sábado, 6 de enero de 2007

40 galderatik gora Baroja modaz pasatzera doan honetan

2006. urtea Barojari buruz hitz egiten pasa dute askok. Bost hamarkada joan dira Donostian jaio, munduan idatzi eta Madrilen hil zen gizon hura hil zenetik eta gorbata estuenek ez dute aukera galdu kabiar eta xanpain arteko hitz aspertuetan Donostiako idazlea aipatzeko, betiere modako prentsaren aholkuei jarraituz. Baina zalantza asko egin gabe ikus daiteke 2007. urtean perfumatu koadrila horrek beste ospakizunen bat bilatuko duela. Barojaren trenetik jaitsi eta Indurainen bizikletari helduko diote adibidez, Atarrabiako txirrindulari handiak erretreta hartu zuenetik hamar urte igaro direla gogoratzeko; edo Elvis Presley duela 30 urte hil zela oroituko dute, batek daki. Eta Pío Baroja liburutegietako apaletan etzanda geratuko da, orain arte egon den bezala. Eta guk jakin-minez jarraituko dugu. Ondoko kontu hauek jakin nahian, besteak beste:
Nor zen Pío Baroja? Ba ote daki inork? Donostiako Okendo kalean dagoen autobus geltokian esertzen diren pertsonetatik zenbatek irakurtzen dute "Aquí nació Pío Baroja" dioen plaka? Nori inporta zaio gizon hori nor zen eta non jaio zen? Zergatik ez du "Pío Baroja hemen jaio zen" jartzen? Plaka erdara hutsean idatzi zuten eta... norbait kexatu al da?

Berak ere erdaraz idatzi zuen, zer dela-eta? Erdaraz aritutakoa beraz eta, Koldo Mitxelenak galdetu zuenez, gurea ote dugu Baroja? Eta erantzuna ezezkoa bada, izango ote da inoiz gure? Funtsean, maite al zuen Barojak Euskal Herria? Zergatik ez zen abertzalea? Federiko Krutwigen itauna ekarriz, zer egin zuen gaizki abertzaletasun zaharrak Baroja uxatzeko? Orain abertzalea izango litzateke? Eta euskaldunek, garaiko euskal hiztunek, maite al zuten bera? Maite al dugu orain?

Eta espainolek? On Píoren zein alderdi ezagutu zuten? Irakurri ote dute bi begiez Zalakain Abenturazalea? Zer iritzi ote dute? Eta Jaun Alzatekoaren Legenda? Eta Bidasoako Errepublika Independenteaz esan zituenak? Irakurri al dugu euskaldunok behar bezala Jakintzaren arbola? Zergatik bihurtu da azken hau hegoaldeko ikastoletan ia mundu guztiak irakurri duen nobela? Zergatik ez aurreko biak, gaiari erreparatuz gureak ditugunean?

Nolakoa zen bere estiloa? Ortega y Gassetek arrazoi zuen akaso, Barojaren pertsonaiek nobelako gertakizunekin erakusten duten interes falta kritikatzean? Edo horixe zen idazlearen helburua? Ez ote zuen arrazoi handiagoa Jorge Oteizak, Barojaren estiloa bertsolariarenarekin alderatzean? Ez al da berea euskal estilo tradizional baten adierazgarri eta kromletx-hutsunearen gorazarre, espainolez idatzita egon arren? Bizi dugun garaian inporta al du horrek batere?

Eta nola pentsatzen zuen? Eszeptiko hutsa izaki, nola da posible zientziarekin horrelako fedea eduki izana? Bere bizimodu buhame eta nahasiari erreparatuta, nola ulertu liteke bere germanofilia eta horrek XX. mendeko lehen erdian atzetik zekarren artefaktu ideologiko guztia? Nondik zetorren bere ezkortasuna? Zergatik hiltzen dira bere protagonista asko istorioaren amaieran? Nola hil zen bera? Francoren Espainia ultrakatolikoko apaiz beltz horiek zergatik egin zuten halako presioa bere azken borondatea bete ez zedin? Gurutzerik gabe lurpera zezaten eskatu zuelako agian? Nola lortu zuten bere senideek, hilberriak eskatu bezala Jainko eta apaizik gabeko hilerri zibilean hobiratzea?

Ernest Hemingwayk zer ikusi zuen Barojarengan? Eta John dos Passosek? Zergatik da Baroja irakurle gazteek (eskolan derrigortuta besterik liburuak hartzen ez dituzten horiek) gustura hartzen duten idazle bakarrenetarikoa?

Nor zen Pío Baroja? Inork ba ote daki?



Jatorriz Xirikan argitaratua

7 comentarios:

  1. oharra: Aurreko komentarioan irakurleak egin beza ariketa intelektual hau; "zen," eta "gustora" artean "baina" bat irakurri.

    ResponderEliminar
  2. pedantea izango zen, gustora irakurtzen ditut galderak, erantzun asko ematen dituztelakoan nago. (to pedantekeria)

    ResponderEliminar
  3. "Ez naiz irakurtzearen aldeko"

    Hori ere jartzen al duzu hortik zehar kurrikulumak bidaltzen dituzunean?

    ResponderEliminar
  4. Ez naiz irakurtzearen aldeko. Baina gustura irakurtzen ditut zure testu ironiatsuak. Etorkizunean Gorka Bereziartua irakurtzen nuela esango dut. Eta galdetzen badidate nor den, liburutegietako apaletara joateko eskatuko diet. Hortxe dituzue "B"aroja baino eskuinerago (ezkerrerago nahi arren) "B"ereziartua. :)

    ResponderEliminar
  5. Hori gaur egun kurrikulumean derrigorrez jarri behar da lana lortu nahi bada! Nola emango diote-ba enplegua, kontratua irakurtzen hamar minutu pasatzeko gai denari?

    ResponderEliminar
  6. Ez zaitez hurbildu Donostiatik Benino lepoa moztuko dizut eta. Batzuk gutxi irakurtzen dugu eta beste batzuk gehiegi. Akaso kurrinkulumean jarri beharko nuke soilik gertuko idazleen poemak irakurtzen ditudala...

    ResponderEliminar