lunes, 4 de abril de 2005

Loft Morton: birziklapena arkitekturan


Birziklapena pil-pilean dagoen garai honetan, egitasmo honek elementuak berrerabiltzen ditu etxebizitza bat eraikitzeko; baina hau ez da goraipatu nahi dudana, arkitektura burutzerako orduan bestelako material eta elementuei so egitea baizik. Gaur egun dirudi etxebizitzen aukera zabala edozein egunkaritako gehigarrira mugatzen dela, burututako adibide eta tipologia ezberdinak baztertuz, gaur egun ere burutzen direnak, eta espero, etorkizun batean ere eginen direnak.


Loft Morton-i buruz ari gara kasu honetan, New York-en kokatua, 1999an LOK/EK Architects-ek burutua. Ez da lehen aldia Ada Tolland eta Giuseppe Lignanok gizarte postindustrialaren soberakinak erabiltzen dituztela bizitzeko espazio baten elementu garrantzitsu bezala. Autoak berebiziko garrantzia dauka egitasmo honetan, izan ere, etxebizitza sortu den eraikina solairu anitzetako aparkalekua zen.


Espazioa bi altueratara bilakatzea kamioi baten gasolina-ontziarekin egin zen. Ontzia bitan banatu zen, erdia goiko aldean jarri zen, hormatik hormara, bertan lo egiteko bi kapsula kokatzen direlarik. Ontziaren erresistentzia bi hormen arteko distantzia gainditzeko eta ez zen inolako euskarririk behar izan. Ontziaren beste erdia bertikalean kokatu zen, komunen nukleo bezala hartuta, bata gainean eta bestea azpian kokatuz. Lo egiteko kapsuletan atexkak trebatu dira, ur-mekanismo baten bidez eragiten direnak, sarbide nahiz aireztatze eta argiztatze prozedura bezala erabili daitezkeenak.


Giro industrialarekin jarraiki, instalazio elektriko, urezko eta bestelakoak kanpora begira jarri ziren, ureztodi euskarriekin, auto eta kamioietako hozteko sistemetan erabiltzen diren antzekoak hain zuzen ere. Goiko alderdira igotzeko, lo egiteko kapsulak dauden ontziak dauden lekuak, edozein fabrikatan ikusi daitezkeen burdinezko igarobideak erabili dira. Eraikinaren hasierako izaera zakarra mantendu da, hormen akabera eta zoru irregularra pintura industrialaz margotu delarik.


Bitan banatutako gasolina-ontzi bat nahikoa da egitasmo honetan etxebizitzaren espazioak banatzeko, zoritxarrez gaur egun hain erabiliak diren barruko hormak ekidinez. Etxebizitzak dauzkan erabilera ezberdinak oso modu ezberdinetan zatitu eta elkarlotu daitezke, gainera, kasu honetan arkitekturan ezohizkoak diren elementuak erabili dira, horrek gehiago aberasten duelarik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario