martes, 10 de abril de 2007

Kritikariaren scusatio non petita

Literatur kritikariaren lana ez da begi onez ikusten den jarduna, gauza jakina da. Oro har, idazleek ez dituzte sobera estimatzen, adibidez, hamar urtetan burututako lan gogorra ordu erdian idatzitako kritika batek bidali ei dezake pikutara eta. Irakurleak, kritikarien jarraitzaile fidelenak izanagatik, ez dute inoiz onartuko euren iritziak aintzat hartzen dituztenik. Kritikariaren itzalean beti daude galdera bertsuak: nor zara zu halako judizioak egiteko? Zeren arabera diozu honako hau eta honako bestea? Ez al zara idazle frustratu bat izango ala? Hitz bitan, esan daiteke kritikaria dela literatur sistemako “maltzurra”.
Egoera honetan, sarritan kritikariek euren burua zuritzeko beharra sentitzen dute, horren maltzurrak ez direna aldarrikatuz. Horrelako zerbait gertatuko zitzaion berriki Noticias de Gipuzkoako Iker Zaldua kritikariari, Katixa Agirreren Sua Falta Zaigu liburuari egindako kritikan (Kritiken Hemerotekan duzue). Bertan galdetzen dio bere buruari, beste inork aurrez galdegin ez dion arren, ea zer ote den ona izatea; ona zentzu estetikoan esan nahi baita, hau da, zein irizpideren arabera esan daitekeen liburu bat ona dela. Eta bere irizpidea arras garbia da: liburu bat ona da baldin eta kritikariari gustatu bazaio. Iker beraren hitzetan: “Nire irizpidea sinplea bezain zehatza da, gustatu egin zait (liburua)”. Bere kausarekin solidarioa naiz ezbairik gabe, kritikariaren  jarduna duina eta beharrezkoa dela sinetsita nago, baina hemen kritikariak hanka sartu duelakoan nago. Umiltasun deklarazio bat dirudi Ikerren aitorpenak. Ez pentsa irizpide konplexu eta erudituetan oinarritzen direnik bere juzguak, Ikerrek kritikarien Olinpo partikularretik jaitsi nahi du, bere burua irakurle xehearen alboan ipini; gustua da bere irizpide xumea, besterik ez. Nire irudirako, ordea, kontrakoa lortzen du. Zeren, horrela, berehala galdetu beharko genioke zergatik bere gustua, irakurle xehearena ez bezala, azaltzen den islaturik Noticias de Gipuzkoako orrialdeetan edota Kritiken Hemerotekan. Zergatik jasotzen dituen liburuak, irakurle xumeak ez bezala, debalde. Eta abar. Kritikariaren juzgua ez da eta ezin da izan inondik ere xehea eta ez du merezi horregatik lotsarazita eta norberaren burua zuritzeko nekeak hartuta ibiltzea. Kritikariari, nik behintzat, bere gustu partikularra ematea baino gehiago eskatzen diot; osterantzean errazegia eta erosoegia izango litzateke bere lana.

Gainera, aitorpen horren kontraesana ere agerikoa da. Kritikariaren irizpidea bere gustu partikularra baldin bada, zertarako argudioz beteta idatzi dituen kritika sorta horiek guztiak? Zertarako Katixa Agirreren liburua gustatu zaiola esan ondoren idatzitako lerro horiek (ipuinen gertutasuna dela eta ez dela)? Gutxieneko karaktereko kopurua betetzearren baino ez?

No hay comentarios:

Publicar un comentario