jueves, 2 de marzo de 2006

R.I.P.

Gauza pentsaezina zirudien, askok uste genuen ez zela inoiz pasatuko, baina nahiz eta bertsio light batean gertatzen ari den, errealitate bat da: Telecincok duela sei urte martxan jarri zuen reality-programazioa pixkanaka hondoratzen ari da. Berriro diot, oraindik ere modu light batean gertatzen ari dela. Telecincok ez du urritik hilabeteko lidergoa eskuratzen eta kate horretako nagusiak urduritzen hasi dira. Egia esan, ez da harritzekoa. Denboraldia hasi denetik asko dira audientzia txarrarengatik kendu dituzten saioak.
Abuztuaren bukaeran El pasado es mañana espainiar telenobela jarri zuten martxan. Hiru aste baino ez zuen iraun. Egia esan, telenobela hori berehala hilko zela argi geratu zen. Hasieran udaran bota behar zuten baina produktua ez zen kateko nagusien gustokoa. Gauza batzuk aldatu eta emititzen hasi ziren. Badaezpada abuztuaren bukaeran hasi zuten botatzen, hau da, benetako denboraldia hasi aurretik (normalean irailaren erdialdean hasten da denboraldi berria). Audientzia txarra zuela ikusita 15 atal bota eta gero programaziotik desagertu zen.  Okerrago izan zen Amor en custodia telenobelaren kasua. Hiru atal baino ez zuten bota, %8ko audientziarekin. Orain diote, udan botako dutela osorik. Baina zer uste dute, tontoak garela?

Arratsaldeko A tu lado magazina ere ez dabil batere fin. Normala, Gran Hermano da saioaren gai bakarra. GHri buruz hitz egiten ez dutenean, GHko partehartzaileen bizitzei buruzko gatazkak izaten dira mintzagai. Egoera zailari buelta emateko, saioa fintzeko ahaleginak egin zituzten eta Txumari Alfaroren errezetak eta Aqui cocinamos todos izeneko sukaldaritza saioa emititzen hasi ziren. Hauek ere ez ziren lehen hilabetera ailegatu. Jendeak badaki A tu ladon kaka baino ez dutela botatzen eta zuzenean ez du ikusten. Pena da, behin zerbait interesgarria egin ostean ez funtzionatzea. Badakit Txumari Alfaro nahiko pitzatuta dagoela, baina bere erremedio askok funtzionatzen dute.

Esta noche cruzamos el Missisipi eta Cronicas Marcianas saioek lidergoa eman diote Telecincori gauerdiero azkeneko hamarkadan. Behin Javier Sardaren saioa bukatuta Telecinco saiatu da tankera horretako saioak egiten, baina porrot egin dute. Adibiderik garbiena, Plan C saioa da. Carolina Ferrek aurkeztu zuen, baina honek ere hiru kapitulo baino ez zituen izan. Nahiko tamalgarria zen saioa. Platoa pinball erraldoia zen (hori zen agian saioaren gauzarik interesgarriena) eta umorea zen ikur nagusia. Lehen saioan Ester Arroyori Euskal Herriko gatazkari buruzko txiste nazkagarriak entzun eta gero, niretzat saioa non grato zen, eta ikusten denez audientziarentzat ere hala izan zen.

Kolpe garrantzitsuena Vientos de agua telesailarekin eraman du Telecincok. Berriro ere, lau kapitulo baino ez. Ustez, denboraldiko apusturik garrantzitsuena izan zen. Gainera, telebistako historiako telesailik garestienetakoa izan zen. Kalitate handikoa eta serioegia Telecincon emateko, izan ere, ohituta gaude La Juani (Médico de familia) edo Diego (Los Serrano) bezalako “espezimenak” Telecincoko telesailetan ikusten.

Azken astean, beste bi saio erori dira, Engaño eta Morancos Channel nº 5. Engaño putetxearen antzekoa zen. Gizon bat sartzen zuten etxe batean emakumez inguraturik. Emakumeen artean bat aukeratu behar zuen. Aukeratzen zuen emakumeen artean hiruk bikotea zuten eta batek ez, eta gizonak bikotea ez zuen emakumea zein zen asmatu behar zuen. Antena 3n antzerako saio bat bota zuten duela bi edo hiru urte, Confianza ciega. Esan beharrik ez dago, eta barka nazatela gure emakume irakurleak, baina saioan sartu zituzten emakumeak V telesailekoak baino “lagarta”goak ziren. Los Morancosen saioari dagokionean, esan behar dut gehiago espero nuela haiengandik, oso kutrea iruditu zitzaidan bere saioa. Duela urte batzuk asko gustatzen zitzaizkidan, baina Telecincon ikusi ditudan bi saioak oso pobreak iruditu zaizkit.

Hauek dira momentuz erori diren saioak baina hemendik aurrera gehiago izan daitezke. Esta cocina es un infierno saioak nahiko audientzia txarra du, gaueko informatiboa ere nahiko gaizki dabil (horregatik Juan Pedro Valentin bota eta Pedro Piqueras sartu dute), Siete Vidas telesaila ez da %20ko audientziara ailegatzen…

Telecinco, goian bego.

No hay comentarios:

Publicar un comentario