martes, 21 de marzo de 2006

Fosilak eta dinosauroak telebistan

Nork ez du entzun noizbait edo askotan, jada XXI. mendean gaudela, teknologia berrien eta informatikaren garaian gaudela, konkista espazialaren atarian gaudela edota XX. mendeko gaixotasun larrien kontrako sendagaiak asmatzeko gero eta hurbilago gaudela? Supersonikoak edota Futurama telesailek erakusten zizkiguten gizarte berriaren atarian omen gaude. Telebistaren alorrean ere, "aurrerapauso" handiak eman direla esan digute: TDTaren sorrera, telebista kate interaktiboak sortzear... Baina telebista kateetako programazioari begirada bat botatzen badiegu, kontrakoa gertatzen ari dela nabarituko da, hau da, pausoak aurrera eman beharrean, atzera ematen ari direla. Izan ere, telebista kateetako parrilak saio eta telesail nostalgikoez betetzen ari dira.
TVEk 50 urte betetzen ditu aurten. Urtemuga hau ospatzeko, kate berezi bat atera dute TDTn, Canal 50 años. Kate honetan, Espainiar estatuko telebista publikoan bota dituzten saiorik "onenak" emititzen dituzte: Un, dos, tres, Historias para no dormir, La bola de Cristal, Aplauso, España 12 Malta 1 futbol partidua (baina zergatik uste du jendeak partidu hori espainiar selekzioko garrantzitsuena izan zela, inoiz ez baldin badute ezer irabazi?), Cantares, Los mundos de Yupi... TVE1ek ere Cuentame telesaila botatzen du noizbehinka. Telesail ona iruditzen zait, baina Alcantara familiari dena tokatzen zaio telesail horretan: Carrero hiltzen dutela (eup!) Antonio Alcantara and family hortxe ziren, Carreroren kotxetik hamar bat metrora. M30 errepide ospetsua egin nahi dutela, Alcantaratarren auzotik pasa beharko da eta gure familia maitagarriaren etxebizitza desagertzeko zorian egongo da. Eta horrela, gertakizun garrantzitsu guztiekin. TVE2 katean Oliver eta Benji marrazki bizidun telesaila botatzen hasi dira aurreko astean. Orain falta zaigun bakarra ETB1en Dragoi Bola botatzen hastea da.

Cuatro kate berrian ere saio eta batez ere telesail nostalgikoak ditugu edonon: Pantera Arrosa, Melrose Place, 7 en el paraiso, Padres Forzosos, Los Roper, Beakmanen mundua, Parker Lewisek ez du sekula galtzen, Juzgado de Guardia, Kriptako istorioak... Hemendik gutxira, V telesaila ere botatzen hasiko dira. Lehiaketak ere kutsu nostalgikoa dute. Soy el que mas sabe de televisión del mundo (mesedez, nork jarri dio izen hau saioari, tituloa hain luzea izanik, ez da sartuko TP aldizkarian) lehiaketan, telebistari buruzko galderak egiten dituzte eta beti laurogeiko hamarkadako saioak izaten dira protagonista. Berdin esan dezakegu Alta Tensión lehiaketari buruz. Duela hamar bat urte bota zuten Antena 3 katean eta orain Cuatrok berreskuratu du. Eta azkeneko traka, Humor Amarillo. Mama Chicho garaiko lehiaketa japoniarra telebistara itzuli da Cuatroren eskutik.

Antena 3 eta Tele 5 ere nostalgikoak dira. Hortxe ditugu adibidez Maria Teresa Campos edota Barbara Rey dinosauroak, egunero telebista aurrean agertzen zaizkigun fosilak. Eskerrak aste honetan jakin dugun Camposen saioa apirilaren 7an bukatuko dela eta Barbara Reyren realitya ere kenduko dutela audientzia kaxkarra duelako. Bai, badakit albiste hau nahiko txarra dela askorentzat, baina lasai, beti geratuko zaigu Estepan Aldamiz Etxebarria. Bakarrik, edo.

3 comentarios:

  1. Zer du Benino edo Benitok Estepanekin?

    ResponderEliminar
  2. gaurkoan aldizkari baten. "Maria Teresa ofendida por la suspensi?n de su programa" "Afirma que hablar?"....lagun batek esango zun moduan...PAREN ROTATIVAS!!!

    ResponderEliminar