jueves, 8 de marzo de 2007

BERRI TXARRAK, GERO ETA HANDIAGO

Atarrabiako Totem-en izan ginen, larunbateko betekadaren lekuko izateko

Libre C disko arrakastatsu eta borobila argitaratu eta gero, Aitor Orejak taldea utzi zuen. Ondorioz, iluntasun garai batean sartu zen talde nafarra, baina argi utzi zuten hau ez dela behin ere gelditzen. Hirukote bezala jarraitzeko erabakia hartu eta Jaio.Musika.hil argitaratu zuten, arrakasta errepikatuz. Horren ondoren estatu mailako birak, Rise Against-ekin Europan zehar ibiltzea eta aurtengo Azkena-n jotzea etorriko ziren.



Atarrabiako Totem-en izan ginen, larunbateko betekadaren lekuko izateko (igandean ere jo behar izan zuten, sarrera-eskaera zela eta).



Kontzertua irekitze lanetan Alacant-ekoVirgen taldea izan genuen, pasa den urteko Festimad arraroan jo eta Primera vez euren lehenengo diskoarekin estatuan zehar kontzertu ugari ematen ari direnak. Eta ez da harritzekoa, izan ere emanaldi interesgaria eskaini zuten, emo-core-aren zaku handian sar genitzakeen kantuak era indartsuan jo eta Glassjaw, Underoath edo Ionic spell-eko Standstill gogora ekarriz.



Berri Txarrak-en txanda iritsi zen hortaz, eta atzerriko talde handiren batek sortuko lukeen ikusmira bera nabaritu nuen inguruan, mota guztietako jendearen artean. Hardcore kontzertu batetara etorri zen jendea zegoen, Iruñeako talde askotako partaideak, hurrengo astean Kauta ikustera ere hurbilduko ziren neska-mutil gazteak...



Azken aldian ohikoa den bezala, Psicosis filmeko soinu bandarekin egin zuten taula gainean agerraldia. Kontzertua Rage Against the Machine-en Testify kantuaren riff-a joz hasi zuten, ondoren euren errepertorioan murgiltzeko. Handik aurrerakoa yankee-ek sing along deitzen duten horietako bat izan zen, karaoke bat, ikuslegoak kanta guztiak hasieratik bukaerara kantatu baitzituen. Dena den, kontzertuak bere alde kaxkarragoak ere izan zituen. Alde batetik, soinua ez zen espero bezain ona izan; indarrik gabe, bolumen faltagatik agian, entzun baitzitzaion taldeari. Bestetik, Gorka ez zen bere onenean, gaixo baitzegoen, nahiz eta nabari ez zedin ahaleginak egin zituen. Nirvanari ere omenaldia egin nahi izan zioten eta Something in the way hunkigarria eskaini ziguten, Gorkak izugarri ongi interpretatua.



Azpimarratzekoa Virgen-eko mutilekin erakutsi zuten hurbiltasuna, Denak ez du balio kantuan igotzera gonbidatu baitzuten abeslaria, Tim McClarath-en papera bete zezan.



Ona izan zen kontzertua, baina bikaina izan zitekeen beltzune horiek eta intentsitate handiagoa gehituz gero, entzulegoaren aldetik dena euren alde baitzuten. Seguruenik Asia eta Europan zehar eramango dituen hurrengo biran gau hobeak izanen dituzte.


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario