miércoles, 24 de agosto de 2005

Biolentzia, pasioa, heriotza


Kontzeptu horien inguruan aritu da Kepa Garraza (Berango, 1979) artista gaztea ?Imagenes de Violencia, Pasion y Muerte? (Biolentzia, Pasio eta Heriotzezko irudiak) izeneko bere azken erakusketan. Hiru koadro hiper errealista eta sei argazkik osatzen dute Bilboko Rekalde aretoan (Errekalde zumarkalea 30) ikusgai dagoen obra. Hurbiltzen denak inpaktu izugarria sortzen duten irudiak ikusiko ditu: irudi odoltsuak, baina hurbilak hala ere.


Lehen kolpean irabazten dute ikuslearen arreta Garrazaren lanek. Erakusketa honetako koadro batean adibidez hiru mutil gazte ageri dira: horietako biri odola darie ahotik eta burutik; besteak pistola ahoan sartuta burua lehertu berri du. Koadro eta argazki hauen indarra gogortasunean dago, baina baita hurbiltasunean eta ironiaren erabileran ere. Emaitza benetan ikusgarria da eta pentsarazi egingo du ikuslea, biolentziak gure gizartean masa hedabideen bidez hartu duen presentziaren inguruan.


Gaztea izanda Kepa Garraza ez da hasiberri bat mundu honetan. Arte ederretan lizentziatu zenetik hainbat erakusketatan hartu du parte Berangoarrak, besteak beste 2003ko Art Lisboan, L?Oreal sarien XIX. edizioan, Getxoarte 2002 eta 2003n eta Ertibil erakusketa ibiltarian. Irabazitako sarien artean berriz, 2004ko Ertibil saria, Iberdrola-UEX Pintura lehiaketakoa edo EHUk 2001ean emandakoa azpimarratu behar dira.

1 comentario:

  1. Erakusketa irailaren 14a bitartean egongo da zabalik. Informazio gehiago Rekalde aretoaren webgunean.

    ResponderEliminar