miércoles, 10 de enero de 2007

Welcome to Hayastan!

Ataturk Alani aireportua, Istanbul, goizeko ordubata. Egun guztia itxoiten eman ondoren Erevanera, Armeniako hiriburura eramango gaituen hegazkinera igo aurretik poliziaren azken kontrol zorrotza pasa dugu. Tentsio uneak agerikoak izan dira polizia turkiarraren eta bidaiari armeniarren artean. Antza, azken hauen artean askok ez du ahaztu Lehenengo Mundu Gerraren amaieran, otomandar inperioaren azken egunetan, euren senideek munduko beste herrialde batzuetara alde egin behar izan zutela genozidiotik ihesi.
Oraindik ere ilun dago Erevan aireportuan lur hartu dugunean. Ordutegi aldaketak direla eta, goizeko 6:30etan zapaldu dut lur armeniarra edo hobe esanda hormigoizko lur hotza. Lo askorik egin gabe, nahiko nahastua nabil aireportuko egitura zaharkituetatik. Poliziak bi ilaratan banatu gaituzte bidaiariok, alde batean bertakoak eta bestean turistak: ni bezain galdurik dabiltzan bi ilehoridun. Bat-batean, ilara bisarik ez dutenentzat dela ohartu eta salto batean niri dagokidan leihatilara hurbildu naiz. Orain bai, bakar bakarrik nago Sobietar Batasunaren garaiko kapela daraman polizia baten aurrean. Kapelako igitai eta mailuari bista kendu ezinik nenbilela emakumeak eskuartetik kendu dit pasaportea. Hasieran mesfidantzaz eta gero harriduraz begiratu nauela konturatu naiz. Seguruenik nire piurak izango dira: egunetako bizarra, safari moduko galtza motzak, eta batez ere ezpain azpian dudan piercina. 10 minutu pasa dira eta ordurarte hitzik esan ez didan emakumeak welcome to Hayastan! batekin pasaportea bueltan ekarri dit.

*   *   *


Herrialde honetan hamar egun daramatzat eta aspertuta nago munduko eliza zaharrenak bisitatzeaz. Gainera orain hobeto ulertzen dut nire etorrera egunean poliziak ipinitako aurpegi arraroa; Armenian umeek bakarrik janzten dituzte galtza motzak, nahiz eta udaran bero jasangaitza egiten duen; eta piercina, tira, gizonek neure kontura barre egiten duten bitartean emakumeek begikotasun misteriotsuz begiratzen didate. Kaleko begirada guztiak nireganatzen gustura ez nagoela konturatu naiz.

*   *   *


Azkenean gauzak aldatzera doaz. Amaigabea zirudien meseta kaukasiko zabala igaro ostean azkenean aurrez aurre Ararat mendi biblikoarekin egin dugu topo. Kondairak Noeren Arka uholde unibertsala igarota bertan pausatu zela dio. Armeniako zoko guztietatik ikusi daiteke 5.265 metro dituen nazioaren sinbolo hau, kutsadurak eta eguraldiak hala nahi duenean behintzat. Herri baten sinboloa beste estatu batean egotea paradoxikoa den arren, Armenian hala gertatzen da. Kurdistan turkiarrean aurkitzen den mendiak armeniarren psikologian eragin zuzena du; Ararat ikusten duten bakoitzean turkiarrek hildako 600.000 anai-arrebak gogoratzen dituzte, eta hori gutxi ez balitz Ararat inoiz ezingo dute ukitu. Portugaldarren malenkonia bera ekartzen didate gogora.

Ararat parez pare ikusten den begiratokira iritsi eta, bertan eliza-monastegi bat ere badagoela ikusi dut. Khor Virap-etik burua altxa eta mendiko tontor elurtuan utzi ditut neure begiak. Orduan bidaia prestatzen ibili nintzeneko asmoaz oroitu naiz. Hasiera batean Armenian Turkiatik sartzea pentsatu banuen ere, hori ez zela posiblea izango ohartarazi zidan batek baino gehiagok. Muga itxita eta nahiko militarizatua dago Kurdistango gatazka dela eta. Ohartu gabe muga marrazten duten hiru harresietako lehendabizikora hurbildu naiz. Nire atzetik Christoper, Fabrizio, Levan eta Samuel ere etorri dira. Harresiaren beste aldean ez dago herririk, bai ordea lurretik 25 metro gora altxatzen den militarren behatoki iluna. Handik irten diren tiro hotsek erakutsi digute ez dutela konpainiarik behar. Korrika egin dugu ihesi.

Armeniatik ez. Hemendik ez dugu ihes egin: penaz agurtu dugu. Bidaiak aurrera darrai eta Kaukaso berdera joateko unea iritsi dela pentsatu dut.

1 comentario:

  1. Ostia, testua oso irakurterraza da eta horrelako kapitulu laburtxoek naturaltasuna emoten deutsie bidai-testu bati. Jarraituko zenduke, mesedez, bidaiatzen, azterketetan gagozenok atsedenalditxo guapo bat euki ahal izateko hurrengo kapitulua irakurtzean? ;-)

    ResponderEliminar