jueves, 12 de octubre de 2006

Lotsati, poeta atsekabetua

Igandeak, martxoko igandeak, zerbaiten bukaeraren itxura hartzen du poetaren begietan. Trenbide gorrira hurbildu da eta zalantza egin du, edo agian hori ere ez, bere buruari emango dion erantzuna ederki ezagutzen duelako: ezin du gehiago, ez du lanbro, itzal eta errautsez haratago ezer ikusten. Ezin. Eta burdinbidera bota du bere burua, trena pasatzen ari zela.
1936ko martxoaren 22a da, igandea. Gurutz Sarasolak behin betiko agur esan digu oraintxe bertan, baina konturatu garenerako 70 urte joan dira. Donostiako burdinazko zubian inor ez da hogei poemako arrastoa eta historia iluna utzita joan zen gazte harekin gogoratzen. Lotsati izenez ezagutzen zuten poeta ez da itzuliko, baina bere hitzak hor geratu dira eta izan zuen bizitza laburrak ere merezi du arreta apur bat.

1915eko maiatzaren 3an egin zuen lehen aldiz negar Itsasondoko bere etxean mundua ikusi zuenean. Familia abertzale eta dirudunekoa, Lekarozen eta Donostian merkataritza eta hizkuntzak ikasteko aukera izan zuen. Aitaren arbel negoziorako trebatu nahi zuten semea, baina Gurutz gazteak, Lotsatik, bestelako bidea hartu zuen. Literatura, pianoa, biolina... bere kezkak adierazteko bideak behar zituen Sarasolatarren semeak. Senideek geroago kontatu bezala, bera izaten zen etxeko ospakizunen antolatzailea. Antzezlanak idazten zituen, anai-arreba bakoitzari jokatu beharreko papera eman eta apuntadore aritzen zen.

Ordurako barruan zizare iluna zebilkion ordea, ustez beste edozein bezain zoriontsua zen Lotsatiri.

Hogei urterekin ikusi zuten argia bere lehen poemek, El día eta El Pueblo Vasco egunkarietan. Bost hilabeteko tartean (1935eko irailetik 1936ko urtarrilera) hogei poema kaleratu zituen. Horietatik batzuk abertzaletasunaren ingurukoak edo umorezkoak diren arren, Gurutz Sarasolaren idazki gehienak bere bihotza pixkanaka zatitzen joan zen amodiozko historia batek hartzen ditu. Poemen kolorea geroz eta ilunago agertzen da gainera denborak aurrera egin ahala, idazlearen patua iragarriko balute bezala.  

1935eko azaroaren 2an kaleratutako Bizitza eta maitasuna izeneko poeman hasten da heriotzaren itzala azaltzen, bere maitearen ezetza jaso ondoren: "¿Zeure naimenaren ezetz aul bategaz/ Deuseztera al goaz/ Etorkizunaren aurka/ Irabazi gendun burruka?/ Dasazu ikaragarrizko "ez" itza!/ Ta zailtasun oiek irixteko bizitza/ Alper alperrak izan dira.../ Eta nere gogo berbera/ Eriotzak daramake beste ludira!". Hala ere maitasuna oraindik bizitzarekin lotzen du Lotsatik.

Hilabete beranduago ordea, Maitasuna eta heriotza poeman "Gure urteak ordea ba'dijoazte/ Gure eriotzak ere ba datozte.../Ba'dijoazte gure urteak/ ta ba'datozte gure eriotzak./Ba'dijoazte/ ta ba'datozte/ Bai! ba'dijoazte ta ba'datozte" aurreratzen du. Hurbilago dago azken geltokia. Orain ezkondu zera idazterako etsipenak hartuta dago, beretzat nahi zuen hura besteren besoetan ikusita: "Zeran eta ziñana/ Eta izango zerana,/ Den dena,/ Guzti guztia/ ¡Beste batentzat!/ ¿Eta neuretzat?/ Neuretzat begiaren negarra/ Ta biotzaren tristura legorra".

1936. urte beltzean bi poema bakarrik eman zituen argitara behin betiko isildu aurretik. Azkenengoan, Ankea ebakiko nuke izenekoan, oinazeak itota honela dio: "Basamortuan/ Arkituko baziñake,/ Gosez ill bearrean,/ Janik gabe,/ Ta ni zure aldamenean/ Egongo banintzake.../Aizkorea artuko nuke,/Ankea ebakiko nuke.../ Eta jana emango nizuke". Hortik aurrerakoa ezaguna da.

Dena dela, eta bizitza badoan arren, idatzitakoa geratzen zaigu. Gurutz Sarasola, Lotsatiren poema guztiak irakurri nahi dituenak www.armiarma.com web gunera jotzea besterik ez du, poeta ezezagun hura uste baino biziago dagoela jabetzeko besterik ez bada ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario