lunes, 9 de abril de 2007

Gaztezulo aurkezten

Gaztetxulo-Gaztezulo. Gaztezulo-Gaztetxulo. Badakizu zertaz ari naizen ezta? Tradizionalki Donostia inguruan arrakasta itzela eduki duen aldizkariak bere aurpegi berriaren aurkezpena egin zuen. Bilbon. Kafe Antzokian. Kerobia eta Break dantzariak izan ziren oholtza gainean. Eta gainera sarrera doan zen...  Kontzertura berandu heldu ginen, irakurleari gehiegi interesatzen ez zaizkion gorabehera batzuk direla eta. Asuntua da areto bilbotarreko sarreran izaten diren mahai horietako batean Gaztezulo aldizkariaren ale andana topatu genuela. Lehenengo eta behin, izenaz gain maketazioa ere aldatu dutela somatzen dugu. Portadan Ilaski Serrano, Aitziber Garmendia, Sara Cozar eta Larraitz Arando, sexuaz ari omen dira. Gogoratu behar dugu Durangoko Azokarako azala ere gai horri eskaini ziotela, bale Euskal Herrian nahiko beharrean gabiltzala (eta artikulu bat egiteko gai OSO erraza dela), baina barruan gai interesgarriagoak aurkitu ahal dira. Mikel Agote surflariari egindako elkarrizketa, adibidez. Eta argazki eleganteagoekin gainera.

Publizitate instituzionalez hornitutako aldizkari honek (ez dugu hau kritika moduan esaten, datu bezala baino) bere aurrekariaren tendentzia jarraitzen du tematikari dagokionean, publiko nerabe-neounibertsitarioari zuzendutakoa (hau ere ez da kritika bat): ez-dakit-nongo parranda ezinhobea dela, Iñigo Agirrek Kortaturen abestiak kantatzen dituela dutxan... Baina maketazioa oso ondo dago, hori ere aipatu beharra dago, eta disko eta filmen kritikak ere bai.

Asuntua da kontzertu-emanaldi polita aukeratu zutela formatu berria aurkezteko. Heldu ginenerako Kerobiaren kontzertua bere ekuadorrera heldu zen, eta "Rose Escargot" fina orriultzen ari ziren. Egia esan ez geneukan talde honen inguruko erreferentzia onik zuzenean, izan ere, beraiekin gozatzeko aukera izan genuen azkenean Bilbao Hiria pop-rock lehiaketan, orain dela bi urte baino gehiago. Eta taldea ez zen oso fin aritu, gehienbat Xabi Hernandez abeslaria. Oraingoan oso-oso ondo aritu zirela aipatu behar dugu, guzti-guztiak gainera. Teklatu-jotzaileak diferentzia markatzen duen horietakoa da (denbora bere alde duenean Half Foot Outside lagunekin ere aritzen da). Bertan topatu nuen lagun batek aipatu bezala, "ez dute gurpila asmatu, baina egiten dutena oso ondo egiten dute", eta egia da, Keane, Coldplay edo Interpol bezalakoen soinuak hurbil baitituzte. Baina euskaraz.

Oso intentsua izan zen amaiera, eta ondoren Aritz Sound System (aldizkariko kolaboratzailea) eta DZ aritu ziren taula gainean. Reggae eta antzerako doinu pisutsuen inguruan mugitu ziren biak ala biak, eta bapatean, break dantzariak igo ziren eszenatokira. Batzutan ez da gehiegi jakin behar estilo zehatz batetaz: edo gustatzen zaizu edo ez. Eta gustatu zitzaigun. Jauziak, itzulipurdiak, bihurrikari batek bakarrik egin ditzakeen mugimenduak behin eta berriz errepikatuz, batzutan kaskoa buruan zutela. Kafe Antzokian gelditzen zen publiko eskasa animatzen saiatu ziren, eta gutxi horiek break-dancea gustoko zutela somatzen zen, gu bigarren plano diskretu batetan gelditzen ginen bitartean.

Info +: http://www.gaztezulo.com/

1 comentario: