jueves, 26 de octubre de 2006

Viena eta artista "itsusi" horiek

Artean indarkeriak lekurik ba ote duen: horra gogoeta luzea eskatzen duen beste galdera bat, aurreko artikuluaren haritik tira eginez. Arte izena merezi al du animaliak zatitu eta beren errai beroekin jendaurreko ikuskizunak egiteak? Eta sexu-organoak zikiratzearen itxurak egiteak? Zilegi al da etikaren mugan dauden ekintzak burutzea, adierazpen artistiko berriak sortzeko? Europa zaharraren erdian baietz pentsatu zuen artista talde batek.
Hermann Nitsch, Otto Mühl, Günter Brus eta Rudolf Schwarzkogler. Lau izen eta mugimendu bat: Vienako Ekintzaileak. 1960. hamarkadako urte zoroetan ekintza-artea sustatzeko elkartu ziren lau artista horiek Austriako hiriburuan. Hamar urtez probokazioarekin, jendartearen tabuekin eta indarkeriarekin jolas artistikoak eginez bazterrak ederki nahasi zituzten, bide batez azken urteetan Europan sortu diren sorkuntza interesgarrienetakoak utziz.

Ordura arteko jarrerari aurka eginez, erosotasunera bideratutako edozein adierazpide baztertu zuten Vienako Ekintzaileek. Aditu askok bide horretan artelanak kontzeptu egonkorrak izatetik dinamikoago bihurtzeko egindako ahalegina nabarmendu izan dute. Ingurune jakin batean "ekintzak" eszenaratuz Performance artearen lehen oinarriak ezartzen lagundu zutela, alegia. Hala ere, hori ez da Nitsch eta bere lagunen sorkuntzetatik arreta gehien erakarri izan duena. Ekarpen horrek, arte kontuetan jantzi samarra den jendea erakarriko luke, baina Ekintzaileek jendartearen asaldura beste arrazoi batzuengatik eragin zuten.

Rudolf Schwarzkogler taldeko kideak azaldu bezala, artea bizi-erritual modura ikusten hasi ziren 60ko hamarkadan. "Ohiko artista bere estiloaren bila dabil; zerbait lortu nahi du baina ez daki zer. Horrela, agintean diren instituzioen zerbitzura jartzen da, instituzio horiek beren existentzia eraikitzeko erabili dituzten kontzeptuei men eginez. Baina artea batez ere eragiten duen atseginak justifikatzen du, eta ez estiloaren presioak". Presio hori saihestu nahiak zeresan handia du Vienako Ekintzaileen artelanetan.

Hermann Nitschek 1957an bere Orgia eta misterioen teatroa lanarekin ezarri zituen taldearen ondorengo obren oinarriak. Lehendabiziko jendaurreko ekintzetan animalien gorpuak eta erraiak erabili zituzten, odolez beteriko ikuskizunak osatuz. Hasiera besterik ez zen hori. Beranduagoko ikuskizunetan bizar-labanekin norbere buruari ebakiak egitea, jendaurrean txiza eta kaka egitea, sexu-organoak zikiratzea... etab. etorri ziren. Politikoki politaren itxura duen ezer ez tartean.

Probokazioak, noski, bere ondorioak izan zituen. Vienako taldeko kideek kartzela ezagutu behar izan zuten "garbitasun moralaren" aurkako ekintzak egiteagatik. Günter Brus adibidez, sei hilabeterako giltzapetu zuten 1968an, "estatuaren sinboloak iraintzeagatik". Irten ondoren ere Austriatik ihes egin beharrean aurkitu zuen bere burua, bigarrenez atxilotu ez zezaten. Otto Mühl ere ez zen zuloan egotetik libratu: Artea eta iraultza izeneko ikuskizuna antolatu ondoren hilabetez kartzelaratu zuten eta Munichen Txiza ekintza izeneko lana jendaurrean aurkeztu ondoren Mendebaldeko Alemaniako poliziaren jazarpena jasan zuen. Hala ere, Herman Nitsch izan zen kartzela zapaldu zuen lehendabizikoa, 1965ean naturalismo psiko-fisikoari buruzko jaialdi batean parte hartu ondoren.

Kontrako iritziak

Askorentzat oraindik ere arbuiagarri eta are, okaztagarriak izaten jarraitzen dute Vienako Ekintzaileek sortutako lanek. Eztabaida ugari izan da artearen mugen inguruan, talde honek nazioarteko arrakasta lortu zuenetik. Hala ere, eta Vienako artista taldean parte hartu zutenek modu independentean lan egiten jarraitzen badute ere, beren proposamenak pixkanaka aldendu egin dira 60ko hamarkadako muturreko jarrera haietatik.

Edo agian alderantziz izan da: ez ote da jendartea pixkanaka indarkeriara ohitu, Nitsch, Mühl, Brus eta Schwarzkoglerrek sortutakoa normaltasunez hartzeraino? Duela berrogei urte ekintza-artearen bidez eskandalagarri izan zena ez ote da gaur egun publiko jakin baten ohiko kontsumo gai bihurtu? Zalaparta bera eragingo ote luke gaur egun antzeko proposamenekin datorren artistak?

1 comentario: