miércoles, 17 de mayo de 2006

EremuLauak Ediziogunea aurkeztu dugu!

Bai, zurrumurru gehiegi entzuten ari ginen azkenaldian, eta orain baieztatzeko moduan gaude. EremuLauak-ek aurrerapausua eman du, eta diskoak zein liburuak (edo auskalo zer gehiago) argitaratuko ditugu. Gaur Bilboko La Bolsan izandako prentsaurrekoan aurkeztu dugu egitasmoa.Webgune honetatik sortutako edizioguneak Nun taldearen Collage izango du lehenengo erreferentzia, zazpi kantuz osatutako diskoa hain zuzen ere. Pop eta hardcore doinuen artean kokatzen da talde bizkaitarraren estiloa, "Urrun noa", "Azkenaldian" edo "Lehio Irekia" direlarik biltzen diren kantuetako batzuk.

Diskoa Ondarruko Santos Records estudioetan grabatu zen, iragan abendu eta urtarrila artean, Mikel Santos teknikari lanetan aritu zelarik.

Gainera, "(...)" deituriko kantua ingelesezko bertsioan sartu dute Collage-n, nahiz eta euskarazko bertsio Mundurat-ek kaleratu berri duen disko-bilduman topatu daitekeen. Hemendik zinez gomendatzen dugun diskoa.

Ekaina amaitzean zuzenekoekin jarraituko du boskote bizkaitarrak, hainbat aurkezpen burutuz Euskal Herri osoan zehar.

Diskoa bere osotasunean eremulauak.com webgunean jaitsi daiteke (ediziogunea atal berrian), copyleft lizentziapean. Halere, diskoa fisikoki ere erosi daiteke, Euskal Herriko hainbat dendetan eta baita Internet bidez zure eskaria eginez gero. Diseinu polita daukan CD-a da, digipack formatuan, hortaz, pena merezi duelakoan gaude.

Hurrengo egunotan disko berri hau topatu ahalko duzuen denden zerrenda gehituko dugu, baina ziurtatzen dugu Euskal Herriko hiriburu eta txoko guztietara heltzen saiatuko garela.

2 comentarios:

  1. Atzo, diskoa aurkeztu aurretik elkarrizketa egin genion Xabiri irratia.com gure emankizunean.
    http://www.irratia.com/blog/91 Entzun gura baduzue hor dago.

    ResponderEliminar