martes, 16 de mayo de 2006

Bartzelona

1714. urtean Gaztelako soldaduek Bartzelona konkistatu zuten.  Konkistatu esan dut? Barkatu. Espainia handiaren barnean dagoen errealitate kultural amankomunaren ondorioz gertatutako anexioa izan zen. “Anexio” horrek milaka kataluinarren heriotza suposatu zuen, foruen desagerpena, unibertsitatearen itxiera, kataluñako hizkuntzaren debekua… Baina gutxi batzu (hiritar gehienak) ez zeuden ados anexioarekin, eta erresumaren batasun sakratua kolokan jartzen zuten. Hiria kontrolatuta edukitzeko gotorleku bat eraiki zuten Ciudadellan. Ur biltegi bat eraiki zuten alboan, gotorlekuarentzat bakarrik

Eta gaur hor barruan nago ni, gizakiaren sorrera eta eboluzioa azaltzen omen duten apunteen aurrean. Ia 300 urte geroago ur biltegi hau Pompeu Fabra unibertsitatearen liburutegia da. Isila, lasaia, freskoa. Lehen ura zegoen lekuan orain CiUkume eta PPkumeak daude liburuen artean, urduri, zoratzeko zorian. Egun kafeinikoak eta gau anfetaminikoak. Eta haien artean ni. Nazkatuta eta aspertuta. Erlojua begiratu dut: zortzirak bost gutxi. Bokata triste bat eta hiru kafe. “Joan daitezela tximinoak porkulo hartzera” pentsatu eta gauzak batzen hasi naiz. Nire kideak begiratu nau. “Em vaig a casa, estic fart”, “Ens veiem dema” esanaz erantzun dit. Nik ia entzun ez dudan “adeu” esan ostean buelta eman eta irterarantz ibiltzen hasi naiz. Kaskoak jarri ta kalera.


Gaua Bartzelonaz jabetu da. Urrunean Sagrada Familia ikusten da, ondo legoke herrira itzuli baino lehen bisita egitea. Beste aldean Mafre dorreak. Handiak, erraldoiak, hiriaren jaun eta jabe. Joan Clos alkateak mila koloredun zakil erraldoia eraiki zuen arte. Alboan Ciudadellako parkea, egunez hippien erresuma eta gauez yonkien infernua. Eta zoologikoa, noski. Tximinoak nola masturbatzen diren eta bata besteari kaka nola botatzen dioten ikustera joan beharko naiz egunen batetan. Hondartzak, luxuxko hotelak, portu olinpikoa, kotxe garestiak, turistak… Bartzelona post-olinpikoaren erretratu ederra. Eta bide bazterrean, unibertsitate elitista eta kotxe garestien artean, beraien haragia oso merke saltzen duten emakumeak. Aste batzu barru negozioa bukatuko zaie eta ez bezero faltagatik. Udaletxeak ateratako gizabidearen legeak prostituzioa debekatu du.


50 urtetik gorakoak izango dira dauden emakumeak. Bizitzaren kolpeak azalean markatuta dituzte. Begiradan antzematen zaie zein gustoko duten Bartzelonako modernitatea eta kosmopolitismoa. Lurrera begiratu eta metrorantz zuzendu ditut pausuak. Bidean emakume gehiago. Urtarrila da eta gerriko baten neurriko gonak erabiltzen dituzte. Metro sarreraren alboan beste bat dago eserita. Erraldoia. Beltza. Bere titiak nire burua baino handiagoak dira. Ia zutik egon ezin bada, nola konponduko da ohean? Begirada gurutzatu dugu. Irribarre egin dit eta eskuak bere bular erraldoietara eraman ditu. “Te apetece probarlas mi amor?”. Hiltzeko modu polita, baina gaur ez, eskerrik asko. Eta pausu batzu aurrerago aurpegi serioz begiratzen nauen tipo bat dago, bere esklabuari ezetz esan diodalako haserre. Metroan sartu naiz miseria horretaz urrundu nahiean. Baina ahaztuta neukan Bartzelonako metroan hiriko miserable guztiak batzen direla. Hor ondo daude. Hiri moderno honen aurpegia zikindu barik, turistek ikusiko ez dituzten lekuan. Ghetto batetik bestera, lurpean eta isilik.

2 comentarios: