jueves, 13 de octubre de 2005

Denok dugu Berlin bat gure baitan


Denok dugu Berlin bat gure baitan, bere mintzaira ulertezinekin, bere lurpeko pasadizo abandonatuekin. Denok dugu Berlin bat gure baitan, bere harresi eraitsiekin, erosotasunera eramaten gaituztenak, mediokritatea saltzen digutenak; bere harresi zatitzaileekin, tristezia eta oinaze aieneak isilarazten dituztenak, paternalista egiten gaituztenak.


Denok dugu Berlin bat gure baitan, bere bele beltzekin, jakina. Nork ez dauka bere ekialdea, bere mendebala? Nork ez du desiratzen ekimendebala? Bonbardaketa guztiek ere ez dute gure baitako Berlin hori suntsituko, ez dizkigute gure utopiak zapuztuko, gure Tacheles partikularrak desjabetuko. Denok dugu Berlin bat gure baitan, bai, bere emakume eder eta maitagarriekin, garelarik ohartzen instanteko maitemina dela maitemin berdadero bakarra. Instantekoa den bezala agurra, instantekoak diren bezala, zergatik uka, oroitzapenak. Denok dugu Berlin bat gure baitan, Berlin bat eta ez askoz gehiago, gure berreraikitze planekin, gure trazu guztietako biktimekin eta kabitu ere egiten ez zaizkigun hauen omenezko monumentuekin. Denok dugu Berlin bat gure baitan, aixkide, denok baitugu kontzentrazio-esparru bat gure baitan, denok dugu-eta judutar bat gure baitan, eta turkiar bat, eta errusiar bat, eta deskuidoan euskaldun bat ere, jakintzazu. Denok dugu Berlin bat gure baitan, amigo, U-Bahn, S-Bahn, bitte Friedrichstrasse, bitte. Denok dugula Berlin bat gure baitan, eta batzuek Berlin bat eta pare bat ipuin eta aitzakia, baina batzuek bakarrik amigo, batzuek bakarrik.

1 comentario:

  1. Ez dot plumillas hau ezagutzen baina oso ona iruditu jata testua. Polita, eta arina. Errepikapen horreik ganera asko gustatzen jataz. Hori bai, amaierak pixkat jokoz kanpo itzi nau... "Berlin bat, eta pare bat ipuin eta aitzakia"... jokoz-kanpo atzera be; baina kag?en dios, horregatik be gustatzen jata testua ;)

    ResponderEliminar