sábado, 30 de septiembre de 2006

Arteak humanizatzen al du?

Ezaguna da George Steiner-en galdera hori: arteak humanizatzen al du? Nola liteke SSetako sarjento batek goiza konzentrazio-esparru batean igaro ondoren arratsaldean Shakespeare edo Mozart-en obrekin gozatzea? Norbaitek esan dezake: Izan ere, sarjentook ez ziren Shakespeare edo Mozarten ikasgaiak jasotzeko gai, ez zuten haien obra ondo ulertzen. Steiner berak aipatzen duen lez ordea, arazoa ez da hori, sarjento hauek ez zituzten obrak gaizki interpretatzen, Alemaniako ikastetxe eta unibertsitate onenetan ikasitakoak baitziren, batzuk bederen.Badirudi, antza, goi kultura eta moralki ona izatearen artean ez dagoela erlazio zuzenik, kulturak ez duela inor on bihurtzen. Eta hor ditugu adibideak: Quevedo antisemita zela, Heideggerrek naziekin flirteatu zuela, Picasso ere ez omen herritar eredugarri bat presezki; edo alderantziz, begira zeinen atsegina eta ona den ene auzoko eskale analfabeto hori. Ohartu behar gara, haatik, idea honek artearen inguruko beste ondorio batzuk dituena, akaso horrenbesterako grazia egiten ez dizkigutenak. Izan ere, honen arabera, arteak libertimendurako besterik ez du balio: Wagner entzunda gozatu egiten dut eta ez da besterik, gozamen estetiko soil bat. Hots, arteak ez du zer esanik ez epistemologia ez eta etikaren esparruan; artea autonomoa da and so and so. Esaten denez, artearen kontzepzio hau Platonekin jaio zen. Presokratikoak artearen ahalmen epistemologiko eta zibikoez konbentziturik zeuden, hortik Homeroren garrantzia, besteak beste. Platonen "biraketa antipoetikoa" deitzen denarekin ordea, poetak eta artistak egiaren eremutik kanporatuak geratzen dira, ez dute zer eginik Errepublikan. Egia eredu logiko-zientifikora mugaturik geratzen da. Honen kontra, zenbait pentsalarik idatzi izan dute: zenbaitentzat (horien artean esango nuke, gainera, arteak humanizatzen ez duela pentsatzen duten asko eta asko) hain maitatua den Nietzsche, Schopenhauer, Heidegger, Deleuze eta abar.

Horrela, artea libertimendu soil bat baldin bada, nola berezi goi-artea behe-arteaz, nola bereizi Shakespeare irakurtzea eta Play Stationean jokatzea? Akaso ez da berezi behar ere; baina nago, zenbaitzuk ez daudela hori onartzeko prest. Beste galdera batzuk ere egin litezke: Idazleak edozer idatzi al dezake baldin eta gozamena eragiten badu? ez al du idazten duenarekiko erantzunkizun moralik? Demagun onartzen dugula, bada, artea ez dela libertimendu soil bat, badituela epistemologikoki eta etikoki gauzak esateko; horrek baina, ez du inplikatzen arteak gizakia on egiten duenik. Bai, egia da, baina gutxienez onar dezakegu arteak libertimendutik haratago eragiten duela, ezagutzaren ikuspegitik, moralki, "existentzialki", nahi bada. Izan ere, kontua da ez dugula benetako arazoa ebatzirik, hots, zer demontre da ongia? Eta ulertuko duzuenez, ez nago halako ur handitan sartzeko prest. Akaso arteak ez du gizaki ona egiteko balioko, baina balio al dute ikastolako etikako klaseek? testu liburuek? psikosoziologoek? katekesiak? pedagogoek? Testua galdera batekin hasi eta birekin bukatu dugu, barkatu eragozpenak. Arteak humanizatzen al du? Ezer arraiok humanizatzen al du?

1 comentario:

  1. a)bai, b)8 orduz egin duelako lo egun horretan, osasun aholkulariek aholkatzen dutenez (horretarako daude eta) c) Ezin da bereizi, Play stationeko joko guztiak Shakespeareren lanetan oinarritua daudelako, eta beraz haren luzapena besterik ez direlako, eta ondorio bera dute gizakiagan d) bai, gauez idazten badu, betiere e) Behar luke, baina ez da kasurik ohikoena, idazle gehienak ez baitira analfabetoak f) Ongindegian amak goizero erosten duena (karkar) g) Irakaslea zein den h) Zer ilustrazio duten, Francoren erretraturik ez dutene, esaterako, bai. i) psikoek bai, soziologoek ez j) noski! galdetzea ere k) pedagogoek pedagogetan elizkizunak ematen dituzte soilik, ez dute inor hobea egiteko balio l)bai m)ez Argituta beraz, ez?

    ResponderEliminar