lunes, 29 de enero de 2007

Poesia ondo plagiatzeko metodoaren azalpen laburra, eta adibide bat

Berriro ere plagio kontuekin gatoz, eta bai, berriro ere Atxagarekin. Ez dugu deus bere kontra, garbi geratu zen aurrekoan ere, alderantziz, gure xumetasunean, berak irekitako bidea osatzera gatoz. Izan ere, jakina da bere Obabakoak liburuan, Atxagak “Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra” eman zigula, adibide batez ilustraturik eman ere. Metodo hau, ordea, testuan zuzenean adierazten ez zaigun arren, garbi dago prosari begira eginiko metodoa dela. Ez da baliagarri poesiarako. Ikus bestela lehenengo araua: “Plagiatzaile batek argumentu garbiko testuak aukeratu behar ditu”. Argumentua, bada, prosari dagokion kategoria da, ez da baliagarria poesia analizatzeko. Hirugarren arauarekin ere, beste horrenbeste: “Nobela edo ipuinek nonbait eta noizbait gertatutako istorioak kontatzen dituzte. Plagiatzailearen lana izango litzateke ereduaren bi xehetasun horiek aldatzea” Ez du komentariorik beharrik.
Honek guztiak galdera batera garamatza: zergatik ez zuen Atxagak  poesia sartu bere metodoaren barruan? Zer dauka poesiaren kontra? Erantzun estandarrak horrelako zerbait esango luke: Prosa plagiatzea, tira, ez da erabat grabea; baina poesia, mesedez, poesiarekin ez da jolasten. Poesia originaltasunaren eremu behinena da, genioaren leku naturalena, eta ez dago munduan metodorik poesia plagiatzeko balio duenik. Baina ez gaitezen utzi engainatzen, Atxagak lehenagotik bazuen poesia plagiatzeko metodoa, kontua da ez zuela publikatu; hori egin beharrean, praktikara eraman zuen bere poema-liburuetan. Ziutateaz edo Etiopia, bada, poesia ondo plagiatzeko bere metodo ezkutuaren emaitza baino ez dira. Metodo honen berri, honenbestez, ez digu mamu misteriotsu batek eman (demagun Lizardiren espektroak), Atxagaren poemen irakurketa adi eta konparatu batek baizik. Horrela dio metodoak:

Lehenengo araua: Etsai poetiko bat hautatu. Ahal bada, poetika instituzionalaren kontra egin. Gaztea zara eta ausartzat hartuko zaituzte medioek, “belaunaldi berri” eta horrelakoen buru jarriko zaituzte. Jakina, gero zuk ukatu egingo duzu belaunaldi baten parte zarena, zu munduan bakarra baitzara, errepika ezina. Jakina, plajiatu nahi duzun poetaren etsai bera ez hautatu, nabariegia litzateke.

Bigarren araua: Plagiatu nahi duzun poemen teknika jasotzen saiatu. Demagun, beste hizkuntzetako esaldiak txertatzeko joera, pop elementuak, testu publizitarioen eta horrelakoen erabilera…

Hirugarren araua: Sekula ez aipatu plagiatu behar duzun poeta, hura ez da zuretzat existitu ere egiten. Honen ordez, poeta honek maisutzat dituen poeta ilustreak zure egin, inork ez dizu poeta handi baten jarraitzaile zarela leporatuko.

Laugarren araua: Garrantzitsuena, eta prosarako metodoaren azkeneko araua dena halaber. Alegia, literatur teoria garaikidean jantzia egotea, metaliteraturaz, intertestualtasunaz-eta hitz aspertuak emateko gai izatea. Jakina da, kritika eta iruzkinek poemak baino gehiago balio dute.

Adibide bat:

Ikus dezagun Atxagak nola burutu zuen metodo hau, maisuki, dena esan beharra dago, bere liburuetan.

Lehenengo araua: Plagiatu nahi den poetaren etsai poetikoa: gerraondoko poesia sozial espainiarra (Gabriel Celaya, Victoriano Cremer eta horrelakoak). Atxagaren etsai poetikoa: euskal poesia soziala, bereziki, Gabriel Aresti. Hautsi da anphora, mila zatitan multiplikatu da; hautsi da harria, harea bilakatu da. 

Bigarren araua: Atxagaren ereduak idazten du: “del amor fox y sobre todo trot”, bada, Atxagak zera idazten du: “mila liburu erregalatu zituzten bankuek ora eta bereziki labora lemapean”. Atxagaren ereduak Conchita Piquer, Blas de Otero, Yvonne de Carlo, Superman edo Scott Fitzgerald aipatzen dituela, Atxagak Otis Redding, Jon Mirande, Humphrey Bogart, King Kong edo Cravan. Poeta plagiatuak manual batetako lerroak imitatzen ditu, Atxagak telegrama batetakoak. Ereduak “my dear” idazten badu, gure Atxagak “my darling”, hark “venden sentido común”, honek “zoriona gramoka saltzeari ekin zioten”, hark “San Lukács evangelista” bezalako hitz-jokoak, honek “klitxeak beti klitxeak, edo txikleak zapore guztitan”, “pippermint” eta “yougurt fantastikoak” “Palm Beach” eta “Canadako basoak” etcétera, etcétera eta abar.

Hirugarren araua: Atxagaren ereduak Pound eta Eliot aipatzen ditu bere “collage” estiloaren erreferentziatzat. Gogora ditzagun Pott aldizkariko zenbait artikulu: “T.S. Eliot gaurkotasunaz zenbait ohar”, Eliot beraren poemen itzulpenak edo “Barkatu, Cravan” poemako Ezra zaharra.

Laugarren araua: Elemental Mister Watson.

4 comentarios:

  1. Ez ala da frikiegia horrelakoetanibiltzea? Errespetu osoz, baina, naiz eta Bernardo Atxagak kerik asmatu ez, berak hurbildu ei eutsozan "plagiatutako" poeta horrein idea/estilo/irudi/danadalako irakurle euskaldunari. Gainera beti da hobea jatorrizko hizkuntzan irakurtzea (are +au poesia), beraz jatorrizko hori euskera izatea gurebadozu eta puntako iksumira modernoagoak jaso gurebadozuz, bada, logikoa da lade batetik edo bestetik errenka dabilen idale bategaz topo egitea. Kasu honetan Atxaga. Gainera Atxaga gaztea, oraindik bere barne anabasa askatzeke eban Atxaga. Beraz, potroak puztute, aurrera Atxaga.

    ResponderEliminar
  2. Egiluz joan hadi argazkiak ateratzea eta lizentziatura behar bezala amaitzera. Karmelo Landaren klaseek kalte egin al zizuten? Gainera "xebi renegatu" bat zea. :)

    ResponderEliminar
  3. Zer dakizue Joxemari Iturralderen "Hyde Park-eko hizlaria" liburuari buruz? Plagioa dela entzun dut nonbait... Nola demostratzen dira halako gauzak?

    ResponderEliminar
  4. Jainkoarren! Gu denak Pott banda euskal literaturarako erreferentzia bikaina zelakoan eta orain hau... denak plagiatzaile!

    Eta gauza hauek nola demostratzen diren, nik behintzat, ideiarik ere ez. Auzitegi Nazionaleko sala horietakoren batean agian.

    ResponderEliminar