viernes, 5 de mayo de 2006

Anarik igande batez zirrara sortu zigunekoa

Asteburu luzea izan da pasa den astekoa, asteleheneko aldarri-jai egunari esker. Batzuk manifetan pasa zuten astelehena, beste batzuk lanean (bizitzaren paradoxak), eta Andoain inguruko jendeak Santakruz jaietako ajea gainetik kendu ezinda. Guk denetik egin dugu (bai, lana ere bai). Kontua da astelehena jaia zela profitatuz kontzertu bikaina antolatu zutela Andoaingo gaztetxean: Anari lehenik eta Sorkun ondoren. Biak batera ere ikusiko genituen taula gainean gaua bukatu baino lehen.
Badira zuzeneko indartsuak, baina ez da hori bilatzen dugun hitza. Badira bakarlari onak, baina adjetiboa motz geratzen ari zaigu oraingoan ere. Badira, berandu bada ere, idatzi egin behar diren kronikak, nahiz eta, berriro esango dugu, hitzak ezer gutxirako balioko duen oraingoan. Bakarrik geratu ginen igandean musikaren aurrean, biluzik, eta hala ere Anariren kontzertu batek zerbait esatera apur bat derrigortu egiten gaitu.

Aingura Hegodunak abestuz hasi zena Minaren funtsarekin bukatu zen. Zebraren zuri beltzetik Habiak topatu arte, joan etorrian, erloju guztiak geldituz, geroz eta sakonago, geroz eta dotoreago. 1997an kaleratutako lehen diska hartako kantuak ere entzun genituen, taldearekin jotzeko moldatuta.

Azken laneko (h)egoak edo Desertua bezalakoak jotzean iritsi ziren momenturik bareenak: entzuleek beren buruei introspekzio bat egiteko momentuak, zigarroen keak, buruak astiro alde batera eta bestera. Kontrako aldean, Naufragoak eta Gu kantuekin lurrikara emozionala etorri zen, garrasi egin nahi genuen baina eztarrian ito zitzaigun geure buruari "gu ez gara dantzaldi honetako erreginak, gu ez gara dantzaldi honetako erreginak" errepikatzen genion bitartean.

Lehen bisean Dut taldearen Haize ezarekin batera Sorkun igo zen eskenatokira. 90etako oroitzapenak, izozkiak gara beraien ahotan, At, hura bai diskoa, bandera trapu bat da haizerik ez badabil. Trapu bat. Bi ahotsetara, dotore, bikain eta gu halako irribarre nostalgikoari ezin eutsirik, haurtzaro musikalaren Pandoraren kutxa irekita ordurako. Etxera joateko ordua heldu zitzaigun, horrenbestez. Ezin Sorkunen kontzertua ikusi (jakin ahal izan dugunez, izugarri hau ere).

PS: Ikusten duzue, hitzak ezer gutxirako balio du batzuetan. Han egon zirenek ulertuko dute gutxi gora behera zer esan nahi genuen, edo agian ez, baina berdin da, Anariren kontzertu bat ikustean ulertuko dute.

6 comentarios:

  1. kontzertu bikaine!!bai anariren aldetik eta bai sorkunen aldetik. eta elkarrekin jotako kanta zoragarri!

    ResponderEliminar
  2. esan nondik atera duzun argazkia!!!! gogoratzen COPYLEFT kontzeptua??????

    ResponderEliminar
  3. Bandera trapu bat da


    haizerik ez badabil.





    Ostera haizea dabilenean oso bestela dira gauzak


    eta bandera


    trapu bat da.

    -H. Cano-

    ResponderEliminar
  4. copylefteko gaiari jarraituz, hauxe da argazkiaren lehen publikazioa eta benetako egilea:
    www.fotolog.com/laborde

    ResponderEliminar