sábado, 23 de abril de 2005

DUT: Hamar urte lehen diskaz geroztik


«Imaginatzen duzu Mikel Laboa Helmet taldeko kantari berri gisa? Eta Henry Rollins bere taldea utzi eta Beti Gerla txalapartariekin batera?». Ba horrelakoak ziren Fermin Muguruzaren ustez 1995.urtean lehen diska kaleratu zuten bost hondarribiar hauek: Duten lehen lan luzea zen. Zerbait aldatzeko etorri ziren.


Izan ere jende asko Duten lehen diska hari esker hasi zen talde ?arraro? berriekin interesatzen. Esan liteke, Dut gabe Lisab?, Akauzazte edota Mizturarainoko bidea zaila izango zela askorentzat, baita hain esperimentalak ez diren beste talde askotarako ere (Kuraia adibidez). Lehen diska hura mugarria izan zen. Mugarri izan ziren besteak beste ?Legea hil?, ?Itxura faltsuak?, ?Zurrunbilo?, ?Ezjakintasunaren kateak suntsitu? edo Mikel Laboaren ?Urtsua uda?ren bertsio ahaztezina. Estilo nahasketaz, gorrotoa eta etsitasuna uztartzen zituzten letrekin, (nola ahaztu ?Zurrunbilo? kantako klaustrofobia?) Dutekoen lehen kolpea izan zen.


Kaki Arkarazorekin grabatu zuten, Amasako IZ estudioan duela hamar urteko apirilean. Kolaboratzaile ugari izan zituzten alboan, besteak beste Eneko BAP!!, Beti Muganeko Nagore, Kaki Arkarazo bera edo Illusionseko Be?ardo. Gonbidatu hutsak baino ezinbesteko piezak dira, soinuak bere osotasuna lortzeko beharezko gakoak.


Ekainean kaleratu ondoren Euskal Herrian, Katalunian eta Madrilen aritu ziren aurkezpen biran. Festimad erraldoian ere utzi zuten arrastoa baita Negu Gorriak teloneatzen Zaragozan, Valentzian, Parisen eta beste hainbat hiritan egindako kontzertuetan.


Geroztik zer? Hirukote bihurtuta beste bi diska kaleratu zituzten: ?At? (Esan Ozenki,1996) eta ?Askatu Korapiloa? (Esan Ozenki, 2000). Gainera Fermin Muguruzarekin batera kaleratutako ?Ireki ateak? (Esan Ozenki, 1997) arrakastatsua ere nabarmendu beharrekoa da. Gaur egun taldeko kideak beste proiektuetan murgilduta dabiltza: Joseba Ponce (baxua) eta Galder Izagirre (bateria) Kuraian ari dira eta Xabi Strubellek (gitarra) Anari eta Sorkunekin ibili ondoren Zura taldearekin ?Ilargi Handi Zauri Zarae? lana kaleratu berri du.


Hamar urte ez dira alferrik pasa eta 95ean hasi berriak ziren musikari horiek ezinbesteko erreferentzia bihurtu dira gaur egun. Hala ere, diskak hor geratzen dira, norbaitek entzuteko zain, eta Duten lan homonimoa bere garaian ezagutu ez zuenak orain du aukera bikaina. Merezi du.

1 comentario:

  1. Dut, aiiiii, barru barruan... zuen apostua, euskal musikak jaso duen ausartena. Betirako...

    ResponderEliminar