lunes, 3 de abril de 2006

Eremu Lautarrak Iban Zalduari buruz gezurretan

—Aupa Beñat! Aspaldiko.
—Koño! Aupa
—Zer moduz gauzak?
—Bah... hainbestean...
—Triste ikusten zaitut...
—Tira...
—Zer duzu ba?
—Ez, ezer ez...
—Zer, dagoeneko zuri ere jendeak ez dizu kasurik egiten Atxagaren kontuarekin ezta? Niri ere ez...
—Orain modan dagoena su-etenarena da eta... Nik uste gure 15 minutuko fama bukatu dela. Beste zerbait bilatu beharko dugu.
—Bai, beharko... Badakizu kolaboratzaileak dirua eskatzen hasi zaizkidala?
—Bai zera!
—Artikuluko 100 euro aizu! Eta beraiek adostuta gainera. Sindikatu bat ere sortu nahi omen dute, izorrai...
—...
—Eta ulertuko duzunez kolaboratzaileak behar ditugu. Haien kontura bizi gara eta!
—Aizu, oraintxe ideia bat eduki dut
—Kolaboratzailerik gabe funtzionatzeko?
—Ez ba! Dirua lortzeko.
—Kontatu
—Begira: badago idazle bat, Iban Zaldua, ez dakit ezagutuko duzun...
—Zer hasiberriei dirua kendu nahiean?
—Et, et, et, tipo hau ez da hasiberri bat, azkenaldian famatzen hasia ere bada.
—A bai e? Eta zergatik?
—Funtsean, euskal literaturako boutade-teorizatzaile nagusia izateaz gain -poeten kontra, belaunaldi gazte-arrakastatsuaren kontra, Sari Nazionala irabazitako idazlearen kritikari zorrotz etab.-, bere lanen abantaila nagusia motzak direna da. Ipuin motzak idazten ditu batez ere, mikroerrelatoak deitzen dizkiete eta ez dakigu oso ongi zergatik, baina bere ipuinen gainean hitz egiten den bakoitzean beti azaltzen da Borgesen aipamenen bat alde batetik edo bestetik (ez dugu makurki pentsatu nahi halere, ez gara hain zitalak). Eta jakina, Borges Borges da, batez ere Euskal Herrian. Orain, kontua da tipoak bere liburu baten gaztelaniazko itzulpena atera behar duela.
—Mmm, segi kontatzen...
—Xabier Olarrarekin egin zenituen planak ikusi nituen, eta antzeko zerbait egitea ez legoke gaizki. Guk Zalduari bonboa, txindata eta orkestra guztia ematen diogu, eta berak trukean kanon bat ordaintzen digu
—Baina zuk uste onartuko duela? Idazleak ia zubipean bizi dira hemen eta gainetik diru eske joatea... Ez dakit ba...
—Hor dago koska. Tipo honek idazlea izateaz gain lan duin bat dauka: unibertsitateko irakaslea da
—Ba hauek ere azken aldian hor dabiltza diru eske, gutxi kobratzen dutelakoan!
—Baina Ekonomiaren Historia erakusten du!
—Ah, bale. Akaso, horregatik...
—Zer iruditzen orduan?
—Beste arazo bat ere badago...
—Zer duzu orain?
—Gaztelaniaz izate hori... Niri berdin zait, baina azken aldian funda mentala jantzita daramaten irakurle gehiegi ikusten dut
—Baina jatorrizko liburua euskaraz idatzia dago, eta gainera, erdal publikoa ere euskarara hurbiltzen du... Eta zer arraio, esango didazu: Cortázar, Vila-Matas, Bolaño... Horiek denak baztertu behar ditugu gaztelaniaz idazten zutelako?
—Ezetz ba. Baina ez pentsa kritikarik jaso gabe geratuko garenik... Hala ere, pentsatzen jarrita, su-eten garaian gaude, abertzale erradikalak eta konstituzionalista baskistak elkarri airera muxutxoak ematen dabiltzalarik (badakizue, esku ahurrera muin egin, eskua zabaldu eta putz egin, beti ere distantzia prudentzial batera, zer gerta ere), nor ausartuko da guri ezer leporatzen?
—Behintzat jendearen ahotan izango gara. Garrantzitsuena ez da gutaz ongi ala gaizki hitz egitea, gure izenak ahoz aho ibiltzea baizik...
—Arrazoi duzu. Eta nola izena du liburu berri horrek ba?
Mentiras, mentiras, mentiras. Euskaraz Gezurrak, gezurrak, gezurrak izena duena.
—Behintzat izenburua bere horretan utzi dute, detaile bat. Jo, baina ipuingintza... Ez al da pixka bat bigarren mailako generoa?
—Aizu, esan dizut lehen ere motzak direla ipuinok, eta gainera nekez topatuko duzu bertan inolako zailtasun gramatikal edo lexikalik. Hau da gure pagotsa!
—Kritikarik edo badugu eskura?
—Ba oraintxe nator Koldo Mitxelenako hemerotekatik.
—Eta?
—Hau atera dut...
—Mmmm... Felipe Juaristi... "gaztea arren edo horrexegatik beharbada, ofiziodun idazlea dugu". Jo tipo hau beti gaztetasuna gora eta behera. Baina nahiko ondo jartzen du ezta?
—Esan dizut ba, tipoa famatzen hasia dela. Zerbaitengatik izango da.
—Ez baina benetan, liburua erosteko gogoa sartu zait.
—Bai zera! Orain esango didazu irakurri egingo duzula kritika egin aurretik.
—Ba agian bai aizu...
—Nik ere apalean daukat aspaldi honetan. Badakizu, Durangoko Azokatik liburu bat erosi gabe ez itzultzeagatik erdi-konpromisoz erosten diren horiek.
—Hala ere ezer egiten hasi aurretik kanonarena konpondu beharko genuke.
—Ez dut uste horretan arazo handiegirik izango dugunik. Imaginatu, tipoak Epeleko Etxeberrin eta Obabako Alaska Hotelean egiten zituen familiako bazkariak.
—Bueno, Epeleko orain itxita dago, baina Fagollagan bazkaritxo bat ere... Gosea sartzen hasi zait...
—Bai bazkalordua ere badugu eta gu hemen tertulian.
—Zer, Arzakera joango gara?
—Berriro?
—...
—Bueeeno, baina oraingoan nik ordainduko dut eh!
—Ezta pentsatu ere! Hau kolaboratzaileen diru kutxatik. Zer uste dute horiek?

Oharra: Hemen esandako gauzaren bat GEZURRA bada, ez gara gu izan, Iban Zalduaren errua da. Argibide gehiago Gezurrak, gezurrak, gezurrak liburuan. Mentiras, mentiras, mentiras liburuan, alegia.

3 comentarios: