martes, 26 de septiembre de 2006

Thom Yorke: Borragomarik ez

Radioheaden hurrengo diskoa izan zitekeena (estilistikoki taldeak jarraitu duen ibilbideari dagokionean, behintzat) bakarka kaleratzea erabaki du Yorkek. Horregaitik ez dut ulertzen diskoaren izenburua (The Eraser).

Ez dago aurretik egindakoa ezabatzen duenik. Thom Yorke izaten jarraitzen du, bere testuinguru osoan, eta bere jarraipen logikoa baino ez da hau. Halere, ustekabean harrapatzen zaituen diskoa dugu honakoa.


Ez gara Radioheadi buruz ariko testu honetan, gehienontzako taldea soberan ezaguna izango delakoan. Wellingborougheko bakarlaria doinu elektronikoetan murgildu da oraingo honetan, taupada ilun baina sotilez betetako abestietan.


Diskoari izena ematen dion kantuak ematen dio hasiera diskoari, pianoa oinarri hartuta. Ez naiz bereziki elektronika zalea, ezta Radiohead zalea ere, baina disko honek zerbait dauka. Diskoak baino, bertan azaltzen diren kantuek dute zerbait. Tempo erdiko abestiak, abesti elektronikoak, baina ez elektronikan oinarritutakoak. "The Clock" kantua entzunda Yorke imajina dezakezu, etxeko ordenagailuaren aurrean, burua albo batera eta bestera mugituz. Trantzean. "Harrowdown Hill" da disko honetako abestirik borobilena, nire uste apalez, amaieran kitarrak ere antzeman daitezkeelarik. Xuxurlatu dezake Yorkek, arima zauritu arte, berak eta gutxi batzuk bakarrik egiten dakiten bezala.


Melodiak jorratzeko maisulana eskaintzen digu lan honetan Yorkek. The Eraser da, baina ez da taula rasa.

1 comentario:

  1. "Yorke imajina dezakezu, etxeko ordenagailuaren aurrean, burua albo batera eta bestera mugituz"

    burura etorri zitzaidana da diskoa aditzean... yorke friki bat, ordenadore aurrean...

    ResponderEliminar