jueves, 20 de abril de 2006

Aste Santua


Aste Santua. Kutsu erlijioso handia duen astea batzuentzat, hondartza edota mendi egunak beste batzuentzat, lagunekin TOPA eta desfasatzeko egunak besteontzat eta telebista kateentzat urte osoan zehar pilatutako zaborra emititzeko garaia. Gaurkoan, ETBko Aste Santuari erreparatu nahi diot. Froga garbiak ditut, ETB, baina batez ere ETB1, ikusleak nahita galtzeko programazioa prestatu zuela ziurtatzeko. SEGI irakurtzen.


Haurrak, gazteak eta unibertsitarioak gara Aste Santuan opor gehien ditugunak. Horregatik ETB1 gugan pentsatzen du eta egunero 11 orduz marrazki bizidunak eta haurrentzako saioak botatzen dituzte, guztion gozagarrirako. Horrela programazioaren eskema hauxe litzateke: marrazki bizidunak 11 ordu, errepikamenak 8 ordu, informatiboak eta saioak 2 ordu eta prime timeko programazioa 3 ordu.


 


Goizeko zortzietatik eguerdiko ordu bietara, arratsaldeko 3etatik 5,30etara, 6etatik 8etara eta 9etatik, 9,30etara marrazki bizidunak: Tik-Tak Circus (mila aldiz errepikatu duten zirku ikuskizun saio aspergarri eta gorrotagarria), Adi Espazioan, Vitaminix, Doraremon Katu Kosmikoa (90eko hamarkadatik egunero botatzen duten marrazki bizidun telesaila), Jim Zizare, Maskara, Lasterketa Zoroak, Xiaolin erronka, Nonochan, Doremiren magia, Martin Mistery, Berebiziko espioiak, Popeye, Yogiren taldea, Mite Kuttuna (haurrentzako telenobela!!!!), Kochikame, Pokemon, Pipi Kaltzaluze, Vicky Vikingoa, Yo Yogi, marrazki bizidun filmeak eta haurrentzako “aproposak” omen diren dokumental telesailak. Benetan penagarria da euskaraz dugun telebista kate bakarrak marrazki bizidun kate tematikoan bihurtzea, adin desberdineko jendearentzat pentsatutako programazioa egin beharrean.


 


Prime timeko saioak ere ez dira VIA CRUCIS honetatik libratzen. Astelehenetan, Goenkaleko atal luzearen ostean, Ero eta Bero botatzen jarraitzen dute. Porro batzuk erre eta gero, lokalean hamar minutuz ikusteko eta koadrilan barre batzuk botatzeko ondo dago, baina telebista kontsumo goreneko orduan saio hori jartzea ez da kasualitatea, euskarazko katea inporta ez zaiela erakusten du.


 


Ostegun “santuan”, “Erromatar inperioaren hondamena” pelikula bota zuten gaueko hamarretatik ordu batetara. Filme zaharra eta gaizki bikoiztua, oso astuna ikusteko. Jakin nahiko nuke zenbatek ikusi zuten osorik. Igandean ere auto-GURUTZATZEKO moduko pelikula bota zuten, “Beethoven 2”. Baina erromatarren aurretik Trikiti Jaialdia Jose Mari Iriondoren omenez. Noren omenez egiten duten ez zaigu interesatzen, kontua da, oporraldi guztietan Trikiti saioren bat bota behar dutela. Berriro ere trikiti eta pandero joleen PROZESIOA, hamaikagarrena. Pentsatzekoa da, ETBko estatutuetan horrelako saioak botatzea derrigorrezkoa dela jarriko duela, bestela…


 


Udaran eta Gabonetan bezala, ezetz asmatu zein den Aste Santu honetan bota duten beste klasikoa? Bai!!!!! Pastorala. Kasu honetan Bereterretx Pastorala. Hortxe ibili dira pastoralaren aktoreak TIPI TAPA beraien makilekin. Ordu bat, bi, hiru, lau, bost, sei... Ez du inporta zenbat ordu egon diren, hori baita ETB1ek ikusentzuleoi jartzen digun PENITENTZIA.


 


Urteko asterik erlojioso honetan, ezin falta, euskaldun fededunek gehien espero dituzten emankizunak: Ostegun Santuko eta Ostiral Santuko elizkizunak, Pazko igandeko meza eta Urbi et Orbi bedeinkapena zuzen-zunean Erromatik, Euskal Herrirako Garaia eta Egi Bidean erlijio saioak… Baina ez pentsa eliz emankizun oparo hauekin konformatu zirenik: “Aste Santua Euskal Herrian” dokumentala bi aldiz jarri zuten egun berean (dokumental berbera goizeko zazpietan eta gaueko ordu batetan bota zuten), Dokugune saioko “Monasterioa” eta “Eliza krisian” kapituluak errepikatu zituzten, baita Euskal Herritik telesaileko “Heriotza erritoak” eta “Pazko loratua” kapituluak ere.


 


Ezin falta, noski, musika saio errepikatuak edota errefritoak. Besteak beste, Niko Etxarti buruzko saioa berezia, Akelarreren azken kontzertua (hau ETB2n izan zen), Montrealgo jazzaldia, Gazte Sariak emanaldiaren errepikamena, Mikel Urdangarinen “Dana” diskoaren aurkezpena (Etb1en sei aldiz aurkeztu digute jada diskoa) eta Euskal Kanturik Onenan ikusi genituen aktuaziorik onenen errepasoa (aktuazio onak Euskal Kanturik Onena saioan??).


 


Gero esaten dute telebista modernoa eta INDEPENDENTEA egiten dutela. Has zaitezte telebista egiten eta gero ikusiko dugu modernoa den edo ez. TELEBISTA DUIN BATEN ALDEKO PLATAFORMA behar dugu.


 


AMEN

3 comentarios:

  1. Ez da ezer Nobi! Ez ahaztu nire bloga bisitatzea: www.eibar.org/blogak/amatino

    ResponderEliminar
  2. Egi hutsa da. Aspaldian egin zuten Doraemonen azken atala! Bai, Nobita komatik esnatzen zen eta Doraemonekin izandako abentura guztiak amets soilak baino izan ez zirela konturatzen zen (ginen).

    Noiz esnatuko gara gu ETB pairatzera behartzen gaituen koma zitaletik?

    Hau da guztia. Milesker Amati?o!

    ResponderEliminar