltokian ere kale. "Igual du, ez da garrantzitsua". Ez da, baina bada, bestela ez zenuke beste txoko pare batean galdetuko bazkaldu aurretik. Haietan ere, finegiak ez izateko, kaka gogorra.

Bazkaldu bitartean ez dut beste ezer eduki buruan: John Reed, John Reed, John Reed. Eta kafeak mingaina erre dit azkarregi edan dudalako, baina ez dio axola izan bila jarraitu behar nuelako eta ez zara ba damatxoen moduan ibiliko kafea xurrupadaka edaten ezta? Eta gainera kale kantoiean kapelu batek nire jakinmina piztu du.

Bai, bera da.

"Mister Reed! Stop there m**** f***er!!!"

Baina ez dit kasu egin nahi izan. Korrika egin behar. Zer esango dizuet lasterkaldiaz: kafea Sagueseko terraza batean utzi dut eta gorri alu hori harrapatu dudanerako Artzai Onaren parera iritsiak ginen. Zorionez, beti dago 13 urteko mukizu bat patinetearekin gurutzatu eta gauzak errazteko prest. Golkotik heldu eta ia arrastaka eraman dut Koldo Mitxelenaren atzekaldera.

"Emaidak liburua!"
"I don't understand you..."
(Noski, ez dago euskaraz)
"Que me des el libro!"
"¿Cuál?"
"Diez días que estremecieron el mundo"
"But it's the only edition I have! And the book is mine! You can't do that!"

Popatik. Gabardina miatu eta aurkitu dut. Liburu txikia da. Zerbait gehiago espero nuen. Baina hori da bai, azalean argi jartzen du: Diez días que estremecieron el mundo. Azkenean kendu dizut! Azkenean neurea da!

Eta liburu dendatik atera naiz, Koldo Mitxelenaren inguruan miraria bailitzan topatu berri dudan liburudendatik, hori bai, apalen artean liburuxka bilatu eta adeitsuki eskura eman didan emakumeari eskerrak eman ondoren.

Zaila baita, Donostian (probatu beste hirietan ere) zenbait liburu aurkitzea.

PS: Eta eskerrak Hiru argitaletxearen edizioari!

2 comentarios:

  1. Egin aproba beste liburu batekin ere: Paul Watzlawick-en "El arte de amargarse la vida". Ezetz aurkitu!

    ResponderEliminar
  2. Ni, donostiar burges-txiki naizen aldetik, gogoako dut beste Reed bat.

    P.D: Ta Bob Thomas baino.

    ResponderEliminar