miércoles, 5 de abril de 2006

Zirku Mundiala

Pasa den astelehenean telebista kate berri bat jaio zen Bartzelona inguruan: La Sexta. Eguerdiko ordubatak emateko minutu gutxi falta zirenean, Digital+eko 86. katea jarri eta hasi nintzen ikusten. Susto galanta hartu nuen hasiera-hasieratik, izan ere ikusi nituen lehendabiziko aurkezleak Emilio Aragon pailazoa (ez da iraina, bere aita eta osaben lanbideari keinu maitagarria baizik) eta Florentino Fernandez pailazoa (hau bai, hau iraina da) izan ziren. Eskenatoki baten gainean agertu ziren eta uda honetan Alemanian jokatuko den futbol mundiala La Sextak botako zuela iragarri zuten, eta hori esan eta gero kanibalen moduan hasi ziren dantzan Mundial "osoa" emango zutela esatean sortu zitzaien poztasun faltsuaren ondorioz. Faltsua poztasuna eta baita iragarpena ere.
La Sextak "interes orokorreko" partiduak emango ditu, hau da, inaugurazio ekitaldiaren osteko partidua, finala eta Espainiaren partidu guztiak, hau da, lau bat partidu soilik. Gainontzekoak Canal +ek emango ditu. Horrek zer esan nahi du? Polancoren estrategiak berriro ere gailendu direla. Mundiala osorik eskainiko duen katea Digital + telebista plataforma izango da. Zergatik? La Sexta eta Canal + kateak Digital +en ikusi daitezkeelako. Pinochori luzatzen zitzaion bezala, Emilio Aragoni sudurra gorritu zitzaion (pailazo on guztiei bezala) egindako iragarpen horrekin. Hurrengo egunean, ikusentzuleen elkarte bat kexatu zen, kate berria ez delako Espainia, Katalunia, Galiza eta Euskal Herria osoan ikusiko Mundiala hasten denerako. Soilik herrialde hauen %70ean ikusiko delako, beraz, beste %30ak "interes orokorreko" partidu horiek ikusi gabe geratuko dira. Eta hori legez ezinezkoa da. Beraz, gainontzeko lurralde horietan Cuatrok edo TVE2k eskaini beharko dituzte partiduak. La Sexta jaio eta bi egun geroago, TVE ere kexatu egin zen. Telefonicak (Mundialeko eskubideak zituen enpresa eta Digital +ekin akordio eta harreman oso ona duena) ez omen zuen TVEren eskaintza ekonomikoa kontutan hartu. Piruliaren telebistak, La Sextak egindako eskaintza ekonomiko berbera egin omen zuen, baina Polancoren estrategiak funtzionatu zuen: Mundiala La Sextak erosi 100 milioi pezeta ordainduta eta Digital + plataformak 50 milioirengatik osorik emango du. Espainiar estatuko telebista publikoari berriro ere tontoaren aurpegia geratu zaio.

Baina kate berriaren programazioaz ari nintzen. Lehen saioa Eva Argiñanok aurkeztu zuen. ETBko iragarki zentsuratu batean esaten zuten moduan zozo-zozoa da neskato hau. Baina Karlos Argiñanoren telebista produktorak  kateko akzioak dituenez, arrebak kate berrian ordu bateko saioa du egunero. Gora Entxufismo askatua!! Kate honen pisuzko bi aurkezleak Florentino Fernandez eta Miki Nadal izango direla ere garbi geratu zen lehen egunean. Florentinok lehenengo agurra eman zigun, Emilio Aragon pailazo eta piano joleak aurkezten duen saioan gonbidatu moduan aritu zen eta bukatzeko bidaia saio bat aurkeztu zuen. Gainera ostiraletan El Club de Flo izeneko saio bat aurkezten hasi da. Pertsona ezagunei monologoak egiten irakasten die Flok. Eta pertsona famatuen artean... Alfredo Urdaci!! Ole, ole eta ole. Pirritx, Porrotx, Mirri, Txiribiton eta gainontzeko pailazoak erne egon, konpetentzia atera zaizue: Aragon, Florentino eta Urdaci. Miki Nadalek bidai saioa aurkezten du pailazo lodikote eta betaurrekodunarekin, baina gainera egunero lehiaketa bat ere aurkezten du. Pena ematen du gainera. Ezetz asmatu zer nolakoak ziren galderak sasi lehiaketa horretan... kaka asmatu duzue: "a quien pican mas las abejas a los rubios o a los morenos" eta era horretako memelokeriak.

Oraindik ere saio asko ditut ikusi gabe, eta aste batzuk igaro beharko dira benetako programazioa ikusteko eta balorazio serioago bat egiteko, baina nik jada kateko saiorik onena hautatu dut. Larunbatetan, gaueko ordubatean botatzen dutena: Manga erotikoa. Zur eta lur geratu nintzen zapinga egiten nengoela, La Sexta jarri eta marrazki bizidunak txortan ikusi nituenean. Bero-bero jarri beharrean barrez hasi nintzen hori ikustean. Nire alboan zegoen 7 urteko lehengusua era barrez hasi zen, zergatik ote? La Sexta baino, nahiago dut Cirque du Soleil ikustea.

1 comentario:

  1. jajaja, Emilio Aragon pailazoa ajajajaja eta Flo, "pailazoa" jajajajaja

    ResponderEliminar