jueves, 30 de marzo de 2006

Rafa Rueda tximeleta ehizan

Gaur aurkeztu du Rafa Ruedak Saredun Eskua bakarkako bigarren lana.  Musikari bizkaitarraren esanetan lan berri hau "txikitasunaren apologia" da. Hortik datorkio diskoari izena hain zuzen ere: tximeleta ehiztariaren irudia erabili du txikitasuna bilatzen duen pertsonaren metafora gisara.
Otsailean grabatu zuten diska berria Azkarate Estudioetan eta Jonan Ordorika aritu zen teknikari lanetan. Azken emaitzan nabaritzen den aldaketa nagusia teklatuen presentzia da. Ruedak berak azaldu duen bezala, "aurreko diskoa (Kea, Metak 2004) gitarretan oinarritua zegoen, eta oraingo honetan teklatua erabili dut, beste instrumentu melodiko bat bezala".  Hala ere badira antzekotasunak duela bi urte kaleratutako lanarekin. Rafa Ruedak pop musika egiten jarraitzen du, eta bere esanetan alor horretan "oraindik garapenean" dagoen artista da.

Diskan parte hartu dutenei dagokionez, David Gonzalez (baxua), Rufo Urbina (bateria) eta Mikel Azpiroz (teklatuak) aritu dira. Bestalde, Chris Kase tronpeta jolearen eta Alos Quartet taldearen lanaren emaitza ere entzun daiteke Saredun Eskua diskoko zenbait kantutan.

Hori musikari dagokionez, izan ere letrak osatzerako orduan luxuzko kolaboratzaileak izan ditu Ruedak: 10 kantutik bostetan hitzak Jon Benito, Edorta Jimenez, Unai Iturriaga, Gotzon Barandiaran eta Kirmen Uribek jarri dituzte. Gainera, konpaktuaren liburukia Mikel Valderderen akuarela batek edertzen du eta bertan, diskoaren kontzeptuari jarraituz, tximeleten ehiztari bat ageri da.


Metak-etik Gaztelupeko Hotsak-era

Urte honen hasieran Metak disketxea ixtearekin lan berri hau norekin kaleratu ez zekiela geratu zen Rueda. Zentzu horretan Gaztelupeko hotsak disketxeari bereziki eskertu nahi izan dio berarekin izandako konfiantza. "Normalean disko bat kaleratu aurretik hiru hilabetetik urte betera luzatu daiteke negoziazioa eta kasu honetan 15 egun besterik ez genituen behar izan" azaldu du Ruedak.

Info +: www.rafarueda.com
            www.hotsak.com

2 comentarios:

  1. Artikulua luzetxo zihoan eta ez nuen atzokoan sartu: Prentsaurrekoan galdera hori bera egin zioten Ruedari (h.d. ea bakarkako hau uneko gauza bat zen edo jarraituko zuen). Bere erantzuna zera izan zen: beste proiektuek hor jarraitzen dutela, baina gauza bakarrera lotu beharko balu bakarkakoa hartuko lukeela.

    ResponderEliminar