domingo, 30 de octubre de 2005

...eta nobelak maparekin egin zuen topo

Literaturak behar al du irudiaren laguntzarik? Zein neurritaraino da osasuntsua letretan irakurri duguna irudietan ikustea? Hau ez da pelikula bihurtzen diren eleberriei buruzko artikulu bat. Kontatzen duen istorioa hobeto jarraitu ahal izateko irudiak (planoak, mapak...) erabiltzen dituzten nobelei buruzkoa baizik.

Testu honek urtebete badarama gutxienez idazten ari den tipo honen buruko biltegian. Iazko Durangoko Azokan hasi nintzen gaiaz pentsatzen, Pamielako stand-ean liburu bat erosita Bernardo Atxagaren ?Lau aldiz elur? liburuxka eta Obabako mapa zeukan postal bat eman zidatenean. ?Soinujolearen Semea? eta ?Obabakoak? irakurri ondoren herri imaginarioa modu batera eraikia zuen artikulu hau sinatzen duenak, eta postal hori ikusteak, nola esan, munduko txinatar guztiek batera jauzi egin izan balute bezala izan zen niretzat: sekulako lurrikara. Postaleko hark nire Obaba ordezkatu zuen. Orain ez dakit irakurtzen ari nitzen bitartean Obaba imaginatu nuen edo ?A Beautiful mind? filmean Russel Croweri gertatu bezala, existitzen ez ziren gauzak imaginatzen ari ote nintzen. Norbaitek ?Zer ari haiz txo! Hori ez duk benetakoa, HAU duk Obaba!? esanda bezala geratu nintzen.


Hala ere, badira maparik gabe imaginatu ezin ditudan liburuak. Burura datozkidan batzuk R.L. Stevensonen ?Altxor uhartea?, Umberto Ecoren ?Arrosaren izena? edo gertuago begiratuz Sarrionandiaren ?Lagun izoztua? dira. Horietan guztietan mapak ez du irakurle honen gogoan tsunamirik sortu. Are gehiago, letren artean galdu gabe ibiltzeko beharrezkoak izan ditudala ere esango nuke. Liburuaren hasieratik eskura izan nituelako izango da agian, baina aitortu behar dut gaur egun ez nintzatekela ausartuko Adsorekin batera liburutegi-labirintoan sartzen planoa eskura eduki gabe. Erosotasun kontua izango da agian.


P.D.: Erosotasuna eta gehiegikeria. Probatu Tolkienen ?Eraztunen Jauna? eleberriko mapak Interneten bilatzen. Milioiak eta milioiak aurkituko dituzue...

2 comentarios:

  1. Ezagutzen duzu Alberto Menguel argentinarraren 'Gu?a de Lugares imaginarios' liburua, Alianza Editorialean argitaratua? Literaturak imajinatu dituen hainbat eta hainbat lurralde imaginarioen deskribapen zehatza da.

    ResponderEliminar
  2. Ba ez nuen liburua ezagutzen ez... Eskerrik asko gomendioarengatik, egia esan gaia asko interesatzen zait, joku asko ematen duela uste dut :-)

    ResponderEliminar