miércoles, 31 de agosto de 2005

Karate taldeak jotzeari utzi dio


2005eko otsailaren 19an Bilboko Azkena aretoan zuzenean aritu ziren eta orain, sei hilabete besterik pasa ez direnean Karate taldeak jotzeari utziko diola iragarri du. Albisteak sekulako eztanda eragin du mundu osoan musika alternatiboaren inguruan mugitzen diren aldizkari eta webguneetan.


Uztailaren amaieran iragarri zuen Geoff Farina taldeko abeslari eta gitarjoleak Karateren heriotza bere interneteko atarian (www.geofffarina.com). ?RIP Karate 1993-2005? titulu lakonikoaren azpian idatzitako testuan azaltzen duenez, urteak zeramatzan entzumen arazoekin. Horrelako arazoetan adituak ziren zenbait mediku bisitatu ostean, Farinak argi ikusi zuen ezinezkoa izango zela Karatek eskatzen zion bolumenean jotzen jarraitzea.


Hala ere, bestelako proiektuetan lan egiten jarraituko dute taldekideek eta orain artean izandako harrera ona opa die taldeko kantari ohiak Karateko lagunei. Iritzi bera erakutsi du taldearen disko guztiak kaleratu dituen Southern Recordsen izenean hitz egin duen Danielle Sotok: ?Musikariak dira bizi guztirako, ez diote jotzeari utziko?. Ez dute ordea batera joko.


12 urteko ibilbide oparoa amaitzen da Farinaren iragarpenarekin. Bidean sei disko eta kontzertu pila utzi dute. Taldearen azken kontzertua Erroman, aurtengo uztailaren 10ean eskainitakoa izan zen. Goian Bego Karate.

1 comentario:

  1. Web gune hau Karateren kontzertu batean egon zen (musika atalean begiratu!)http://www.eremulauak.com/artikulu.php?page=musika&id=16

    ResponderEliminar