lunes, 3 de octubre de 2005

Lau talde lehian asteburu honetan, Debajazz jaialdiko talde berrien lehiaketan


Elgetako Espaloia Kafe Antzokiak aste honetan jasoko du Debajazz jaialdiak talde berriei eskaini dien lehiaketako finala. Larunbatean, urriak 8, El Eje Quintet donostiarrak eta High Grooving Estatu Batuarrak arituko dira. Igandean berriz, Zafari Project madrildarrak eta Karion kataluniarrak izango dira lehian.


Musikeneko artistek osatzen dute El Eje taldea, Carlos Bernal gitarristak, Jose Gallardo saxoak, Ivan San Miguel kontrabaxuak, Alejandro-Satxa Soriazu pianoak eta Francisco Gazol bateriak. 2002. urtean Donostiako altxerrin estreinaldia egin zutenetik gelditu gabe ibili dira eszenatokiz-eszenatoki beren dohainak erakusten. Besteak beste aipatzekoak dira taldeak 2004. urtean Zaragozako jazz jaialdian emandako kontzertua edo aurtengo Donostiako Jazzaldian eskaini zutena.


High Grooving taldea Estatu Batuetatik dator eta Gabriel Riesco (gitarra), Dennis Frehse (bateria), Alex Gordeev (saxoa), Demian Gabaud (kontrabaxua) eta Leo Genovese (pianoa) dira taldeko partaideak.


Igandean ariko diren taldeei dagokionean, Zafari Project talde madrildarra Marta Sanchez pianoak, Julio Botti saxoak eta Francisco Lopez kontrabaxuak osatzen dute eta besteak beste azpimarragarria da 2004. urtean Ibizako Injuve jaialdian Solid! taldearekin batera eskaini zuten kontzertua. Igandeko bigarren taldeari buruz, Karion taldeari buruz hain zuzen ere, esan Bartzelonatik datozela eta Marc Cuevas kontrabaxuak, Sergi Sirvent pianoak eta Ramon Prats bateriak osatzen dutela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario