martes, 30 de mayo de 2006

Bilbo, ixteko ordua

Medikuarenean errutina hutsezko analisi bat egitera joan eta auskultazioa egiterakoan hasi zen dena. Entzun, harritu eta elektro bat egingo dizut esan zuen bata zuri, buru soil distiratsu hark. Ezin da izan gero. Honen arabera bihotza geldirik daukazu. Grabea ote zen jakin nahi izan nuen eta oso esan zuen metro eta berrogeita hamar, zigarro erretzen. Zer kontseilatu behar zidan ere ez zeukan oso argi eztakitpa, agian egun batzuk mendi aldean...
Ekaina gainean genuen arren kalera atera eta euria hasi zuen zaparradaka. Albiako lorategi inguruetako luxuzko autoen kristalek kris krask egin zuten zerutik erortzen ziren botila berdeen erruz. Periodikoa aterki bihurtu nuen prestidigitazio ariketa sotil baten bidez eta Gran Via aldera jo, agian eguraldi horrekin gaztain batzuk edo behintzat CD piratak salduko zituztelakoan, bihotz goxagarri. Atso asaldatuek kontrako norabidean egiten zuten korrika -Highway to Jel- eta atzetik segika, lepotik haginka egin nahiean Corte Ingleseko saltzaile uniformatuek azken beherapenenak eskeintzen zizkieten. Aterkiak apurtuta, perlak galdu beharrean eta izerdi perfumatuzko arrastoa utziz atso gaixoek, Visa juxtu gaur ahaztea ere! madarikatu zuten.

Tren estazioaren inguruetara iristean jendea agur, agur esaten hasi zitzaidan. Ez nuen oso ondo ulertu eta ohitura izango dute esan nion nire buruari. Azken finean zertarako daude tren estazioak agur esateko ez bada? Artean zorabiaturik nengoen, klima aldaketaren eta buruan lehertu zitzaizkidan kristalen kontuak, beraz kaleek nire orkatiletan sortu zuten korapiloa askatu nuenerako zubiaren bestaldean nengoen esfera huts bati begira. Hutsunea. Isiltasuna. Hau une traszententala duk bizitzan. Ez ezak ezer esan.

Baina une traszendentalak ihes egin zuen semaforoa berde jarri zitzaiola ikusirik eta nik ibaiean gora jarraitu nuen, milioi bat pertsonaren hondakin organikoen artean bi gazte ustez osasuntsuk -ganbaraz ari naiz- piraguismoa irrifartsu nola egiten zuten ikusiz. Zubi zuri bat.  Sei urteko ume batek ur-pistola bat gerrian kokatu eta emaidak gainean daukaan guztia esan zidan eta ni poztu egin nintzen, azpitik neramana emateko eskatuta lotsa handia pasako bainuen. Batere beldurrik gabe eman nizkion jaka, kartera eta nire lau urterik onenak.

Gero, pisuz arinago eta apur bat harrituta, banku batean eseri nintzen hondoa jotako latorrizko itsasontzi bat parez-pare nuela. Han, zigarro bat erretzeko denboran, ilea zuritu, aurpegia zimurtu eta hankak ziztrindu zitzaizkidan. Ez nintzen dagoeneko lehengo bera. 

Ez nion, horraatik, ibaiertzean luzatzen zen estratari ezetz esan. Jarraitu beharreko untxi zuririk ez nuenez zuri gorriz jantzitako prozesio bati lotu nintzaion Deustuko zubian barrena, bide batez denda itxi berri zuen negoziogizon txiki eta adardunari suizidioa baino alternatiba atsegingarriagoak bazeudela erakusten saiatzen nintzen bitartean. Ez zidan kasu egin nahi izan, eta bereak handienak zituela erakusteko inoiz ikusi dudan irribarrerik handiena atera zuen zubitik harriz kargaturik salto egin aurretik. Ez zuen ba tipoak denbora askoz gozatu bere arrazoi puta horrekin.

Zahartu, ostu, eta arrazoirik gabe utzi ninduten beraz: arte ederren museoak zertarako balioko ote zidan galdetzen nion nire buruari txartela ordaintzen nuen bitartean -ohar mentala: galderak beti beranduegi etortzen zaizkizu burura- baina barrura sartu eta jaten ari nintzen izozkia eskuetan urtu ondoren paretean nola-hala txokolatezko arrastoak marraztu nituenean ulertu egin nuen. Nik artista bat neraman barruan. Hala erabaki zuten museoan zebiltzan besteek ere, eta laster hasi zen jendea eta jendea etortzen eta kamarak, flashak...

