lunes, 29 de agosto de 2005

Auzoak


Hiru poesia liburu argitaratu ostean, bere lehen eleberriarekin datorkigu Urtzi Urrutikoetxea bilbotarra; 25 kontakizun labur Bilbo hiria ardatz hartuta. Kontakizunak eguzkia ekialdetik ateratzen saiatzen denean (Bilbon gauza zaila baita eguzki distiratsua zeru urdin baten erdian ikustea) hasten dira eta eguna aurrera joan ahala hiri gris honen bizipenak azaltzen dizkigu idazleak.


Baina liburu honetan ez dugu gida turistikoetan agertzen den Bilbo hura ezagutuko. Kontakizunak ez dira Guggenheim, Euskalduna Jauregia, Corte Ingles edota Moyua bezalako lekuetan kokatzen. Otxarkoaga, Bolueta, Santutxu, Irala edo Zorrotzako kaleak eta hormak dira aurkezten zaizkigun paisaiak. Paisaiak eta protagonistak era berean.Ez dugu BBVAko bulegoetan lan egiten dutenen bizitzaren inguruan irakurriko, ezta Gran Viako dendetan senarraren soldata xahutzen duten emakumeena. Liburu honetan, goizeko 6etan kafetegia irekitzen duen emakumearen bizitza ezagutuko dugu, edota fabrikara burua makurturik eta bizitzaz nekatuta sartzen den langilearena. Gorbatadun exekutiboak ez dira agertzen; bai ordea ikasleak, ijitoak, autobus gidariak?


Zerua grisetik beltzera pasatzean eta argi artifizialak hiriaz jabetzean iristen gara amaierara. Hala ere, goizeko ordu txikietan girotutako istorioak eskaintzen dizkigu idazleak, hiri honek ez baitu lorik egiten. Protagonistak nortzuk eta prostitutak, tabernariak, poliziak, taxistak, terrorismo poetikoa praktikatzen duten gazteak eta, oraingoan bai, enpresa gizon garrantzitsuak dauzkagu. Modu xehe batean idatzita dagoen liburua dugu hau, irakurterreza eta hasieratik bukaeraraino harrapatuko zaituena. Idazleak Bilbo extraofizialaren erretratu ezin hobea egiten digu. Era berean, liburua aldarrikapen bat da: ahantzirik utzi nahi duten Bilbo horren bizi oihua, zabor eta ke artean ahantzirik utzi nahi duten Bilbo, turistentzako eraiki nahi duten hiru dimentsiotako postaletik kanpo geratzen den Bilbo. Leku askotan gertatzen ari dena gertatzen da Bilbon, leku bakoitzean bere berezitasunekin noski. Ortuondok eman zion hasiera Bilboren erreforma zoro honi. Metalgintzak ez zituen jada jeltzaleen poltsikoak betetzen eta turismoa etorkizuna izan litzatekeela ikusi zuten. Baina Bilbo gris eta industriala ez zen inolaz ere erakargarria eta orduan eman zioten hasiera oraindik bukatu ez den itxura aldaketari. Atzean utzi behar ziren Otxarkoagako ijitoak, San Francisco eta Baileneko prostituta eta yonkiak, Euskaldunako gatazka? Eta hor hasi ziren hiria apaintzen, hiri berri bat eraikitzen, bilbotarrei bizkarra emanaz.


Garraio moderno eta museo futuristetaz ulertzen ez duen Bilbo honetatik paseatzea gomendatzen dizuet.

1 comentario:

  1. Ederra ijitoaz maitemintzen den mutilaren istorioa! Pena luzeagoa ez izatea, egun bat izan ordez astebete edo, hiriaren begiratu sakonagoa egiteko

    ResponderEliminar