jueves, 29 de marzo de 2007

Lau Granada ezberdin

Granada fruta gozoa da ondo heldua dagoenean. Ez ziren gozoak izan ordea 1983an Karibeko Grenada irla gorrian Amerikako Estatu Batuek erortzen utzitako bonbak. Gozo askoak berriz Washington Irving idazle estatubatuarrak Tales of the Alhambra (Alhambrako ipuinak) liburuan Granadako hiriaz idatzitakoak. Mairuen antzinako Alhambra edo "gotorleku gorria" gutxi batzuen paradisu eta otoitz lekua, gaur horda turistikoen lurralde bilakatu da. Jauregiak Sierra Nevada du zaindari atzean, Veleta eta Mulhacengo tontor zurituekin. Elurra bezain zuriak dira Albaycin auzoko etxeak ere. Andaluziar herri tipiko honetara ekarriko zaituzte aldapa malkartsuek. Baina baliteke bidean jasminen usainak zure burua horditzea eta beste garai bateko ametsetan ainguratua uztea.
Beste garai batean ainguratuak, seguruenik, Sacromonteko koba-etxeak daude. Ijitoen auzoa bezala ezaguna denak amerikar asko eta ijito gutxi ditu. Ingurua turismo folklorikoari begira dago. Tamalez XXI. mendeko ijitoen aingura hiriaren kanpoaldeko Los poligonos  auzo txiroan dago.

Goibeltasuna eta malenkonia barreiatuko dira Paseo de los Tristes delako Darro ibaiaren ertzetik. Zume negartien adar makurren malkoak erreka txiki eta txundigarri honetara isuriko dira. Genil eta Darro ibaiek Granadako kaleetan bidea irekiko dute. Alde zaharrerako ateak berriz Elvirako arkuak marraztuko du. Txiki sentiaraziko zaitu garai batean egurrezko atea zuen eraikin honek. Mairuentzat zoritxarrez porrotaren-arku bilakatu zen kristauek hiria indarrez hartu zutenean.

Kristauek elizak nonahi jartzearekin gustura gelditu ez eta musulman eta judutar erlijioetako fededunak erbesterazi zituzten. Nor etorri(ko) da kristauak botatzera? Izan ere, San Jeronimoen monasterioko laranjondoek aspaldian ez diote fraideren bati itzala ematen. Fruitu borobil distiratsuek euren gozotasuna lurrean mintzen dute usteltzeraino. Gerra erlijioso ustel horiek errepikatzea sahiesteko sortuko zuten beharbada Bakearen Zientziak gaia Granadako Unibertsitatean. Nork daki? Erlojuen orratzek erakutsiko digute nahi hori egi bilakatuko den.
    
Nik argi dudana zera da: Granada hitza, hiria bera bezala, gauza askotarako erabil daitekeela. Baina kontuarekin ibili behar da eskuetan leher ez dakizun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario