martes, 9 de mayo de 2006

Doinu ezberdinak kosta aldean

Disko berria kaleratu du Delorean talde zarauztarrak. Bosgarren disko honek, “Into the plateau”, intentsitate handiagoko doinuak bilatzen ditu; doinu dantzagarrietara joera du doinu poperoetatik alde eginez. Diskoa aurkeztu nahian eman zuten kontzertua pasa den ostiralean, maiatzaren 5ean, Zarautzeko Ketarri aretoan.
Bide luzea dute mutil zarauztarrek atzetik. 2000. urtean sortu zen taldea Tomas Palomo (guitarra), Ekhi Lopetegi (baxua eta ahotsa), Unai Lazkano (teklatuak) eta Igor Escudero (bateria) taldekideekin. Hasiera batean pop talde bat sortzea zuten xede, baina gerora beraien doinuak landu eta jorratzen zihoazen bitartean taldeak aldaketa izan zuen. 2001ean "Silohuettes" beraien lehendabiziko lana kaleratu zuten. Beraien sustrai poperoak antzematen ziren bertan. Nahiz eta Delorean taldeak etiketak eta beste talde batzuekin konparatzea gorrotatu, lehendabiziko diskoarekin New Order, The Cure edo Rentals taldeen influentziak nabari direla esan daiteke. 2003. urteko udan, Deloreanen diskorik beroena eta dantzagarriena kaleratuko dute. 9 abesti borobil aurki ditzakegu “Delorean” diskoan; The Cure, The Faint edo Radio 4 bezalako taldeei keinu eginez. Alemania, Italia, Noruega eta Mexikoko lurraldeetan ere kaleratu zen diskoa. Askok post-punk jarrerarekin azpimarratzen dute, baina taldekideak etiketak gorroto dituzte. Etiketok oso sinplifikadoreak eta salmentak bultzatzeko balio dutela uste dute. Bigarren diskoarekin izan zuten arrakastaren ondorioz,  beraien musika dantzagarria sakontzeko DJ eta lagunekin inguratu eta hirugarren disko bat grabatu zuten. Zortzi kantaz osatuta, 4 abesti eta beste lau remix-ak, 80. hamarkadako doinu dantzagarriena ekartzen dizkigu gogora “Metropolitan death” diskoak. 2006. urtean, beraien musika dantzagarriarekiko lotura erabat finkatu dute “Into the plateau” disko bero eta berriarekin. Bira batean murgildurik daude orain zarauztarrak. Estatu maila eta baita Paris eta Alemania aldean ere emango dituzte kontzertuak. Azken disko honetako eta abesti zaharragoekin ere gozatzeko aukera izan genuen Ketarrira hurbildu ginen guztiok.

    Ekaitzak eta euri zaparradak pasa ostean heldu ginen Getariko Ketarri aretora. Kontzertuak bazuen kutxu dotore eta ezberdina. Jendea bera ere denetarikoa zen. Zaharrak, gazteak… “Into the plateau” disko berriaren aurkezpen kontzertua zen, baina baita MUSIK-AKTS eragilearen azken kontzertua ere. 3 urtetan zehar talde ugari hurbildu dituzte Ketarri aretora. Jende ugari hurbildu ginen Deloreanen doinuak belarrietan gozatzeko nahiarekin. Baina Zarauzko talde gazte batek teloneatu behar zutela konturatu ginen. Irrikitan geunden doinu dantzagarri eta kaineroak entzuteko eta horren ondorioz edo, digestioa moztu zitzaigun punk-rock amerikar abestiak talde gaztearen ahotatik entzutean. Hiru ordu laurden bat jo zuten gazteek, eta taula gainean defendatzen bazekitela erakutsi ziguten, nahiz eta abeslariari bi aldiz gitarrako soka apurtu. Kontzertua eramaten jakin izan zuten.

    Baina heldu zen ordua. Delorean taula gainera igo zen. Jendea beraiengana hurbildu eta “Metropolitan death 1” abesti kaineroarekin zabaldu zuten kontzertua. Oso kainero. Ez dut uste kontzertu horretatik norbait atera ote zen hankak edo burua erritmoarekin bat egin gabe. Kontzertua aurrera joan ahala giroa berotzen joan zen eta bertako guztiok ipnotizatuta bezala beraiei so geunden bitartean doinuak eta erritmo biziak azaletik barruraino barreiatzen ziren. Igorren bateria erritmo kaxa baten antzera entzuten zen, indartsu zuen guztia emanez eta asko harrituta utziz. Tomasen gitarren delayarekin ipnotizatzen ginen guztiok. Unairen sintetizatzaile eta teklatuarekin bizitasuna hartzen zihoan kontzertua. Eta Ekhiren ahots urratu eta biziarekin eta baxu erritmikoarekin kontzertu ona ematea lortu zuten. Arazotxo batzuk izan ziren medio baina inongo axolarik gabekoak. Disko berriko abestiez gozatzeko aukera izan genuen “As time breaks off” edo “No name” bezalako abestiez hain zuzen. Baita “Delorean” diskoko abesti askorekin ere. Mario Bross-en katu mitikoaren ondoren denok bis bat itxaroten geundenean taula gainera igo eta bertsio baten ondoren “NYGaps” abesti dantzagarriarekin bukatu zuten emanaldia. Denok dantzan, zoraturik, erritmoa barruraino sarturik. Bizitasunez hasi eta bizitasunez bukatu. Doinu dantzagarriekin kutsatuta atera ginen bertara hurbildutako guztiok. Disko berria noiz aterako itxoiten eta irrikitan. Pazientzia gutxi dutenentzat Deloreanen weborrian primizia dago. Bertan dasta dezakezu “Into the plateau” diskoa. Gozatu ezazu!



4 comentarios:

  1. Bai bai arrazoi guztia. Artikulua irakurri baduzu aurrerago Getarin dagoela irakur dezakezu. Hasieran erratu nahiz. Barka!jeje.

    ResponderEliminar
  2. Barkatu baina Ketarri ez dago Zarautzen, Getarian baizik.

    ResponderEliminar
  3. larunbatan Fever-en jo zuten ta bufffffffff... una pasada.. zelako soinua..

    ResponderEliminar