lunes, 19 de marzo de 2007

Dacia: zibilizaziotik automobilera

Harluxet hiztegi entziklopedikoak honela definitzen du automobila: 1. iz. Motore batek eraginik dabilen ibilgailua, lau gurpilekoa eta lauzpabost bidaiari garraia ditzakeena. 2. izond. Berez, kanpoko laguntzarik gabe, higi daitekeena. Definizio honi kotxea kapitalismoaren ikurretako bat dela gehituko nioke nik. Maiz pertsonek erabiltzen ditugun auto markei esker zein klase sozialekoak izan gaitezkeen igarri dezakegu.  Telebistako iragarkiak ikustea baino gauza hobeagorik ez dago horretaz jabetzeko. Automobilen publizitateak kapitalismoak askatasuna ulertzeko duen modua deskribatzen digu: "libre izango zara zuk nahi duzun lekura joan zintezkeelako". Askatasuna noski, hori baino gehiago da, eta gainera beti erabil daiteke garraio kolektiboa. Baina tira, haria ez galtzeko: auto markak estatuen ikurrak ere badira. Ez da nire asmoa publizitatea egitea, baina nork ez ditu kotxe alemanak, suediarrak, japoniarrak, etab. marka jakin batekin identifikatzen?
Errumanian ere gauza bera gertatzen da. Dacia (euskaraz datsia ahoskatua) da automobil "nazionala", nahiz eta hori aldatzen hasia den. Bloke Sobietar ohiko herrialdeetan maiz topatzen dugun dualtasun historiko bera ematen da hemen ere. Adibidez errepublika "sozialistan" bizi ziren errumaniarrek kotxe marka bakarra erosteko askatasuna zuten, gaur egungo errepublika "demokratiko" eta kapitalistan berriz kotxe marka eskaintza handia duten arren, pribilegiatu gutxi batzuek bakarrik eros ditzakete atzerriko modelo horiek.

Errepidean Dacia ilarak ikustean beste garai batean nagoela imajinatzen dut, baina ez da ilusio apaletik pasatzen. Dena den, Hernanin nengoeneko Xabi eta Gariren gogo biziaz oroitzen naiz niri Dacia kotxeak zeintzuk ziren erakutsi nahian. Beldurrik gabe esan diezaket xarma berezia duen kotxe hau jada ezagutzen dudala.

Hala ere, Dacia automobil bat baino gehiago ere badela irakasten digu historiak.  Harluxet hiztegi entziklopediko miragarria berriz ere zabalduz gero Dacia kotxeari izena ematen dion Dazia zibilizazioaz gehiago jakin dezakegu: Europako antzinako eskualdea, gaurko Errumanian. Meategi aberatsen lurraldea, gatazka luzeak izan zituen Erromatar Inperioarekin. Trajanok menperatu (101-06) eta erromatar probintzia bihurtu zuen. Aureliano enperadoreak godoen esku utzi zuen (275).

Kasualitatea izan edo ez, historiak errepikatzeko joera du. Daziarren mundua inperio erromatarrak irentsi zuen, Dacia estatu enpresa frantsesek irentsi zuten bezala. Enpresa enblematiko hau jabetza atzerritarrera pasatu zen diktadura gori-gorian zegoenean. Nola zen posible bere burua sozialistatzat eta abertzaletzat jotzen zuen herrialde batek estatuko enpresa karismatikoenetako bat pribatizatzea?

1 comentario:

  1. iker, eskerrikasko kotxe xarmangarri honi artikulo bat idazteagatik, ala ere espero det nere kotxe zoragarriaz gogoratzea. aio ta mesedez dacia gehiagori argazkiak atera eta bidali e-mailez nere kotxe zarren kolekziorako

    ResponderEliminar