miércoles, 21 de marzo de 2007

Taperware Kolektiboa: "Ez dugu gutarrik nahi gure blogean. Beste guztientzat ateak irekirik daude"

E-postara spam itxurako mezu bat, Taperware Kolektiboak bloga zabaldu duela esanez. Zer nahi ote dute autobonbero hauek? Erantzunik ez. Mezua laburregia zen. Agian beraiek zerbait jakingo dutelakoan galdera batzuk egin nizkien. Beheko hori izan genuen elkarrizketaren transkribapen fidela da, mikrouhin labetik pasata noski.

Blog berria ireki duzue, kulturaren ingurukoa, antza. Konpetentzia egin nahi diguzue zerriok!
Konpetentziarena, nola esan... kontziente gara inork gutxik egin diezagukeela konpetentzia, beraz, alde horretatik lasai gaude, lasai egon zaitezkete. Eta bai, kulturaren inguruko bloga izan nahi du gureak, edo inguruko kulturarena, nondik begiratzen den. Badakigu kulturaren pastiza ez dela sobera handia, baina zer egingo zaio, apurrekin asetzen ez denari beti geratuko zaizkio kirolak edota burtsa bera.


Fotologa ere baduzue. Freaki samarra iruditu zait, onerako noski.

Fotologa irekitzeak bakarrik aitortzen dizu dagoeneko freakitasuna. Hortik aurrerako komentarioek ez liokete ezer gehituko gure kalaka honi. Fotologa blogaren propaganda aparatuaren beste tresna bat besterik ez da, bloga kolektiboarena den ber gisan. Hala ere, jendeari eskatuko genioke, mesedez, errespetatzeko fotologaren pribatutasuna eta beraz, ez bisitatzeko, ez bertaratzeko, arren (agian horrela esanda jendea gerturatuko da, bestela jai dugu).

Zuen sarrerako testuan ekimen baten inguruan bildu zinetela diozue. Zein izan zen?
Ekimen konkretu hori, argitu beharra dugu, oso ekimen konkretua da: Xirika Gazteon Kazetan tartetxo bat eskaini ziguten, astero, gaur egungo bizimoduaren kritika azido bat argitaratzeko. Horixe izan zen Taperware kolektiboaren iniziazio errituala, Leihatila beltza izeneko tartea. Baina sarrera testuan esan bezala, zabal-zabalik gaude aspaldion, eta blogean zintzilikatzeko asmoa dugu gure kolektibotik jaio daitekeen sorkuntza ekintza oro. Edozer gauza, alegia.

Zenbat pertsonak osatzen dute kolektiboa orain?
Bada, itxaron pixka bat... Listo, mila esker. Justu oraintxe bete du azken lagun batek kolektiboko partaide izateko sarrera-orria. Egia esango dizuegu, ilara oraindik orain nahiko luzea da, baina gaurkoz leihatila ixteko tenorea iritsi zaigu. Bestela, erreklutatze kanpaina bat egiten ari gara, geriatriko eta enparauetatik, kide kualifikatu berriak txaluparatzeko asmoz.

Zer lortu nahi duzue insubordinazio hutsa den bitakora horrekin?
Argi eta garbi esango dugu: fortuna egitea. Eta sosik ezin bada irabazi, bada, galbidean diren baloreen zabaltzea: Familia, Jainkoa eta Aberria. Bidenabar, gurekin bat egiten duten gizaseme guztiei dei egiten diegu, popatik hartzera joan daitezen. Ez dugu gutarrik nahi gure blogean. Beste guztientzat ateak irekirik daude. Are gimnasioan giharrak landu zaleak baldin badira, bistan da.

Insubordinazioak bere lehen fruituak eman ditu, orain arte zeneukaten .blogspot gunea itxuragabeki itxi baitute. Manifarik antolatu behar duzue?
Bart hitz egin genuen Raxoi jaunarekin eta, agenda nahikoa estu badu ere, alderdiko militantzia mugiaraziko duela ziurtatu zigun. Oraindik ere .blogspot guneko mandatarien barkamen eskakizunen esperoan gaude. Hirugarren ardo botila eskatu dugu dagoeneko.

Vascuencea, dialectoa eta la lengua del imperio erabiltzen dituzue. Behin bati poliglota deitu nion eta irain modura hartu zuen...
Gu ez gaituzu irainduko, poliglota hutsak baikara. Hori esaten digu, behintzat, gure amak. Dakizkigun hizkuntzak erabiltzen ditugu, ez besterik. Eta gure balizko irakurleek dakizkitenak ere bai. Etorkizunean, nolanahi ere, hizkuntza berriak erabiltzeari ez diogu iskin egiten. Ez Ronaldinhok bezain ongi behintzat.

Orain serio. Zergatik hizkuntz-hirutasun hori?
Bada, bizitza bera hirutasunez betea dagoelako: Aita, Semea eta Espiritu santua, Ronaldinho, Eto´o eta Messi, hanburgesa, gazta eta ketxupa... Orain serio: bizitza bera hirutasunez betea dagoelako.

Eta bukatzeko elkarrizketa hau egiteko motibo nagusia... Nola lortu duzue nire e-posta?
Oso erraz. Abaltzisketako izeba Mari Pilik eman zigun. Donostiyan egon ginen aurreko batean berarekin eta, portzierto, zure izebak kafesnea ordaindu gabe alde egin zuen txurro-dendatik.

Ah! Orain ulertzen dut zergatik ekarri zituen aurrekoan txurro batzuk taperware batean!



Bisita ezazu: http://taperware.mundua.com/

6 comentarios:

  1. Zapore bitxia du (hobea) etxeko plateretik urrun, bazkak taperwarean.
    Noiz asmatuko digute ardobotila taperra?
    Ez begiratu atzera, hortxe gaude-eta. Taperrak badituzu...

    ResponderEliminar
  2. nik taperguarre izena jartzeko proposamena luzatzen dut

    ResponderEliminar
  3. Izan ere, zuk aipatzen duzun Tupperware marka erregistratua, euskaraz "taperguare" ahoskatuko nuke nik. Izena aldatzea proposatzen diet kolektibo honetako lagunei: Taperware izan beharrean Taperguare izan daitezela. Zorte on!

    ResponderEliminar
  4. Beno bai ez. Banengoen ba nik taperware ez dagoela zuzen idatzia!!! Jatorrizko izena erabiltzera ez zarete ausartu, izan ere erregistratutako marka bat delako!!!! Jejeje... Apa zuek!!! http://en.wikipedia.org/wiki/Tupperware

    ResponderEliminar