Horrela, puztuta eta inportantea sentitzen nintzelarik, Kasilda Anderearen parkea gurutzatzea erabaki nuen.

Berriro ere bakarrik nengoen ordea, famak ez zidan hamabost minutu iraun eta bere horretan ez zuen balio handirik. Piska bat soberan sentitzen nintzen gainera, piska bat kanpotar kanpotar horien guztien artean. Paseoan baino taberna batean hobeto agian. Han inor ez dago soberan. Ez aurkitzen ordea lasai egoteko moduko bakar bat ere, ibilian-ibilian ari ondoren parean tokatu zitzaidan zirku antzeko haren inguruetan. Denak leporaino. Prozesio zuri-gorriaren helmuga: Gurtu dezagun Mames Deuna esaten zuen seinale batek. Orduan ulertu nuen.

NI (pentsalari postura hartuta).- mmm...bai, ulertu dudala uste dut...
BESTEAK (harrituta).- aaaaaa...

Euria hasi zuen eta bestela ere buruko minez nenbilela kontuan hartuta nahiago izan nuen autobus estaziora joatea. Ez zen botila-euria izan ordea. Ke ba. Oraingoan hemen ohikoagoa den eztabaida-zirimiria hasi zen. Hor hasi ziren lehenbizi argudio gatzgabeak eta gero birao potoloak erortzen zerutik, aldameneko zirkuan epaileak penalti esan zuelako.

Estazioan, han bai, garagardo bat hartu nuen botila berdean. Bata bestearen atzetik esan nahi da, eta konturatu nintzenearako azken mozkorraren topikoa biziberritzen ari nintzen inork bereziki gogoko ez zuen tabernan. Zerbitzariari lau bider kontatu nion goizean medikuak esandakoa -nire arazo kardiologikoa eta hori guztia- hark ixteko ordua zela esan baino lehen.

Argibideak eskatu nizkionean ixteko ordua esan zuen berriro, azken garagardo hori bukatu eta mundura irten behar duzu. Ixteko ordua beraz, pentsatu nuen eta zerbitzariak ez duk zertan etxera joan, baina ezin duk hemen geratu argitu zidan, sinpatiko asko. Ea lagunen bat bilatzen duzun desiratu zidan bukatzeko, edalontziak lehortzen zituen bitartean.

Balantzaka atera eta lurrera hiru edo lau aldiz erori ondoren, autobus batera igo nintzen azkenik, ukabila altxata Ia guriak egin du abesten.

Ezer ez zen hain txarra modu batera begiratuta. Ilea ez neukan hain zuri, hankak ez zeuden hain maxkalduta eta mozkorrarena biharko egunerako atzean utzitako pasartea izango zen. Medikuari kasu egin eta mendi aldean egun batzuk pasatzea izango zen onena agian. Eta zerbitzariak ere arrazoia zuen. Zer demonio, ixteko ordua zen eta ni ez nintzen konturatu. Berak, ni bezalako jende asko ikusia baitzuen, bazekien erlojuari begiratu gabe Bilbo ixteko ordua noiz iristen zitzaion bakoitzari.

Eta Bilbok ordua iritsi denean bihotza gelditu egiten dizu, ez dizu bizitzen uzten harik eta urrutira, munduaren beste puntara alde egiten duzun arte. Ipurdian ostiko ematen dizu eta ospa, ospa, ospa esan. Orduan alde egin behar duzu, nik bezala, azken garagardoa alkondararen ezkerreko poltsikoan gordeta, erdi mozkorrik eta tristeziaz algaraka, koaderno txiki batean hiriari distira gutxiko epitafio bat idatzi bitartean.

Joan zaitezte hemendik edo zakurrak askatuko ditut adibidez. Aio.

3 comentarios:

  1. ...faltan botako dut Bilbo hemendik aurrera, ez soilik handikan nhurrun egonen naizelako...testu hau zinez gustatu zaidalako baizik.

    Laket dut, Gorkak nola idazten duen...joe

    ResponderEliminar
  2. Leku kuriosoa da Bilbo, bai. Interesgarria narrazioa, burupizgarria.

    ResponderEliminar
  3. Hau irakurtzean Bilbon igarotako momentu onak etorri zaizkit burura. Hiti interesgarria benetan, eta egia esan, urte politak pasa ditut hirian barrena paseatzen.

    ResponderEliminar