lunes, 30 de abril de 2007

Unai Elorriaga: "Nahita bilatzen dut sinpletasuna, baina batzuek sinplekeriarekin nahasten dute."

Orain arte bi urterik behin argitaratu izan du nobela bat, eta aurten tokatzen zaio. Hala ere, laugarren nobela zertxobait luzatuko dela esan digu algortarrak, baina baduela lana esku artean. Itzulpengintzaz, literaturaz eta unibertsaltasunaz eman digu iritzia, besteak beste, etiketez nekatuta dagoen idazle honek.

Zertan zabiltza orain? Proiektu berririk?


Laugarren nobelan nago lanean: Londres kartoizkoa da. Aurreko hirurekin konparatuta desberdinena da. Estilo sinpleagoa eta egitura konplexuagoa. Bestalde SPrako tranbia (Elkar, 2001) zinera eramateko lanetan dihardute eta iritzia eskatzen didate zenbaitetan.


Denetarik egin duzu: nobelagintza, saiakeragintza, itzulpengintza... zein duzu nahiago?


Gauza asko egin ditut baina bakoitzetik gutxi. Denak dira diferenteak; batak duena ez dauka besteak.


Itzulpengintzaz, behin, esan zenuen, Euskal Herrian liburua itzultzen dela, ez literatura. Zelan ikusten duzu euskal itzulpengintza egun?


Sasoi batean euskal itzulpengintza oso eskasa izan zen. Liburuak itzultzen ziren literatura kontutan hartu gabe; eta ez da gauza bera testu administratibo bat eta nobela bat. Oinarrian dagoen arazoa ekonomikoa da, ez dago dirurik. Eta dirurik ez badago itzultzaileek oso denbora gutxian amaitu behar dute lana, eta horrela ezin da itzulpen onik egin. Egoera hobetzen doa baina oraindik asko falta da.


Zeure beste aipu bat hona ekarriz: "Itzulpena nobelek behar dituzten berridazketa dira, baina beste hizkuntza batean". Horregatik onartu zenuen SPrako tranbia zinera eramatea? Finean beste lengoaia bat da zinearena...


Gauza askogatik onartu nuen zinearena: Zuk asmatutako zerbait errealitatera eramatea, aktoreek zure testuak ikastea... hori pasada bat da. Zuk sortutako testu txiki batetik mundu bat sortzea ikaragarria da.


Gero gerta liteke zuk zeneukan ideia eta zuzendariarena bat ez etortzea.


Nik nire lana liburua bukatzerakoan amaitu nuen. Filma zuzendariaren lana da, ez nirea. Niretzat sari moduko bat da eta horregatik laguntzen diet ahal dudan heinean. Baina pelikula zuzendariaren lana da, berak dauka azken hitza.


Euskaraz izango da?


Ez, gaztelaniaz.


Lan bikoitza bada ere, zuk gazteleratu dituzu zeure nobela guztiak; zer dela eta?


Lan bikoitza edo laukoitza! Kar-kar. Baina kontua da zuk baino hobeto ez duela inork egingo. Lan handia da, baina egiteko aukera daukat eta egin egiten dut.


Zeure nobelak izanik, itzultzerakoan gazteleratu baino ez duzu egiten ala berridazten duzu testua? Asko aldatzen da hizkuntza batetik bestera?


Xehetasun txiki batzuk bai aldatzen dira, batik bat elkarrizketak. Eta horrek pertsonaien izaera pixka bat moldatzen du. Duela gutxi esan didate gaztelaniaz euskaraz baino azalpen gehiago ematen ditudala; inozoak balira bezala tratatzen ditudala gaztelaniazko irakurleak. Kontua da euskaraz oso zuzen esaten diren zenbait gauza gaztelaniaz zakarregi geratzen direla. Orduan azalpen gehiago eman behar dira eta esaldi luzeagoak idatzi. Baina funtsean nobela bera da.


(Elkarrizketaren bigarren zatia: 2007-V-3an, ostegunean)

8 comentarios:

  1. Izan ere, uste bainuen marketing amarru bat baino ez zela...

    Ostegunean ez, astelehenean bertan esaten dizut, azalpenak entzun ondoren, ideia bikaina iruditzen zaidala.

    Eta itzulpen kontuekin ez nator bat.

    ResponderEliminar
  2. Itzulpen kontuarekin bat nator, bai.
    Eta elkarrizketak zatitzea mediora moldatzeko ahalegina baino ez da izan, eta ez, ez dizute unibertsitatean irakasten, ezta beste gauza asko ere.
    Ostegunean esaidazu gustatu zaizun ala oso ideia txarra den... kritiketatik ikasten da ere... eta hori... hori ere ez didate unibertsitatean irakatsi, uste dot anai nagusiak esan zidala behin :-)

    ResponderEliminar
  3. "(itzulpena) zuk (dazleak) baino hobeto ez duela inork egingo"

    Ah bai? horren ziur al zaudete?


    Eta elkarrizketak zatika igotzearena zer da fakultatean irakasten duten gauza horietako bat?

    ResponderEliminar
  4. Eskerrik asko Julen! Hiru egun baino ez dira falta ;)

    ResponderEliminar
  5. Agian elkarrizketan gehiegi laburtu nuen Elorriagaren erantzuna itzulpenen inguruan, baina, azken finean testu bat itzultzerakoan mamirik eta detailetxorik (edo lerrotarterik) ez uzteko, ondo ezagutu behar da lan originala.
    Eta, nor, idazlea baino hobeto detaile guztiak ezagutzeko?
    Ez dot esan gura idazleak berak baino ezin duela egin, eta ez dot uste hori esan gura dauanik Elorriagak; bera ere itzultzailea da...

    ResponderEliminar
  6. Eskerrik asko fumut :) Badago bigarren partea eskegita.

    ResponderEliminar