lunes, 26 de marzo de 2007

Gizagaldu baten bilakaera

Jesse Malin izena entzuterakoan erreakzio desberdinak sor daitezke: sex, drugs & rock and rollaren filosofia muturreraino dastatu zuen rockeroaren irudia berpiztea eta "non egongo ote da?" norbere buruari galdetzea, ala MTVn agertzen diren ume -handi- bihurri horietariko batez oroitzea.

Jesse Malin (New York, 1968) izena entzuterakoan erreakzio desberdinak sor daitezke: sex, drugs & rock and rollaren filosofia muturreraino dastatu zuen rockeroaren irudia berpiztea eta "non egongo ote da?" norbere buruari galdetzea, ala MTVn agertzen diren ume -handi- bihurri horietariko batez oroitzea.


Biak izan daitezke erreakzio zuzenak, benetakoak, bi egoera horietan murgilduta aurkitu izan baita Malin. Baina, ez batak, ez besteak, isolaturik, ez digute balio izango Glitter in the Gutter (Adeline Records, 2007) -Distira Estolderian- disko berrian aurkituko duguna igarri ahal izateko. Diskoak merezi duelakoan, eta 16 Euro itsumustuka gastatzeak grazia handirik egiten ez duelako, eremu hauetara ekarri gura izan du Malin zerbitzari honek.


Musikariaren bizitzari gain begiradatxo bat emanez, esan behar da, 80. hamarkadan Sagar Handiko hardcore giroetan lekutxo bat egin zuela Heart Attack taldeko abeslari eta gitarra jole gisa. Taldea disko bat kaleratu ostean deuseztatu zen. Nerabezarotik atera eta 1991.ean milaka jarraitzaile bilduko zituen taldea sortu zuen: D-Generation. Garaiko kritikaren hitzetan taldeak punka, glama eta garage estiloak uztartzen zituen ikutu rockeroei muzin egin barik.


D-Genek aldizkari espezializatuetako kritikarien onespena eta begirunea lortu zuen bere estiloarekin: punk jarrera erradikala oholtza gainean eta potroak burua baino gehiago hitzak idazterako orduan. Hala ere, diskografien "aholku" eta mehatxu zuzenez beteta dago beren historia; Chrysalis Recordsen eta Columbia Recordsen zenbakiek ez baitziren aurreikuspenetara egokitzen. Alegia, ez zituztela behar adina disko saltzen. Eta betiko moduan, behartutako bira pare baten ostean, 1999an, behin betiko agurra esan zuen taldeak.


XXI. mendearekin batera, Malinek, bere disko zaharrei hautsa kendu eta gaztetatik gurtzen zituen Tom Waits, Steve Earle eta Neil Youngen soinu garbiagoen ildoetatik hasten da higitzen. Bide zidor hauek, idazten dituen hitzetan ere eragina handia izaten hasten dute, eta, bere kanta berriek, D-Gen garaikoen harropuzkeria alde batera utzi eta New York Cityko kronikari baten kutsua hartzen dute. Malinen hitzek formaz haratagoa doaz orain. Eta formak gainditu bakarrik ez, espazio mugak ere zeharkatzen dituzte Jessen kantek. "He writes locally but thinks universally", JW Bassett kritikariaren hitzetan.


VH1 telebista kateak duela gutxi egin zion elkarrizketa batean, Malinek, rocka bizimodu bat dela zioen, ez dela moda iragankor bat. Baina gaur egun egiten duen rockak aspaldikoa baino geruza gehiago ditu, sakonagoa da. Bilakatu egin da, nolabait esateko. Eta, agidanez, hori zen Malinek bilatzen zuena: "Ertz hotz eta zorrotz bat, abesti sakonak ezkutatzen dituena". Heldu egin da -behingoz- gure gizona eta barruan duen guztia ateratzen hasi da. MacKenzie Wilsonek ezin egokiago esan zuenez, bihotz samurreko punkia da Jesse.


Beraz, gitarra garbi eta zikinen arteko soinu jokoak aurkituko ditugu Glitter in the Gutter honetan. Abestien protagonistak, edozein izan zitekeen pertsonaiak dira, tokian tokiko bizipenekin kantei unibertsaltasuna emango dizkietenak. Eta urrea diamante bihurtuz, kolaboratzaileen artean Ryan Adams, Josh Home -Queens of the Stone Age-, Jakob Dylan eta Bruce Springsteen aurkituko ditugu.

3 comentarios:

  1. aupa egiluz, hasteko ondo dau, baina musikaz ez dot asko ulertzen baina artikulu hau idaztean lekua bete behar zenuen ala pentsatzen dozuna esan dozu ezer derrigorrean luzatu barik??
    ondo dau,baina ulerterrazagoa ez baia arinagoa izan behar da intersgarria izateko.
    aio

    ResponderEliminar
  2. Info. gehiago gura izanez gero: bere
    webgunea: www.jessemalin.com
    eta myspace-a: www.myspace.com/jessemalin

    ResponderEliminar
  3. Jode, ba ez dakizu zenbat laburtu behar izan dodan txapada ez izateko :) Baina bueno, hurrengoan zuzenagoa izaten saiatuko nauk :) Nahiz ta musikofiloa ez izan saiatu diskoa lortzen, oso ondo dau benetan!

    ResponderEliminar