jueves, 17 de noviembre de 2005

?Nire barneko konfliktoak eta iraultza txikiak dira literaturan babes hartzen dutenak?


Uxue Alberdi Estibaritz. 21 urteko elgoibartarra. 2005eko Igartza Sariaren irabazlea. Ikusi, ikasi eta idatzi. Suedian erasmus ikasle ibili ondoren bertako bizipenak bildu ditu ?Aulki bat elurretan? ipuin sortan. Kazetaritza, literatura, bertsolaritza? ditu pasio, besteak beste. Hitzen maitale, hitzekin jolasean gozatu eta gozaraztea du helburu.


Eremu Lauak. Suedian emandako urtebetea emankorra izan zaizu, ezbairik gabe. Sarritan jartzen al zara iparraldera begira?


Uxue Alberdi.Saiatzen naiz begiak eta burua hankak dauzkadan lekuan mantentzen, eta ez dut beti lortzen... Tarteka oroitzen naiz Suediaz eta bertan bizitakoaz, bai. Zoriontsu izan nintzen han. Han ere bai.


E.L. Zer aurkituko du irakurleak ?Aulki bat elurretan? ipuin sortan? Zer duzu hizpide?


U.A.Ipuin sortak era askotako istorioak biltzen ditu. Usain suediarra izan dezakete ipuin askok, saiatu bainaiz han izan nituen sentsazioak paperera biltzen, baina, batez ere, zerbait atsegina sortzea izan da nire helburua, nik neuk gozatzea eta, ahal den neurrian, irakurleren bat ere gozaraztea.



E.L. Suediarren erretratua egiten duzu orriotan, zeurea begirada kritikoa da ordea: kontsumismoa, etorkinen egoera? Iraultza txikiak egiteko baliatzen al duzu literatura?



U.A.Horretarako gai izatea ederra litzateke, baina ez dut uste horrenbeste egiten dudanik. Literatura, arma baino gehiago, makulu da niretzat: izatekotan nire barneko konfliktoak eta iraultza txikiak dira literaturan babes hartzen dutenak. Nire korapiloak dira askatzen direnak, zentzu horretan nahiko egoistaki idazten dudala esan daiteke?dena den, gerta liteke nire korapiloak jende gehiagok ere konpartitzea eta, agian, hori besterik ez da iraultza.




E.L. Elurra, hotza, zuria? asko errepikatzen diren elementuak dira. Zerk ematen dio kolorea, bizitasuna liburuari?


U.A.Hainbat estilo eta erritmotako ipuinak tartekatzen saiatu naiz. Egia da elementu horiek asko azaltzen direla, Suedian egunerokoak baitira; baina, ahalegindu naiz elurra eta hotzaren azpiko gauzak ere azalera ateratzen, ironia eta umorea erabiltzen. Esaldi motzak eta hizkera sinplea erabiltzen saiatu naiz eta, batez ere, detaileetan fijatzen, gauza txikiei protagonismoa ematen.


E.L. Igartza sariari esker proiektua borobiltzeko, osatzeko, urtebeteko epea duzu orain. Data bat markatuta izateak baldintzatzen al zaitu? Zein eratan?


U.A.Edozertarako data bat finkatuta izateak bere alde onak eta txarrak ditu. Baina, alde horretatik nahiko lasai nago. Nirea ipuin liburu baterako proiektua izan beharrean eleberri bat idaztekoa balitz gehiago kezkatuko nintzateke. Izan ere, gerta liteke hasierako 50 orriak mundialak izan eta hurrengo 100etan eleberria goitik behera desmadratzea?Horrek beldurra eman behar du. Baina ipuinak banaka eta independenteki sortzen diren piezak dira, eta urte honetan ahalik eta gehien disfrutatzea da nire helburua.


E.L. Literatura afizio zenuen eta bat-batean ofizio bilakatu zaizu. Bertigoa ematen al du jauzi horrek?


U.A.Ez nuke esango ofizio bihurtu zaidanik! Literatura dudan afizio maiteenetakoa da, eta bertigoa ez, alderantziz, gozatzen jarraitzeko gogoa ematen dit honek guztiak. Idazten dudan bitartean gero eta hobeto pasatzen dut.



E.L. Idazleak irakurlerik finenak omen dira. Zeintzuk dira erreferente dituzun idazleak?



U.A.Oraindik asko geratzen zait irakurtzeko, baina baditut asko maite ditudan idazleak: Julio Cortazar, Stefan Zweig, Milan Kundera? eta euskaldunen artean, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Julen Gabiria?


E.L. Aurrera begira, beste proiekturik ba al duzu eskuartean?


U.A.Hau ondo bukatzearekin konformatuko nintzateke! Baina idazten jarraitzeko asmoa dut, eta gauza berriak egiteko gogoa. Sortzeak bete egiten nau, eta horretan jarraitu nahi nuke.


E.L. Munduko beste bazterren batekin gozarazteko aukera emango al diguzu?


U.A.Asko gustatuko litzaidake. Bidaiatzea da dudan beste pasioetako bat, aukera izan orduko ihes egiten dut beti?




E.L. Denbora aski ongi aprobetxatzen duzu: bertsotan aritu, ipuinak idatzi, irrati- kolaborazioak? parranda egiteko astia ere izaten duzu gainera. Zure egunak ez al ditu 24 ordu?



U.A.Baietz uste dut, eta batzutan motz geratzen zaizkit, baina aipatu dituzun gauza guztiak oso gustuko ditut, eta ez naute nekatzen. Mugitu beharra daukat, gaizki sentitzen naiz bestela. Arazo bat da?



E.L. Bukatzeko, ausartuko al zinateke Igartza saria irabazteak suposatu dizuna bertso batean adierazten?



U.A.Hura izan da arkua eta

nik izan nahi nuke lantza

nahiz ta okertu ta bazterrak jo

doana dianarantza,

eta diana ez da gailurra

zabalagoa da, antza;

izan liteke bizimodu bat

eta tintazko bi mantxa,

pixkat zikinduz rutinak izan

dezan ipuin baten antza.

No hay comentarios:

Publicar un comentario